Aiurri aldizkaria abian da berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:39

Hilabeteko lan etena egin ostean, joan zen azaroaren 21ean itzuli ginen berriz ere lanera Aiurriko langileak. Martxan gara berriro, aldizkari hauxe horren adierazle.

Krisiaren zurrunbiloak harrapatuta, urtea amaitzeko nahikoa baliabide ekonomikorik ez zegoenez, Aiurri hamaboskari nahiz astekariak eta webguneak hilabeteko etena egin zuten joan zen urrian. Hainbat erakundek bideratutako diru-laguntzek nahiz aldizkarian txertatutako publizitateak behera egitearen ondorioz, zorretan sartu aurretik, argitalpenen arduradun zen Manuel Larramendi Kultur Bazkunak erabaki gogor hori hartu beharrean aurkitu zuen bere burua. 2012ko eta 2013ko galeren metaketak behartuta hartu zuen aipatu erabakia. Izan ere,  ekimenari dagokionez, Aiurrirekin aurrera egiteko asmoak sendoak izan baitira. Horren isla 2013ko Sanjuanetan eta Santiotan argitara eman zen argitalpen eraberritua.
Zailtasun ekonomikoak, ordea, ez ziren desagertu eta neurri gogorragoak hartu aurretik hilabeteko etena egitea erabaki zuen Larramendi Bazkunak.

Aldaketa nagusiak
Hilabeteko etenaldian 2014a bermatzeko lanek ez dute etenik izan. Diru-sarrerak nahi adina haziko ez direla aurreikusita, gastu orokorrei eusteko Larramendi Bazkuneko lanpostua desagertu egingo da. Erroitzeko langileen mesedetan hartu du erabaki hori Larramendi Bazkunak, Aiurriko lan taldean neurri gogorragoak hartzea saiheste aldera. Aiurriko langileek, beraz, Bazkunak hartu duen neurria eskertu egin nahi dute.
Ez da hori datorren urteari begira emango den aldaketa bakarra. Beste bi gehiago ere azpimarratu beharko lirateke: Batetik, orain artean Larramendi Bazkuna zen Aiurriko argitaratzailea, eta Aiurriko lan taldea (Erroitz enpresako enplegatuak) ekoizlea. Bada, aurrerantzean Aiurri-Erroitz bilakatuko da Aiurri hedabideen argitaratzaile eta ekoizle. Hots, ardura eta ekoizpen prozesu osoa langileen esku geratuko da. Besteak beste, lantaldeak aurrerantzean diru-laguntzen kudeaketa edota harpidetza-sarien kobraketa egin beharko ditu.
Bestetik, bigarren aldaketa, sosak aurreztu asmoz, Zizurkilen (Bulandegi bidean) eta Urnietan (Errekalde auzoan) Larramendi Bazkunak zituen bi egoitzak itxi egin direla. Etenaren ostean, Andoaingo Arantzibia plazako egoitzan hasi gara lanean langile guztiak. Hamaboskariari lotuta, lehen Zizurkilgo bulegora gerturatzen ziren harpidedun eta herritarrei bidea erraztu nahian, esaterako, zorion-agurren baterako argazkia utzi nahiko baligute, Amasa-Villabonako Amasa okindegian utzi eta guri jakinaraz diezaguketela aurreratu nahiko genuke. Gainerakoan, hamaboskariko kideekin harremanetan jartzeko bideak hauexek dira:

Helbidea: Arantzibia plaza, 4/5 behea. 20140 Andoain. Telf.: 943 300 732. Faxa: 943 300731.
Erredaktoreak: arozena@aiurri.com | gil@aiurri.com
Diseinua: diseinua@aiurri.com
Publizitatea: publizitatea@aiurri.com
Idazkaritza: idazkaritza@aiurri.com.

www.aiurri.com gunea ere abian
Aiurriz hitz egiten dugunean, oro har, paperezko argitalpenez hitz egiten dugu gehienetan: hamaboskaria dela, dela astekaria… Aipamen berezia egin nahiko genioke oraingoan egunero eguneratzen eta elikatzen dugun www.aiurri.com guneari ere. Paperezko edizioak bezalaxe, etenaren ostean abian da aipatu gunea azaroaren 21az geroztik.
 

Hamaika langile
Hauexek osatzen dugu Aiurri hamaboskari nahiz astekaria (eta webgunea) bideratzen dugunon lan taldea:

Erredaktoreak
Astekaria
    Jon Ander Ubeda (lan egun osoz)
    Xabier Lasa (lan egun erdiz)
Hamaboskaria
    Ainhoa Arotzena (bi herenez)
    Ainhoa Gil (lan egun erdiz)
Bestelako lanak
Astekari eta hamaboskarian
    Garbiñe Ugartemendia idazkaria (hiru laurdenez)
    Fernanda Irazu publizista (hiru laurdenez)
    Maddi Trutxuelo maketatzailea (lan egun osoz)
Ordukako langileak:
    Karmele Zubiria garbitzailea
Banatzaileak
Astekaria
    Gaizka Bernardo, Urnieta
    Mikel Arregi, Andoain
Hamaboskaria
    Garazi Altuna, Aiztondo
    Mikel Arregi, Andoain

______________________________________________________
Aiztondoko Udalok Aiurrirekiko konpromisoz, gauzak argituz

Aiurri hamaboskariko azken alean agertutako informazioen ostean, Aduna, Asteasu, Larraul, Villabona eta Zizurkilgo Udalok hainbat zehaztapen egiteko beharra sentitu dugu, ondoko gutun honen bidez egin nahiko genituzkeenak.
Hasteko eta behin, komeni da esatea bi urte pasa direla, 2011ko udazkenean, Larramendi Bazkunarekin lehen batzarra egin genuenetik.  Egoera zaila bizi zutela esan ziguten, Larramendi Bazkunak pilatutako zorra tarteko. Euren zorraren arrazoiak azaldu nahi ez badituzte ez gara Udalok horretan hasiko baina zehaztapen hori egitea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
2011tik hona, bi urteotan, hamaika batzar izan ditugu, Aiztondoko Udalok saiatu gara elkartu eta jarrera bateratua izaten, mintzakidetza errazteko.  Bi oinarri izan ditugu hasieratik: Aiurrirekiko konpromisoa eta diruen kudeaketa zorrotza egitea. 2011ko amaiera hartan, Larramendi Bazkunak produktu berri bat aurkeztu zigun: Andoain-Aiztondoko hamaboskariaren ordez, Urnieta ere barnean izango zuen bat, egunkari formatuan. Udalok, ulergarria den gisan, beste herri bat sartzearekin zalantzak agertu genituen eta orain arteko produktuari eustea posiblea ote zen galdetu genuen. Baina ez genuen inoiz produktu bateratu hori ukatu, beste bide batzuk lantzea bideragarri ote zen galdetu baizik, Aiurrik jasotzen zituen dirulaguntzek horretarako bidea ematen zutelakoan. Horrez gain, lehen bilera horretan bertan eskatu genion Larramendi Bazkunari bere proiektuetan Aiurri lehenesteko, Aiurrirako erabiltzeko horretarako jasotzen zituzten dirulaguntzak. Zoritxarrez oraintxu arte erantzun argirik jaso ez duen eskaria izan da.
Izan ere, Aiurriren egoera gordina bazen, Udalok argi esan genien horrela zela Udalena ere, dramatikoa ere bai zenbait kasutan. Eta hala ere, egia zera da: Urtez urte Aiurriren dirulaguntzak eustea lortu dugula idatzi hau izenpetzen dugun hainbat Udalek, eta jaitsi behar izan zaien kasuetan, herriko beste taldek, festa batzordek eta abarrek baino jaitsiera txikiagoa izan duela Aiurrik. Guk argi eduki baitugu beti eta lehen momentutik esan diegu: Aiurri hamaboskariak ematen duen zerbitzuari eustea lehentasun dugu. Denbora tarte honetan, Tolosaldea Garatzenen bidez, jakinarazi ziguten Tolosaldearen esparruan lanean zeuden euskarazko 4 hedabidek bateratze prozesuari ekin ziotela, orain gutxi Ataria proiektuan gauzatu dena. Udalok ez genuen zalantzarik egin proiektu hau ere babesten. Gehienok, lehen aparte laguntzen genituen Txolarre irratia, Hitza, 28 kanala… Orain bateratzeko lanetan hasita nola ez ditugu lagunduko? Zer eskatzen digu Larramendi Bazkunak, euskarazko hedabide horiei laguntza ukatzea?
Esandakoa zehaztuz, bada datuak mahai gainean jartzeko garaia. Aurten Aiurri hamaboskariak, berak  bakarrik, 3 hedabideren proiektu bateratuak adina diru jaso du ia. Aiurri hamaboskaria izanik, berrogei mila euro jaso ditu Aiztondoko udalen eskutik; egunkaria, astekaria eta irratia batzen dituen Atariak berriz berrogeita lau mila euro. Alegia, bai Atariari eta bai Aiurriri launa euro eman dizkiogu biztanleko. Honenbestez, zortzi euro inguru ematen dizkio Aiztondoko udal bakoitzak euskarazko tokiko komunikabideei. Zenbat Udalek ematen dute laguntza hori Euskal Herrian? Ez al da hori konpromisoa izatea?
Bateratzearen berriarekin batera noski, Atariaren aurrean Aiztondoko Udalok Aiurriren gaia mahai gainera atera genuen, eta hilabeteotan bi aldeei eskatu diegu, bai Atariari eta baita Aiurriri ere, elkarlan bideak lantzeko. Logiko ikusten dugu lehian ibili beharrean osagarritasunaren bidetik jotzea. Guk argi duguna euskaraz gure herrietako berri emango digun zerbitzuari orain arteko kalitatez eutsi nahi diogula, eta ahal bada hobetu. Aiztondoko Udalok, gure aldetik, bi hedabideen artean  zubi lanak egiteko prest gaude.
Amaitzeko, gure konpromisoa berresten dugu Aiurrirekin, eta orain arte moduan ahaleginak eta bi egiteko asmoa ere bai. Aiurriko lan taldeak urteotan erakutsitako profesionaltasuna txalotzen dugu, eta ziur gaude guztiok nahikoa Aiurri, barne-indar, izango  dugula elkarlanean aurrera egiteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!