Itsasoaren emazteak ikuskizuna, bihar Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 9a, 10:50

Oinkari eta Hika teatroak bihar, hilak 14, 22:30etan hasita eskainiko dute Villabonako Olaederra kiroldegian “Itsasoaren emazteak” lanaren emanaldia. Sarrerak salgai daude Amasa kafetegian eta bihar bertan ere eskuragai izango dira Olaederra kiroldegian, 18:00etatik aurrera.

Ikuskizun honek, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bilduko dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi saretan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz.

Pozik agertu dira Eneko Arteaga Oinkariko arduraduna eta Agurtzane Intxaurraga, ikuskizuneko zuzendari eta aktore lanetan arituko dena. Ereko Arteagaren hitzetan, "ohore handiaikuskizun hau gure herrian eskaintzea. 38 urte darama lanean Oinkari dantza taldeak eta harro sentiarazten gaitu taldea noraino iristeko gai izan den ikusteak". 

Agurtzane Intxaurragak ere goraipatu zuen OInkariko dantzariek egindako lana: "Villabonaren tamainako herri batean horrenbeste jende dantzaren inguruan mugitzeko gaitasuna izatea ez da batere ohikoa. Oso maila handian ari dira eta ikuskizun honetan, dantza egiteaz gain, antzerkia ere egiten dute, eta oso ondo gainera. Oso gogor egin dugu lan, eta aberasgarria izan da. Gu profesionalki aritzen gara honetan, baina ez da hori dantzarion kasua, eta hala ere, disziplina eta gogo handiz aritu dira. Hori ikasgai handia izan da guretzat, ikusgarria".

Kostaldeko emakumeen bizimodua taularatuko dute larunbatean Olaederra kiroldegian. Pello Ramirezen musika, Agurtzane Intxaurraga eta Miren Gojenolaren interpretazio lana, eta Oinkari dantza taldeko gazteen jarduna izango dira ikusgai.

Sarrerak, salgai 10 euroren truke:

- Internetez, www.kutxasarrerak.com helbidean

- Amasa Okindegian.

- Egunean bertan, Olaederra kiroldegian, 18:00etatik aurrera. 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!