Ikastolako atzoko eta gaurko ikasleen lekukotza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 19:35

1964-1965ean ekin zion ikastolako bigarren promozioko kide da Axun Almortzak; aurreko ikasturtean, Esteban eta Karlos anaiak hasiak ziren, aurreko urtean.  
Marta Ollakarizketak bere bizitzaren zati handia Ikastolara loturik eraman du; 17 urte bete zituen abuztuan, eta horietatik 15 egin ditu ikastolan.

Gu baino urtebete zaharragoak zirenekin batera bildu gintuzten gela berean. Normala zen nahasketa hori, herri txikietan osatzen diren gela unitarioen antzera. Anparo eta Arantxa Etxarrain ahizpak izan genituen lehen andereñoak. Denboran aurrera, gure ikastaldeak marka hautsi zuen ikastolaren historian, izan ere 14-15 urte arteko OHOko ziklo osoa bete zuen lehena izan baitzen”.
Ikastolak eta bere inguruko mugimenduak astindu egin zuten Andoainen kultur giroa. Horrez gain, hezkuntza munduan ere ekarri zuten berrikuntzarik. Maiz esan izan da, ikuspegi pedagogikotik, laborategiak izan zirela lehen urtetako ikastolen gelak, sagutxoak ikasleak. “Egia da euskaraz funtzionatzeko borondatez jaio zela ikastola, eta hori berez, bazen iraultzailea gaztelania hizkuntza bakarra zen sistema frankistaren baitan. Hala ere, erakunde berria zen, eta aurrekaririk eduki gabe martxan jarri diren egitasmo askoren antzera, finkatu gabe zeuzkan arauak, funtzionamendua, metodologia eta beste hainbat alderdi. Testuinguru horretan, maisu eta andereño bakoitzak bere metodo edo estiloa ezarri zuela esango nuke, ahal zutena eginez; horretan, noski, igartzen zen andereño zaharragoek gehiago heltzen ziotela betidaniko sistema autoritarioari eta zigor sistemari, gazteagoek baino. Argi dago gaur egungo ikastolak ia ez daukala zerikusirik gurearekin”.
Lau urteko haurra ikastolan matrikulatu ala ez. Zalantzak sortzen zitzaizkien guraso askori Andoainen, “bazegoen beldur hori, legez kanpo egoteagatik frankismoak titulazioak ukatuko zizkiela. Eta bestetik, inork ez zekien eskola berri horretan zer irakatsiko ote zieten haurrei. Ezagutzen ditut euren haurra lurrean ez ikusteagatik, beste eskoletara eraman zuten gurasoak; berogailurik gabe lur hotzean egoteak gaixotasunak eragiten zituela esaten zuten”.
Guraso askok ikastolan eduki zuten fedea nabarmendu nahi du Axunek: “Andoainen esaterako, Berrozpe edo La Salle bezalako eskolak zeuden konpetentzia egiten; serioak izatearen ospea zeukaten, baina hala ere, esan behar da guraso askok arriskatu egin zutela, gu ikastolan matrikulatuta”.  
Ikasgelaz kanpoko ekintzei garrantzia handia ematen zitzaien ikastolan; euskara eta euskal kultura kalera ere zabaldu nahi izaten zen, Axun Almortzak adierazi duenez. Ikastolaren inguruan komunitate euskaltzalea sortu zen: “Kanpaldiak, antzerkia, desfileak, dantza… Dantza, esaterako, orduantxe osatu berria zen Lizar Makil dantza taldeko kideek erakusten ziguten, Mari Kontxi Arregik, besteak beste. Gu baino bi edo hiru urte zaharragoak izaten ziren. Azken batean, zekienak nolabaiteko kulturaren transmisioa egiten zion ez zekienari”.     
Txistua eta kaikua ikastolen sinbolo bihurtu ziren 60 eta 70eko hamarkadetan, eta makina bat ikaslek ikasi zuten musika instrumentua jotzen. Baita Axunek ere. “Jose Luis Etxeberria eta Jesus Mari Otamendi genituen txistu irakasle. Kuriositate bezala, esan dezaket ezkerreko eskuz jotzen zen arren ni ez nintzela arau horretara moldatu sekula, eskuak txikiak nituelako-edo. Eskuinarekin jotzen nuen, eta ezkerra txistuari eusteko erabiltzen nuen”. 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzeko asmoz, biltzea erabaki dute orduko zenbait txistularik.    Beso bat minduta geratu zaioenez, Axunek ezin izan zuen parte hartu. Pena dauka horregatik, baina bestalde, pozik da iraganeko ikastolako espiritu hura bizitu ahal izan duelako berriro entseguetan, ikaskide eta lagun zaharrekin batera.

MARTA OLLAKARIZKETA
“Bi urterekin hasi nintzen 1998an, Amalia Gerrero eta Marisol Ruiz andereñoekin, eta batxillergoko azken ikasturtea egiten ari naiz bertan. Irakasle ugari izan ditut, bai ikastetxe txikian zein nagusian, eta denekin ere gustura jardun dut”.
Beste ikastetxeren batera joatea egokitzen zaio hurrengo ikasturtetik aurrera Martari. “Oraindik ez dut ideia argirik, zein bidetik jo”. Ia-ia bere bigarren etxea izan dena utzi beharrak sentimendu kontraesankorrak eragiten dizkiola aitortzen du: “Batetik, ikastetxe berri bat ezagutzeko gogoa badut, baina bestetik, ni baino zaharragoek zera esaten didate: probesteko bertan geratzen zaidan denbora urria, ikastolan bezala ez omen da inon bizitzen!”.   
Pena ematen dio agur esan beharrak; “oroitzapen gozoekin irtengo naiz bertatik”.
Marta, bere familiak ikastolarekin erakutsi duen fideltasunaren ispilu da; familiak kultur integrazioz daukan ikuspegi zehatz baten eredu. “Nire amaren aldeko aitona eta amona, Silvio Solana eta Rosario Bello, Extremaduratik heldu ziren Andoainera. Zortzi seme-alaba izan zituzten eta denak gaztelaniaz hezi zituzten. Hala ere, horiek gero guraso bihurtu direnean, euren seme-alabak ikastolara bidali izan gaituzte; eurek eduki ez zuten aukera guri emango zigutela pentsatu zuten era horretan. Kontuak ateratzen hasita, hamalau hamairu biloba gara Andoaingo ikastolako ikasle!
Balleta, eskubaloia, boleibola, haurren kirol entrenatzailea,... Une honetan, futbolari eskaintzen dio eskolaz kanpoko denbora, Urnieta KE taldean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!