Musika lanbide eta bizibide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:35

Larraitz Oiartzabal eta Eneko Nuño andoaindarrak umetan murgildu ziren musika munduan. Etxetik datorkien zaletasuna ogibide bilakatu da bikotearentzat. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan ari da Larraitz eta biola irakaslea da Eneko. Euren ibilbidearen berri eman dute:

Etxean jaso zenuten biek ere musikarekiko zaletsuna...
Larraitz Oiartzabal:
Nire kasuan, aita musikaria da eta aitona zena ere halaxe zen. Musika lanbide dugunetako gehienok, etxean jaso dugu zaletasun hori. Txiki-txikitatik barneratzen dugu musika eta ikasketetan aurrera goazenean, oso garrantzitsua da etxeko babesa izatea. Goi mailako musika ikasketak oso garaiz hasten dira; hamabost urte inguru dituzunean buru-belarri aritu beharra daukazu eta oso adin zaila da hori. Instrumentu batekin trebatzeko, gainera, behar-beharrezkoa da gorputza ahalik eta azkarren horretara jartzea, giharrak lantzen joateko. Etxekoen babesa oso garrantzitsua da bide horretan. Hala ere, esan beharra dago musikari profesional askok ez duela aurrekaririk etxean.
Eneko Nuño: Nire kasuan ere, etxetik datorkit zaletasuna; ama piano-jolea da eta etxean beti bizi izan dugu musika giro hori. Oso lagungarria izan da mundu honetan aurrera egiteko garaian. Ordu asko eskaini behar zaizkie musika ikasketei; mugimendu asko mekanizatu behar dira eta diziplinatua izan beharra dago. Etxekoren bat musikaria denean, oso ondo ulertzen du bizitzen ari zaren egoera hori eta bidea errazten dizu.

Non egin dituzue zuen musika ikasketak?
L.O.
Andoaingo Musika Eskolan egin nituen lehen ikasketak. Hamairu urte inguru nituenean Donostiako kontserbatorioan hasi nintzen eta han egin nituen goi mailako musika ikasketak. Biolin eta ganbara musikako tituluak atera nituen bertan. Froga batzuk pasa eta Alemaniara joateko aukera izan nuen ondoren. Han egin nituen lau urte, ikasketak osatuz eta kontzertuak eskainiz.
E.N. Nire bidea ere oso antzekoa izan zen. Barakaldokoa naiz eta Bilbon hasi nituen musika ikasketak. Musikako goi mailako ikasketak, berriz, Donostian egin nituen eta bertan ezagutu genuen elkar Larraitzek eta biok. Elkarrekin gabiltza geroztik. Alemaniara ere elkarrekin joateko aukera izan genuen.

Musikari profesionalak zarete biok...
L.O.
Bai, adinean aurrera, Alemanian geratu edo etxera itzultzeko erabakia hartu behar izan genuen. Gure kultura, gure familia..., dena hemen dago; Alemanian xurgatu beharreko guztia xurgatu, eta hona etortzea erabaki genuen. Etxera itzultzearekin batera, deialdi ezberdinak atera zituzten. Nire kasuan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan biolina jotzeko frogak egin nituen eta postua ateratzea lortu nuen. Hantxe ari naiz gaur egun ere.
E. N. Ni, berriz, Gasteizen biola irakasle izateko deialdira aurkeztu nintzen. Frogak gainditu, eta irakasle lanetan dihardut. Oso momentu egokian itzuli ginen Alemaniatik; deialdiak atera ziren eta gainditu egin genituen. Gaur egun ez da horrelako aukera askorik sortzen, baina garai hartan, oso ondo egokitu zitzaigun.
L.O. Bestalde, gure bizimodua musikari lotuta egon da beti, eta halaxe izaten jarraitzen du gaur egun ere. Aldaketa nabarmen bat izan du hala ere; bi haur txiki ditugu orain eta horrek beste mundu batera zabaltzera eraman gaitu. Lanaldi murriztua eskatu dugu biok eta denbora gehixeago dugu beste gauza batzuetarako.

Ahalegin handia eskatzen al du musika munduan lan egiteak?
L.O.
Bai, profesional mailara iritsi aurretik lan handia egin behar da. Ordu asko eskatzen ditu eta oso garbi eduki behar duzu zein den zure helburua. Orain, musika da nire lanbidea, baina lanordu horietatik kanpo ere, beste hainbat ordu eskaini behar dizkiot biolinari etxean. Ibilbide horretan, bestalde, oso ohikoa da lesioak izatea; gihar eta tendoiek oso lan errepikakorra egin behar izaten dute eta normala da inoiz edo behin min hartzea. Nik biolina jotzen dut eta Enekok biola; gure kasuan, oso garrantzitsua da eskuak ondo zaintzea eta postura egokiak mantentzea. Kirolariek bezela, musikari profesionalok ere forma onean egon beharra daukagu.
E.N. Oso ezberdina da musika zaletasun moduan bizi edo profesionalki horretan aritzea. Profesional bat pieza bat jotzen ari denean ezin du hutsik egin eta horrek, sufrimendua ekartzen du. Entsegu ordu asko eskaini behar zaizkio eta lan handia egin behar da piezak ondo prestatzeko; hori baita gure betebeharra. Sufrimendu horretan murgilduta zaudenean, badakizu prestaketa prozesuaren amaieran poza etorriko zaizula eta jotzen ari zarenarekin gozatu egingo duzula, baina bitartean, ordu askotako lana dago.
Biola irakasleren ikuspegitik, badakit nire ikasleetako asko ez direla profesional mundura iritsiko, baina bidean aurrera egiten laguntzen diet musikak beste gauza asko erakusten dituelako: diziplina, gozamena, etab. Musika zaletasun gisa bizi duenak sufrimenduari muga jar diezaioke; ez da horretatik bizi, eta berak erabaki dezake musikari zenbat denbora eskaintzeko prest dagoen.
L.O. Bestalde, ez da batere erraza profesional moduan musikan aritzea. Guk zortea izan genuen Alemaniatik itzuli eta berehala bi postu horien deialdia zabaldu eta ateratzea lortu genuelako. Orain, berriz, oso deialdi gutxi ateratzen da.

Euskadiko Orkestran ari zara Larraitz, zer nolako harrera izaten dute zuen kontzertuek?
L.O.
Ez dugu kexatzeko arrazoirik. Urtean bi kontzertu ematen ditugu Donostian eta Kursaaleko aretoa bete egiten da. Adin guztietako jendea joaten da eta poz handia ematen du hori ikusteak. Musika gozamenerako bide bat da eta gu horretan saiatzen gara. Kontzertuetara joan eta jendeari sentimendu bat eragin diozula edota bere eguneroko arazoak ahazteko modua eman diozula ikustea oso pozgarria da. Azken finean, musika oso emozionala da eta gure helburua musika hori entzuleengana iristaraztea da. Urtean kontzertu finko sorta bat izaten dugu eta harrera ona du.
E.N. Jendeak artelanak ikusi nahi dituenean museora joaten den bezala, orkestrak musika entzuteko aukera ematen du. Musikook konposatzaile batek egindako lana interpretatu behar dugu. Teknikoki zehaztasunez aritu behar dugu, baina emozioak transmitituz. Konposatzaile batek duela berrehun urte sortutako piezak hunkitu egiten gaitu, gizakion funtsa ez delako batere aldatu; sentipen berberak ditugu orain eta duela berrehun urte bizi zirenek. Musikaren helburu nagusia gozatu araztea da eta horretan ahalegintzen gara musikari guztiak.

Atzerrira joateko beharra
Lau urte pasa zituzten Larraitzek eta Enekok Alemanian. Musika munduan aurrera egiteko atzerrira joatea beharrezkoa ote den galdetuta, erantzun garbia eman du Larraitzek:
“Ez nuke esango beharrezkoa denik; kontserbatorio onak daude hemen eta Musikene ere hor dago. Hala ere, gomendagarria eta aberasgarria dela esango nuke. Alemaniara joatea oso aukera polita izan zen guretzat. Kolonian, Essenen eta Stuttgarten ibili ginen ikasten eta oso urte intentsoak izan ziren. Musika munduan buru-belarri murgilduta ibili ginen. Horrez gain, etxetik kanpora bizitzea, jende ezberdina ezagutzea, beste hizkuntza bat ikastea, kultura ezberdin batean murgiltzea..., hori guztia oso interesgarria da”.
Enekok ere ondo gogoan ditu Alemaniako bizipenak: “Alemania oso aberatsa da musika munduan. Konposatzaile handi asko bertan jaiotakoak dira eta asko ikasteko aukera izan genuen. Musikan murgilduta ibili ginen buru-belarri. Laukote bat osatu eta kontzertuak eskaini genituen. Lehiaketak, ikastaroak, kontzertuak..., gure bizimodua musikaren inguruan moldatu genuen Alemaniako egonaldi hartan. Beka bati esker egin ahal izan genuen ikasketa bidaia hura eta eskertzekoa izan zen. Gaur egun, murrizketa handiak egin dituzte alde horretatik eta pena da. Gurea bezalako beka batek ez du dirutza handirik suposatzen, eta bizitza osoan zurekin eramaten den eta eskertzen den zerbait da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!