Marie Brizard-eko langileak, greba mugagabean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:30

Azaroaren erdiaz geroztik, greba mugagabean daude Zizurkilgo Marie Brizard lantegiko langileak. Nagusiek eraikina itxi egin nahi dute, langileek zabalik mantendu. Hainbat langilek euren egoeraren berri azaldu du.

Marie Brizard enpresa ixtera doala jakin berri duzue. Zein irakurketa egiten duzue gertaeren inguruan?
Guk lan egin dugu orain artean eta urte amaierara bitarteko lana bagenuen eskuartean. Urtea amaitzerako 800 mila litro anis geneukan egiteko. Produktua manipulatu eta promozioekin hasteko lan asko geneukan oraindik eta hara non, ekoizpena geratu eta langile guztiak kaleratuko gintuztela jakinarazi ziguten azaroaren 13an. Lana egonda, nola liteke erabaki hori hartzea?
Nagusiek, abenduaren 31 arte lanean jarrai genezan nahi zuten. Aurtengorako lana bagenuen arren, hurrengo urterako galerak aurreikusten zituzten enpresan eta urte berriarekin batera kaleratu egin nahi gintuzten. Oso isilpean eman dituzte pauso guztiak, bai baitzekiten langileoi erabakiaren berri jakinarazi orduko erantzun egingo genuela. Eta bai,  halaxe gertatu da: erabakia jakin geroztik greba mugagabean gaude. Urte honetan guztian zehar atzetik isilpean lantokia ixteko lanean aritu direla uste dugu eta azken momentura arte engainatuta eduki gaituztela lanean, ahalik eta etekin gehien atereaz.

Zein arrazoi argudiatu dizuete nagusiek hartu duten erabakiaren aurrean?
Pulco edaria bertan egiten genuen lehen Schweppes etxearentzat, gurea zen. 2007 urtean, ordea, saldu egin zuten 177 milioi eurogatik. Salmenta haren ondoren, frantsesek ez bezala, guk ez genuen ordainetan inolako irabazirik jaso. Pulco Zizurkilen ekoitzi eta hemendik zuzenean kamioikak ateratzen ziren beste herrialdeetara garraiatzeko: Frantziara, Holandara, Alemaniara… Urte askoan mantendu zen enpresa lan harengandik. Orain, produkzio horren faltan, lanik ez daukagula diote nagusiek, baina hori ez da hala. Zuzendariek likoreak Zizurkilgo plantan egin behar direla nabarmendu izan dute beti, hauxe baita lan hori egiteko ondoen prestatuta dagoen gunea.

Zenbat langile zarete guztira? Zein da zuen egoera?
50 langile gara lantokian. Horietatik 7 errelebo kontratuarekin aurrejubilatuta daude. 11 lagun 55 urtetik gorakoak dira. Jubilazioak aurreratuta, bestelako bide egokiagoak har zitzaketen. Izan ere, gezurra baita enpresak ezin duela aurrera jarraitu. Eurek badakite hori eta ondorioz, azalpenik ez ematea erabaki dute.
Frantziaz kanpo, espainiar estatuan 92 langile ditu Marie Brizard-ek Fuenmayorren edota Madrilen. Itxierak, ordea, Zizurkilgo plantako langileoi soilik eragin dio.
Iaz 15.000 euroko irabazia izan zuen Zizurkilgo plantak. Hurrengo urterako galera aurreikusten bazuten, agian, bitarteko moduan, denbora tarte bateko EDEarekin konpon zezaketen arazoa. Baina langileon %100a kaleratuta, lanean jarrai genezan intentziorik ez dutela argi erakutsi dute. Erreforma laboral berria aplikatu dute eta kito.

Zein irtenbide proposatzen duzue zuek?
Guk lantegia martxan ikusten dugu eta horixe bultzatu nahi eta behar dugu, berriz ere martxan jartzea. Lantegia zabalik mantendu nahi dugu, modu horretan zabalik baitaude aukera guztiak.
Lanerako borondate osoz agertu gara beti langileak, aste egun nahiz asteburu edota jai egunetan ere, lanerako deitu izan gaituztenean lanera etorriz. Etxerako bezalaxe egin dugu lan eta gure produktuek ez dute sekula arazorik sortu ez hemen eta ez kanpoan. Beti enpresaren alde aritu gara lanean eta gure onena eman ondoren, inolako eskerrik eta erantzunik gabe utzi gaituzte kalean.

Zein neurri hartu dituzue egoera honen aurrean?
Gure egoeraren berri kaleratzeko pankartak, bilerak edota manifestazioak deitu ditugu. Eskualdeko alkateekin bildu gara eta haien babesa jaso dugu. Hainbat herritan Udal bandoak ere kaleratu dituzte. Zizurkilgo Udalak langileon eskura atarian jarri zigun etxolan biltzen gara txandak eginez, lantokia zainduz.
Eskualdeko Udaletatik ez ezik, herritarren aldetik ere babes handia jaso dugu. Ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia: duela hiabete gutxi Zizurkilgo Perot lantegia ere itxi baitzuten, besteak beste. Langileok batu eta gizarte osoarena den arazoa kaleratu egin behar dugu.

––––––––––––––––––––––––––––––––––––
“ Gure bizkar hartu dituzte erabakiak”
Ia 40 urtez Marie Brizard lantokian lanean aritu diren eskualdeko lau langilek hartu dute hitza. Administrari lanean jardun duten Maitere Lizarraga (Zizurkil) eta Arantxa Barandiaranek (Villabona) eta manipulazio nahiz produkzio lanetan aritu diren Jokine Usabiaga (Zizurkil) eta Maite Loinazek (Andoain).

Marie Brizard enpresak Zizurkilen pisu handia izan duela uste dute lau langileek, “nola itxiko dute, bada? Marie Brizard etxeko lantokia da, gurea! Beti izan du herrian enpresa onaren fama. Zizurkilentzat oso aberasgarria da halako lantokia herrian bertan izatea: promozioak zirenean edota lan asko zenean, bertako gazteak hartzen ziren aldika lan egiteko. Herria, langileak, lanpostuak…, kate bat da guztia”, azaldu dute minduta. Egiten dituzten botilak Zizurkil herriaren sinbolo direla gaineratu dute, “Zizurkilen egin eta inguruan nahiz kanpoko lurretan, leku askotan saltzen da bertako emaitza. Inoiz ez dugu ekoizten ditugun edarien inguruko kexarik jaso. Lantokiaren inguruko usaina ere Zizurkilgo ezaugarri da, gauzatzen ari ginen likorearen aroma usain baitzitekeen inguruetan. Gu konturatzen ez baginen ere, etxeratzen ginenean, zenbat aldiz esan ote ziguten likore usaina gurekin eraman genuela”, gehitu dute. Hitza hartu duten eskualdeko lau lankideek, lanerako euren arteko giro ona azpimarratu dute, “umore eta giro ona gailendu izan da beti gure artean. Aldi baterako ehunka langile igaro da Marie Brizard-etik eta haiekin ere beti mantendu izan dugu harremana. Urte hauetan guztietan lan asko egin dugu eta arduraduna zorrotza bagenuen ere, lanerako giro onari  eutsi diogu”. Laneko erritmoa sekula galtzen ez zutela ere nabarmendu dute, “oso ordutegi ona izan dugu: 08:00etatik 16:30etara. Hori bai, segida-segidan aritzen ginen lanean, erritmorik galdu gabe. Lantokian bertan sukaldaria genuen eta bertan bazkaltzen genuen langileok”.
Enpresako arduradunek lantokia ixteko erabakia eurekiko inolako begirunerik gabe hartu dutela salatu dute lau emakumeek, “nagusiekiko oso ikuspegi ezkorra daukagu. Gure bizkar hartu dituzte erabakiak eta gure egoera batere axola ez zaiela uste dugu gainera. Hainbeste urteko harremanaren ondoren, hotz-hotzean jokatu dute, gugana zuzendu gabe, aurpegirik eman gabe”.

33 likore mota
1968 urtean zabaldu zuten Marie Brizard lantokia Zizurkilen. Hasierako urte haietan egun baino langile gehiago izaten zela aipatu dute, eskuz egun baino lan gehiago egiten zelako. Eskulan hori egiteko, gainera, eskualdeko emakumeak ziren langilerik gehienak. Azken urteetan gizonezkoak eta eskualdetik kanpoko langileak nagusitu dira. Anisa eta likoreak, hasieratik bukaera arte ekoizten dituzte bertan. Zizurkilen 33 likore mota ezberdin egitera iritsi direla jakinarazi dute elkarrizketatuek. “Garai batean anisa saltzen zen gehien, ikaragarri, milaka eta milaka litro. Gero edateko ohiturak aldatu eta asko gutxitu zen anisaren salmenta, baina bestelako likoreak nagusitu ziren orduan: whiskya, koinaka, rona, vodka… Marie Brizard etxearen edari horiek guztiak Zizurkilen ekoizten genituen, baina behin indarra hartzen zutenean, kanpora eramaten zituzten. Guk lana egin eta negozioa beste batzuek egiten zuten susmoa izan dugu” amaitu dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!