Agustin Laskurain, herria bizi duen atabalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:32

Atabalari gisa nahiz herrian antolatzen dituen beste hamaika ekintzagatik ezaguna da Agustin Laskurain. Bere ofizio nahiz afizioen berri adierazi du ondorengo elkarrizketan.

Txistulari familiako kide zara. Txistularia zen Martin aita, baita lehenagoko senideak ere…
Birraitona ere bai; txistularia ez ezik, txistugilea ere bazen. Antzuolakoa zen izatez, baina Irurara ezkondu zen gerora. Aitona eta haren anaia guztiak txistulariak ziren. Anaietako bat, Bonifazio, txistugilea ere izan zen. Udaleko txistulari plaza atera zuen Bergaran eta bertara joan zen. Anaia zaharrena, berriz, Argentinara. Nire aitonak, berriz, Villabonako txistulari plaza atera zuen.
Aita ere txistulari izan zen, aurrekoak bezala. Hala ere, txistuarekiko lotura ez dut aitaren aldetik soilik jaso; amaren aldetik ere txistulariak bai baititugu familian: etxeberriatarrak. Osaba Jose Luis andoaindarra duela bi urte erretiratu zen Andoaingo txistulari bandatik.

Ahaideak txistulari, baina zu atabalari zara. Nolatan ez zenion zuk ere txistuari eutsi?

Duela 45 bat urte, aitak taldetxo bat sortu zuen herrian eta ni ere bertan hasi nintzen. Atabalaria falta zelako ekin nion atabalari. Kostata hasi nintzen, –aitaren kankarreko batzuk jasota–, baina gauzak nola diren: nire lan eta ogi bihurtu da gerora atabala.

Nork irakatsi zizun atabala jotzen?
Juanito Martinez de Lezea tolosarrak erakutsi zidan. Bere aita billabonatarra zen, Migel Martinez de Lezea Laskurain. Lezeatarrak beste dinastia bat direla esaten da, baina egiaz, haiek ere laskuraindarrak dira.
Nik Juanitorekin ikasi nuen atabala jotzen. Zortzi urterekin hasi nintzen eta aurrena, Villabonara etortzen zen bera; Tolosara joaten nintzen gero ni. Urte batzuetan Tolosako txistulariekin jo nuen, baina era berean, herrian, Villabonan ere jotzen nuen aitaren taldetxoarekin. 8 urtetik 17ra herriko ekitaldi askotan hartu nuen parte: dianak, herriko festak, buruhandiak…
15 urterekin Donostiara joaten hasi nintzen, atabalari faltan baitzeuden. Villabonako txistulari izan zen Juanito Gurrutxaga Laskurainek harreman handia zuen Donostiako txistulariekin eta bere bitartez hasi nintzen Donostian atabala jotzen.

Donostiako txistulari bandako atabalari zara. Egun oso ohikoa ez bada ere, antzinako ofizioa da zurea!
40ko hamarkadan, oso garrantzitsua zen txistulariaren figura. Herri guztietan izaten ziren herriko txistulariak, langile gisa. Jai guztiak bideratzen zituzten eta protokoloetan hartzen zuten parte. Txistulari funtzioaz gain, beste eginkizun batzuk ere izaten zituzten herrian: batzuk aguazilak ziren, besteek posta banatzen zuten… Donostiako kasuan, hainbat txistularik udaletxeko bulegoetan egiten zuen lan. Gerraostean, frankismo garaian, gela beltzean gordeta geratu zen arlo hori. Garai hartan ez zen txistulari lanposturik sortzen, txistua euskal musika-tresna izate hutsagatik. Urte batzuetako etenaren ostean, herri batzuetan txistulariak mantentzeko ohitura galdu egin zen. Ez da baina, Donostiaren kasua.
19 urterekin egin nuen nik Donostiako Udaleko txistulari izateko oposizioa eta orduan atera nuen txistulari plaza, baina, esan bezala, 15 urterekin hasi nintzen Donostian. 40 urte daramat Donostiako txistulari bandan atabalari gisa. Gustuko lana dut eta hori ezin du edonork esan. Lankide jatorrak ditut eta oso ondo konpontzen gara.

Lanbide alaia izango da kasurik gehienetan…
Donostia bezalako udaletxe batean lan egitean, ekitaldi ofizialetan bertan aritzea egokitzen zaigu. Beti ez da gustukoa izaten, baina lanaren zati bat besterik ez da hori. Besteak beste, Espainiako ministroak etortzen direnean ere hantxe aritu behar izaten dugu, nahiz eta batzuek ez ulertu hori ere gure lanaren zati dela. Era berean, Donostiako ekitaldi kuttunenetan ere hantxe izaten gara eta horrenbeste urtean ekintza ezberdinetan parte hartuz, donostiar sentimendua ere piztu zait zertxobait.
Jaiekin lotuta aritzen gara batik bat, auzoz auzo. Baina gure eginkizun nagusia Konstituzio plazan jotzea da, igandero kontzertu ezberdinak eskaintzen ditugu eguerdiko 12:15etan. Beste herrietako ikasleekin batera kontzertuak ematen saiatzen gara: Iruñea, Hernani, Tolosa, Irun… Ikasleek bultzada behar izaten dute jendearen aurrean joz eta txistu zaletasuna sustatzeko oso garrantzitsua iruditzen zaigulako eskaintzen du aukera hori  gure bandak. Gure artxiboa txisturako musika duen handienetakoa izango da, handiena ez bada eta herriarentzat irekita dago.
Bandako kide batzuk musika eskolan eskolak ematen dituzte eta hiru pertsona bandarako  liberatuta gaude: Jose Inazio Ansorena zuzendaria, Jokin artxiberoa eta neroni errejidore bezala.

Zenbat lagunek osatzen duzue banda? Nola bideratzen duzue zuen lana? Dotore jantzita ibiltzen zarete sarritan…
Hamar kide gara guztira: sei txistulari, bi perkusionista eta bi tronpeta. Astean hiru entsegu egiten ditugu: astearte, ostegun eta igandean bertan. Entsegu bereziak ere izaten ditugu abesbatza edota bestelako taldeekin. Donostiako abesbatza eta talde askorekin dugu harremana, edozein taldek elkarlana eskatzen digunean prest azaltzen gara beti jotzeko. Galaz jantzita ibiltzen gara batzuetan, kinkimonoz esaten diogu guk. Egia esan, gero eta gutxiago janzten gara modu horretan, batez ere jada ez delako segiziorik egiten. Zoritxarrez Donostian desagertu egin da ohitura hori eta pena da, bai baitu bere esanahia: herriak aukeratutako ordezkariak herriaren aurrean aurkeztea, hain zuzen.
Ekitaldi oso ofizialetan janzten gara kinkimonoz: Urrezko danborra edota domina ematen direnean, esaterako. Aurten adibidez, galaz jantzi ginen Zubietan, Donostia berreraikitzeko  200. urteurreneko ekitaldia egin zenean. Gainerakoan kontzertuetako ohiko jantziak janzten ditugu. Gure taldea oso malgua da, aukera ezberdinetara egokitzen da: era tradizionalean, plazan edota kamera kontzertuetan jotzen dugu, besteak beste.

Txistuarekin lotuta, herrian bertan hamaika ekimen bideratutakoa zara; besteak beste, Santio jaietako alardeak…
Aitak 25 alarde antolatu zituen Santiotan. Bera hasi zenean nahiko ekimen berritzailea zen, oso herri gutxitan egiten zen halakorik, Francoren garaia izanik, baimen bereziak eskatu behar izaten baitziren. Aitaren ondoren, Joxelu Iturzaeta zenak hartu zuen erreleboa eta lehen bi urteetan lehengo erara antolatu zuen. Gerora, 1992an, aldaketaren bat egitea proposatu nion eta Iñude eta artzainen parte hartzea tartekatu genuen Berdura plazako alardean. 1992an kaleratu genuen lehen konpartsa herrikoia eta, zoritxarrez, urte hartan hil zen Joxelu. Handik aurrera beste zazpi alarde antolatu genituen, abesbatza eta dantzariak gehituta. Gero arazo teknikoak sortu ziren eta bertan behera utzi genuen ekimena. Berriz ere ahalegina egiteko gogoa badut. Agian hurrengo urterako animatuko naiz Donostiako banda ekarri eta alardea berriz martxan jartzera.


Ekimen sortzaile herrian
Dudarik gabe, ekimen sortzaile da Agustin Villabonan. Txistuarekin ez ezik, besteak beste, Irrintzi elkarteari lotuta urte luzetan lanean dihardu. Sei urtez Irrintziko lehendakari izan da eta hamabi urtez zuzendaritzako kide. Orain bazkide huts da, baina lanean jarraitzen du, “zoritxarrez, bertan behera geratu ziren Txirrindularitza Jardunaldiak, baina Garagardo Azoka, Azoka Berezia nahiz Isats Gisatuen lehiaketarekin aurrera jarraitzen dugu. Sekulako taldea gara elkartean, oso ondo konpontzen gara gure artean”. Irrintzi elkartearekin lotuko dute herritar gehienek Agustin, baina Behar-Zanako bazkide ere bada, azaldu duenez, Patxi Alkorta zenari esker, “Saltsero izugarria zen Patxi eta berak sartu ninduen Behar-Zanan. Dohain handia zeukan jendea erakartzeko. Behar-Zana elkartearen 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzen lagundu genuen Karlis eta biok. Geroztik hango kide egin gintuzten. Irrintzi eta Behar-Zana elkarteek oso harreman ona izan dugu beti. Ni ohituago nago Irrintziko sukaldean aritzera, erosoago zaidalako, baina oso gogoko dut Behar-Zanara joatea; jendea eta giro ona beti izaten baita bertan”, azaldu du. Zaletasunen artean, oso gogoko du sukaldaritza elkarrizketatuak, “oso maiz eta gustura prestatzen ditut, Joxe Mari Yarzarekin batera, koadrilakoentzako bazkari-afariak. Baita elkarteko ekintzetarako ere. Elkartean bakarrik ez, etxean ere gustura aritzen naiz sukaldean”, nabarmendu du.
Txikiteoaren ohitura mantentzen duen lagun talde gutxienetakoa da Agustinena, “aste egunetan jende gutxi biltzen gara/dira, elkarteko lagunak. Baina ostiral iluntze eta larunbat eguerditan ez dugu hutsik egiten. Biltzen garen guztiak ez gara koadrila berekoak, elkartearen eraginez sortutako nahasketa baizik. Horixe da elkartearen ondoriorik politenetako bat: adin ezberdineko jendea bildu eta gure arteko harremana bultzatu duela. Hamar urteko aldea dugun herritarrak ibiltzen gara poteoan; gizonak gehiago, baina baita emakumeak ere”.
Herriko beste hainbat talderekin bezala, Oinkari dantza taldearekin lotura estua du Agustinek, “sekula ez diot ezezkorik esango Oinkari dantza taldeari, besteak beste, sortzaileetako bat naizelako. Oinkari dantza taldea herriarentzat luxu handia dela uste dut. Euskal musikatik bizi naiz eta talde asko ikusten dut inguruan. Maila altuagokorik egongo da, baina profesionalak. Euskal Herri mailan Oinkariren maila eta dantzari kopurua duen beste talderik ez dut ezagutzen. Eneko Arteagak egiten duen lana izugarri ona iruditzen zait”. Musika eta dantza uztartuz, aspaldiko urteetan elkarlanean jarduten dute Agustin eta Oinkarik sarritan eta aurrera begira ere, asmo berriak gauzatzeko gogoz da atabalaria. Herriari bizia emateak barrua betetzen diola aipatu du. Donostian maiz ibiliagatik, jaioterriak erakartzen du. Billabonatar petoa da, zalantzarik gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!