Azoka koloretsua Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:40

Kultur asteari amaiera emateko, azoka berezia egin zuten lehendabizikoz Adunan azaroaren 24an. Hotzari aurre eginez, hainbat postu jarri zuten pilotalekuan herriko artisau eta baserritarrek; giro ederra sortu zen goizean zehar.

Goizeko 10:00etan zabaldu zuten azoka. Sagardoa, baratzeko produktuak, ogia eta goxoak edota landutako harriak ekarri zituzten herritarrek. Euskal Herriko beste herri batzuetatik postua jartzera gerturatu zenik ere izan zen eta haiei esker, ardoa eta gazta erosteko aukera izan zuten adunarrek, besteak beste. Eskolako haurren gurasoek ere, izan zuten euren lekua azokan; sagardoa edota ardoa edan ahal izateko edalontziak jarri zituzten salgai.

Sagardoaren bidea
Eguerdirako, jende asko bildu zen pilotalekuan. Azoka gunean izan ziren, baita ere, herriko musikari gazteak. Trikiti zein dultzaina doinuekin giroa berotzen lagundu zuten. Herriko sagardogileek, gainera, sagardoa nola egiten den erakutsi zieten bertaratutako guztiei; sagarrak biltzetik hasi eta fruituei zukua ateratzera iritsi arte. Haurrek adi-adi jarraitu zuten prozesu osoa.

Esker-onez
Eguerdian, Josu Amilibia alkatea igo zen pilotalekuan jarritako oholtza gainera, hondakinen bilketa sistema berriaren inguruan hitz egiteko. Eskerrak eman zizkien herritarrei, sistema berrian parte hartzeagatik, eta herri-langileak ere gogoan izan zituen: “Badakigu lan-karga handitzea suposatu diela sistema aldaketa honek eta eskerrak eman nahi dizkiegu erakutsitako borondateagatik. Udalaren izenean, oroigarri txiki bat eman nahi diegu eskertza moduan Jabier Mugika, Joxe Manuel Arzallus eta Joxe Martin Mendizabal herri langileei”. Herritar guztien ordezkari gisa, adunarrik helduenak eta gazteenak jaso zuten Udalaren oroigarria. Juan Artolak eta Adei Aburuzak izan zuten ohore hori. Ekitaldiari amaiera emateko, nahi zuen orok izan zuen herrian bertan egindako konposta jasotzeko aukera.  

Babarrun lehiaketa
Goizari amaiera emateko, babarrun lehiaketa egin zuten eguerdian. Zortzi herritar animatu zen babarrunak prestatzera: Justino Zubeldia, Joseba Aburuza, Iñaki Ormaetxea, Lourdes Bereziartua, Joxe Mari Sarasola, Kristina Rodriguez, Urtartza jatetxeko ordezkariak eta Urritza jatetxekoak. Azken hauek jaso zuten lehen saria. 14:00ak aldera, azoka ixtear zela, lehiaketara aurkeztutako babarrun horiek dastatzeko aukera izan zuten bertaratutako guztiek.

Eider Ezeiza, xilografia
Arte ederrak ikasi zituen Eider Ezeiza adunarrak eta ikasle garaietan hasi zen xilografia lantzen. Bere lanak jarri zituen ikusgai azokan.
“Egurrezko oholak erabiltzen dira xilografia egiteko. Egurraren gainean nahi dugun irudia sortzen dugu, erliebea emanez. Tinta erabiliz, egurrean tailatutako irudi hori paperera pasatzen dugu ondoren. Prentsa bat erabiltzen dugu horretarako”.

Prozesua, bertan
Adunako azokan, prozesua bertatik bertara ikusteko aukera eskaini zuen Eiderrek eta azken urteotan sortuz joan den lanak ere jarri zituen ikusgai. “Azokarako bereziki sortutako xilografia bat ere ekarri dut. Libre eguna pasa berri dugunez, ospakizun hori gogoratzen duen logotipoa xilografiatu dut. Bertaratzen diren guztiek dute irudi hori paperera pasatzeko aukera”, zioen Eiderrek haurrez inguratuta. “Ohol bakoitzeko irudia ahalik eta paper gehienetara pasatzea da xilografiaren helburu nagusia eta horretan ari gara. Haurrak inguratu dira nire postura eta haiei erakusten ari naiz”, gaineratu du.
Aukera ezberdinak ematen ditu xilografiak: “Irudia paperera pasatzea izaten da ohikoena. Paper berezia erabiltzen dugu; pixka bat busti behar da prentsan sartutakoan puska ez dadin eta tinta ondo xurga dezan. Paperean ez  ezik, oihal gainean ere landu daiteke xilografia. Horretarako, tinta berezia erabili behar da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!