Ingo al deu? taldea lehen diskoaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 19:36

Geldirik darama azken hilabeteetan Ingo al deu? taldeak, lau urteko ibilbide arrakastatsuaren ostean. Ez dira geldirik egoteko jaio taldeko kideak, ordea, eta diskoa grabatzen hasteko asmoa daukate agudo. Taldeko ahotsetako bat den Jon Belokirekin hitz egin du Aiurrik. Disko berriaren aurretik, ordea, bideo klip berria aurkeztuko dute kantu baten bertsioa eginez.

Zergatik ahaztu dituzue eszenategiak bolada baterako?
Jon Beloki: Erritmo handia generaman azken aldian, eta indarrak ahitzen ari zitzaizkigula sentitzen genuen; asteburuetan bi kontzertu ere egin izan ditugu maiz, eta atsedena hartzeko beharra ikusi dugu, berriro indarberrituta ekiteko bideari. Egin kontu, ehun eta hogei kontzertu eman ditugula azken bi urteetan.  

Zein lekuetan eman duzue kontzertu mordo hori?
J.B.: Bi formatuko kontzertuak eman ditugu, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian gehienbat eta hiruzpalau Iparraldean zein Araban. Batetik, herrietako plazetan, dantzaldi gisa, bi edo lau ordura luzatzen zirenak. Bestetik, gaztetxe edo leku txikietan eta kontzertu gisakoak izan dira, negu partean gehienbat eta ordutik gorako iraupenekoak.
Une honetan, zenbatek osatzen duzue taldea?
J.B.: Sei taldekide gara oraintxe. Iaz, taldearen sortzaileetako bik, Imanol Iribarren (teklatua) eta Jon Eskuderok (ahotsa) taldea utzi egin zuten, eta haien ordez, hiru kide berri hasi ziren: Ane Galardi hernaniarra (ahotsa), Xabat Urkola anoetarra (teklatua) eta Jose Mari Zaldua zizurkildarra (kitarra). Itxura batean, handiak ziruditen aldaketak; elkarrekin moldatzea kostako zitzaigula pentsatzen genuen arren, arin-arin joan da dena zorionez. Entzuleek ere gogo onez hartu dituzte aldaketak.

Zer ekarri dizute aldaketa horiek?
J.B.:  Irabazteaz baino, aldaketaz hitz egin nahi genuke. Emakume baten ahotsarekin soinu desberdina lortu du taldeak, eta kitarra sartu izanak ere joko zabalagoa eman digu kantak osatzeko orduan.

Arrakasta lortu duen taldea da zuena. Jakin al liteke zein den zuen sekretua horretarako?
J.B.: Lau urteko bizitza besterik ez dauka taldeak, eta egia esan, suerte handiko taldea da gurea.
Kilometroak 2012ko kantak asko lagundu zuen taldearen izena zabaltzeko. Zer esanik ez Rosa, Rosa abesti-bertsioak! Bideoklipak jada 124.000tik gora ikustaldi eduki ditu youtuben! Taldea kontratatzeko hots egiten diguten askok, zera galdetzen digute telefonoz: “Zuek al zarete Ai seu te pego-ren euskal bertsioa jotzen duzuenak?”. Euskal Herriko eskoletako jaietan eta beste hainbat ekitalditan erabiltzen da abesteko edo koreografiak egiteko. Orain aurretik, esaterako, Asteasuko ikastetxean hango umeek egindako grabazioa utzi digute ikusteko; egundoko poza eragiten digute halako gauzek! Lorpen handia da hori, lagunartean eta txantxetan hasten den talde bat noraino irits daitekeen ikustea…
Bi abestien errealitate hori aitortu arren, egia ere bada taldea giro ona, umorea, freskotasuna…, transmititzen saiatzen dela eszenategietan; publikoak eskertzen du hori, eta  berarekin konektatzea lortzen dugu.

Eta hemendik aurrera zer?
J.B.: Laster bideoklip berri bat grabatuko dugu, bertsio batekin; Rosa, Rosa baino lasaiagoa izango da, baina honek ere harrera ona edukitzea nahi genuke.
Geroxeago, Gabonetan, disko baten grabaketan murgilduko gara buru-belarri. Gure lehenbiziko grabazio serioa izango da, geuk ekoiztutakoa R taldeko Iñigo Garrido teknikariarekin. Bederatzi kantu bilduko ditugu bertan, horietatik lau bat bertsioak izango dira, eta bospasei gureak, sormenezkoak. Geure betiko estiloko diskoa izango da, dantzagarria, bizia, plazetarako egokia.
Otsaila aldera kaleratzea espero dugu. Hortik aurrera, jendeak harrera ona ematea, eta kontzertuen ibilbideari berrekitea nahi genuke.

Ba al daukate etorkizunik plazetako dantzaldiek?
J.B.:  Krisi latza bizi da plazetan. Benetan zaila dago jendea dantzan jartzea, baina modu baikorrean ikusten dugu etorkizuna. Mundu horretan mugitzen gara eta konturatuta gaude geroz eta talde gehiago ari dela sortzen trikitixaren inguruan, musika eskoletatik irteten diren gazteek osatuta. Bide hori baita alternatiba bakanetakoa musika egiten jarraitu nahi badute.

Zer behar du talde batek gutxieneko oihartzuna eduki dezan plazetan?
J.B.: Ez da nahikoa besteen kantekin plazetan azaltzea. Publikoak eskertzen du zerorrek sortutako musika ere edukitzea.
Bestalde, premiazkoa da kontuan hartzea non eta noren aurrean eta zein ordutan zauden, errepertorioa aukeratzerakoan. Esate baterako, herri txikietan fandangoek, mexikanek…, eta antzekoek harrera ona eduki ohi dute. Hori bai, geure kasuan, geure nortasunari eusten saiatzen gara edozein gauza jotzera makurtu gabe. Lekura moldatzeko prest gaude, bai, baina ez edozein modutan. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!