Itsasoaren emazteak izeneko ikuskizuna gorde nahi izan dugu aurkeztera gatozen CD/DVD honetan. Lehenengoan Pello Ramirez musikariak emanaldirako espresuki egindako abestiak izango dituzu entzungai. Abesti bakoitzak duen indarra eta sentimendua, DVDtik kanpora ere, CD batean gorde nahi izan dugu, doinu bakoitzak bere horretan itsasoan murgilduko zaituelako. Bigarrenean aldiz, uztailean Leidorren (Tolosa) Oinkri dantza taldeak eta Hika teatroak estreinatu zuten emanaldia izango duzue ikusgai oso-osorik.
Ikuskizun honek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu. Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bildu dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi sareetan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz. Kresal usaineko emakumeen historia da gurea. Haien begietatik dantzatu nahi izan dugu, euren ahotatik kantatu, edota euren esku minberatuen azal gazitik hitz egin. Itsasoaren emazteak dira, kostaldeko bizitzaren piper eta gatza. Saregileak ofizioz, sardinerak afizioz...
Nondik atera zen Itsasoaren inguruan emanaldi bat osatzeko ideia?
Hasieratik izan genuen oso garbi emanaldi berriak hiru zutabe nagusi izango zituela: dantza Oinkari dantza taldearen eskutik, dramaturgia Agurtzane Intxaurragaren eskutik eta zuzeneko musika Pello Ramirezen eskutik. Lehen bilera haietako batean, hiru aldeak mahai inguruan eserita geundela, Pello Ramirez, buruan dantzan zituen doinu batzuk jotzen hasi zen. Begiak itxi eta guztiok sentitu genuen itsasoaren olatuen joan-etorria. Musika hark itsasoratu gintuen. Nota haiek aurkeztu ziguten emanaldiko gaia zein izango zen.
Nola joan da dantza talde herrikoi baten eta artista profesionalen arteko elkarlana?
Primeran. Hain zuzen ere, Agurtzane Intxaurragarengana jo genuen salto kualitatibo bat emateko beharra sentitu genuelako. Beraz uztartze hori oso modu naturalean eman da. Izan ere, Agurtzanek argi ikusi zuen Oinkariko dantzariek urte hauetan maila tekniko handia lortu dutela eta batez ere ilusioz eta gogo handiz egiten dutela lan. Horrexek bultzatu zuen ekoizpenean ere HIKA bezala parte hartzera. Tolosan eszenatokian erakutsi zenak, ikuslea zeharo hunkituta eta harrituta utzi zuen.
Zer eman dio Pello Ramirezek proiektuari?
Dantza eta antzerkia uztartzea izan da erronkarik handiena agian, baina Pelloren doinuak ezinbestekoak izan dira bide onera iristeko. Alaitasuna, indarra, tristura, goxotasuna, ekintza, guzti honetatik dute bere doinuek. Eta begiz zein belarriz istorioa osatuz doa. DVDaz gain CDa argitaratzeko arrazoi ezinbestekoa izan da hau, abesti bakoitzak emanaldira gerturatzen baitzaitu konturatu ere egin gabe. Irudirik gabe ere, itsasoaren kresal usaina barruraino sartzen zaizu.
FITXA TEKNIKOA
Dantzariak: OINKARI Dantza Taldea
Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga
Dantza garaikideko koreografoa: Maider Oiartzabal (Kukai Dantza Konpainia) / Hika Teatroa Aholkularitza koreografikoa: EK-ia Kolektiboa / Kukai Dantza Konpainia
Musika originala eta zuzendaritza: Pello Ramirez
Musikariak: Angel Unzu,Xabier Zeberio, Fredi Pelaez eta Pello Ramirez
Aktoreak: Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga
Soinu diseinua: Mikel F Krutzaga
Argien diseinua: Xabier Lozano
Eszenografia diseinua: Miren Intxaurraga
Jantzien diseinua: Azegiñe Urigoitia
Diseinu grafikoa: Atelier Laia
Argazkiak: Karlis Medrano eta Javier Vazquez
Talde teknikoa: ABS Iluminación eta Soinua
Produkzio zuzendaritza: Alazne Gurrutxaga eta Eneko Arteaga (Oinkari)
Produkzioa exekutiboa: Iker Ugalde
Eszenografia errealizazioa: Eskenitek
Ikuskizunaren bideoa: Aeroclick