Odei Gil ekintzaile asteasuarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 5a, 10:27

Ez da geldirik egotekoa Odei Gil gazte asteasuarra. Publizitate ikasketak egiten ari da Bilbon eta bere ikaskideekin batera, enpresa bat sortu zuen iaz. Lortutako irabaziekin, Indian izan ziren guztiak udan. Sortzen zaizkion ideia guztiak gauzatzen saiatzen da beti, eta horrek bere fruituak eman dizkio.

Publizitate ikasketak egiten ari zara egun. Zerk bultzatu zintuen aukeraketa hori egitera?
Nire lehen asmoa ez zen publizitatea ikastea. Magisteritza ikasi nahi nuen, baina notak ez zidan horretarako aukerarik ematen eta publizitatea ikastea erabaki nuen. Ikasketak hasi eta gutxira, magisteritzan sartzeko aukera izan nuen Gasteizen, baina dagoeneko publizitate ikasketak hasita nituen eta ez nuen aldatzeko ahaleginik ere egin. Egia esan, ez naiz batere damutzen hautaketa hori egin izanaz, oso gustura bainabil.

Unibertsitateko ikasketei lotuta, Arteverse enpresa sortu zenuten iaz. Zein da enpresa horren funtsa? Zein da bere egiteko nagusia?
Horrela da, bai. Iaz Arteverse enpresa sortu genuen unibertsitateko beste kide batzuekin batera. Unibertsitatean jasotzen genuen prestakuntza osatu egin behar genuela iruditzen zitzaigun eta horregatik beste pauso bat ematea erabaki genuen. Ikasketetan barneratutako kontzeptuak praktikan jartzeko, lan munduan esperientzia irabazteko eta nolabait, gure gaitasunak frogatzeko aukera ematen zigun enpresa sortzeak. Iaz komunikazio eta publizitate lanetan aritu ginen beste enpresa edo erakunde batzuentzat. Horrez gain, ekimen pertsonal batzuk martxan jartzeko aukera ere izan genuen. Hala nola, South&Roll ekimenaren bidez, gidabaimena Granadan ateratzeko aukera eskaini genuen, Gïk enpresaren bitartez ardo urdina saltzen dugu eta Arte con Valor ekimenaren bidez, ezintasunen bat duten haurrek sortutako Gabonetako txartelak merkaturatzen ditugu. Horiek dira martxan ditugun enpresak baina, ia edozer gauza egiteko gai garela uste dut, beharrezkoak diren gaitasun garrantzituenetarikoak baititugu; motibazioa, freskura eta gauzak ondo egiteko gogo handia. Ez gara dakigunera soilik mugatzen, gure helburu garrantzitsuenetakoa geroz eta gauza gehiago ikastea baita.

Zer nolako emaitzak izan ditu zuen enpresa ekimenak?
Esan bezala, enpresako kide guztiak unibertsitateko gradu ezberdinetakoak izan arren, gure ekimenak nahiko harrera ona izan du. Lan faltarik ez dugu sumatu eta beti izan dugu proiekturen bat edo beste martxan. Uste baino emaitza hobeak lortu ditugu eta bertatik surgatu dugu jakinduria ere izugarria izan zen. Kontaktu ugari egiteko ere balio izan digu, baino batez ere lan munduko ikuspegia zabaltzeko esperientzia ezin hobea izan da guretzat.

Krisi garai hauetan emaitza onak lortzea ez da batere erraza. Zein izan daiteke, zure ustez, lortutako emaitza horien arrazoi nagusia?

Lanbide honetan beharrezkoak diren gaitasun garrantzitsuenak batu ditugula uste dut; motibazioa, freskura, gauzak ondo egiteko gogoa, saiatuak izatea eta lanerako kemena mantentzea. Uste dut horiek izan direla gure emaitzen arrazoi nagusienak. Gaitasun horiek dituzunean, errazagoa da zure bezeroak konbentzitzea edota lan aukera gehiago lortzea.

Zuen lanak iaz emandako etekin ekonomikoari esker, Indiara joateko aukera izan zenuten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Ikaragarria. Ezin dut askoz ere gehiago gaineratu. Esan dezakedan guztia esanda ere, labur geratuko nintzateke. Guztira bost astez ibili ginen herrialde horretan zehar eta garapen prozesuan dauden merkatuek nola funtzionatzen duten jakiteaz gain, bertan harreman estrategiko batzuk egiteko ere balio izan zigun. Horrez gain, proiekturen bat martxan jartzeko aukera ere izan genuen.

Zein zen bidaiaren helburu nagusia eta zein ondorio atera zenuten?
Garapen bidean dauden merkatuak aztertu eta ezagutu nahi genituen. Horrez gain, bertako jendearekin harreman zuzena izan nahi genuen kontaktu estrategiko batzuk egin ahal izateko. Etorkizunean sor daitezkeen proiektu batzuetarako bidea jarri nahi genuen modu horretan. Horrez gain, bertako enpresa batzuetarako proiekturen bat garatu eta hango kultura ezagutzeko ere baliatu nahi genuen bidaia. Bestalde, ondorio ezberdinak atera genituen; batetik, bizimodua hemen baino askoz ere merkeagoa dela eta orokorrean, hango jendea hemengoa baino askoz ere irekiagoa dela. Era berean, konturatu ginen, mendebaldekoa izateak ateak irekitzen zizkigula eta jende askok ezagutu nahi gintuela kontaktuak egiteko.

Indiako bidaiak beste ekimen bat martxan jartzeko bidea eman zizun, han erositako arropak hemen salduz. Nola bideratzen duzu gai hori?

Aurtengo Asteasuko azokan saltzeko helburuarekin ekarri nituen arropa batzuk. Ia urtero amak eta amonak postua jartzen dute bertan eta aukera hori baliatu nahi izan nuen. Indian dena merkeagoa zenez, hainbat arropa erosi nuen hemen saldu eta dirutxo bat atera ahal izateko. Orain, facebook-eko orrialde baten bidez bideratzen ditut salmentak, baina ez dut baztertzen interneteko orrialde bat egitearen aukera. Facebook-eko orrialdeak “Indiatik” du izena eta bertan, Indiatik ekarritako produktuen argazki eta prezioak daude ikusgai.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmo nagusiak?
Ba egia esan, ez dakit. Gaur gaurkoak eta gero gerokoak. Nahiko lan dut bihar zer egin behar dudan pentsatzen, orain etorkizunera begira jartzeko. Gustura nabilen zerbaitetan lan egitea izango litzateke nire helburua. Eta ahal bada, nagusirik izan gabe.

Youtuben ere aurki dezakegu zure berri, kontaiguzu...
Duela gutxi #OTRAVENADA izeneko kanal bat egin nuen egunez egun egiten ditudan erokerietako batzuen bideoak igotzeko. Bizitza laburra da eta askotan damutzen gara gure bizitzako momenturen batean erabakiak hartzeko edota zerbait egiteko ausardiarik ez izateagatik. Kanal honen bidez egunero topera bizi behar dugula adierazten dut eta egunez egun bururatzen zaizkidan ekimenak gauzatu eta horien bideoak igotzen ditut.

Kirolari gisa ezagutu izan zaitugu. Txirrindularitzari lotuta jarraitzen al duzu?
Hamalau urtez txirrindularitzari loturik ibili ondoren, uzteko ordua ailegatu zitzaidala pentsatu nuen. Bizikleta utzi nuenetik ia ez dut ukitu ere egin. Iaz nire anaia eta lagun batzuekin batera Asteasutik Bartzelonara joan ginen bizikletaz hiru egunetan, baina orduz geroztik ez dut bizikletarik hartu. Hala ere, telebista bidez froga ezberdinak jarraitzen ditut eta noizean behin inguruko errepideetara hurbiltzen naiz urte hauetan guztietan zehar egindako lagunak animatzera.

Kirol arlo horrekin lotuta, Behobia-Donostia lasterketa monoziklo gainean egin berri duzu. Nolaz sortu zitzaizun ideia hori?

Oker ez banabil, 2008an nire txirrindulari taldeko kide batek egin zuen beste lagun batekin batera, eta #OTRAVENADA-ko ideia honekin hasi nintzenean, erokeria hura errepikatzeko gai ote nintzen bota zidan lagun batek. Bi aldiz pentsatu gabe froga moduan hartu nuen. Primeran joan zen. Behobia eta Donostia artekoa korrika egiteak nahikoa lan ematen badu, monozikloaren gainean egiteak meritu handia duela esango nuke. Gainera, bi aste lehenago erabaki nuen modu horretan parte hartzea eta orduan, ez nekien monoziklo gainean ibiltzen ere. Dagoeneko ikusgai dago bideoa Youtube-ko #OTRAVENADA kanalean. Bertan ikus daiteke nola joan zen abentura hura eta jendeak zer nolako harrera egin zidan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!