Oinarri-oinarrizko beharrak estali ezinik dabiltzanen kopurua geroz eta handiagoa da gure inguruan. Premia horri erantzuna eman asmoz biltzen da hilero Asteasuko herritar talde bat. “Etxean diru arazo larriak sortzen direnean, joera orokorra da elikagaietan murrizketak egitekoa. Batetik, beharrak hala agintzen duelako eta bestetik, murrizketa hori ez delako kalean antzematen; ohi baino erosketa txikiagoa egin, etxera itzuli, eta ez zaio inori azalpenik eman beharrik izaten”.
Gaurko gizartean sortzen ari den behar hori sumatuta, Gipuzkoako Elikagai Bankuarekin harremanetan jartzea erabaki zuen Asteasuko herritar talde batek: “Gure laguntza eskaini nahi genuen, baina itsu-itsuan hasi ordez, Oiartzungo Elikagai Bankura jo genuen. Han egiten duten lanaren inguruko informazioa bildu ondoren, herrian taldea sortzeari ekin genion”.
Uztailean, lehen banaketa
Ekainean egin zuten lehen bilera. “Arintasunez hasi ginen lanean eta, uztailerakoegina genuen lehen banaketa . Hilean behin egiten dugu banaketa. Oiartzungo egoitza nagusitik ekartzen dugu elikagaia eta hemen antolatu ondoren, banaketa egiteaz arduratzen gara”, azaldu dute.
Udaletxeko gizarte zerbitzuetatik bideratzen dute jendea Elikagai Bankura: “Normalean bide horretatik iristen dira. Bertara gerturatzen diren familiei, Elikagai Bankuaren aipamena egiten zaie eta beraiek erabakitzen dute aukera hori baliatu nahi duten edo ez. Edonola ere, beharrean dauden familiak dira guztiak ere; zenbait baldintza ekonomiko betetzen dituztenak”, argitu dute.
Udalaren babesa eskertu dute bolondresek: “ezinbestekoa izan da ekimen hau martxan jartzeko garaian; bilerak egiteko tokia, garraioa egiteko modua, elikagaiak bildu eta banatzeko azpiegitura..., udaletxearen laguntza izan dugu”.
Hileko bigarren astean
Banaketa egin aurretik, hilabeteko bigarren astelehenetan biltzen da bolondres taldea: “Aurreko hileko banaketa nola joan den aipatzen dugu eta hurrengorako antolaketa lanak zehazten ditugu. Hileko bigarren asteazkenetan egiten dugu elikagaien banaketa. Goizean Oiartzunera joan eta materiala ekartzen dugu. Ekarritako guztia ondo antolatu beharra izaten dugu, sortak eginez. Sorta guztiak ezberdinak izaten dira, familia bakoitzaren premiari ahalik eta ondoen egokitzeko; ez baita berdina pertsona bakarreko familia izan edo hiru seme-alaba dituen bikotea”.
Bolondres lana
Lan handia egin du Asteasuko bolondres taldeak: “Talde txikia osatu genuen hasieran, baina pixkanaka, jendea gehitzen joan zaigu eta dagoeneko hamairu pertsonaz osaturiko taldea dugu. Adin guztietako jendea gabiltza eta hori oso aberasgarria da. Oso garbi genuen ez genuela loturarik nahi inongo erlijio, kultur edo talde politikorekin eta idea horrekin sortu genuen. Horrek zailtasun txiki bat eransten dio gure lanari, ez baitugu atzetik bultzatuko gaituen inor. Zailtasuna ez ezik, ordea, aberastasuna ere ematen dio; denetariko jendea biltzen baikara lanerako”.
Hilean behin egiten dituzten bilera horietan, ideia berri ezberdinak sortzen joaten dira etengabe, “Eguberriei begira, esaterako, janari bilketa kanpaina berezia martxan jartzeko asmoa badugu. Horrekin batera, Asteasuko gaztetxoengana ere iritsi nahi genuke; barnera dezatela herrian bertan premian dagoen jendea badagoela, eta lagundu egin behar diegula. Elkartasuna zer den erakusteko modua bilatu nahi dugu. Eskolako kideekin eta guraso elkartekoekin bildu eta ideia horri forma eman beharko diogu datozen asteotan. Janaria biltzea oso garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa sentsibilizazio lana egitea”.
Hamazazpi familia
Asteasuko hamazazpi familia gerturatzen da Elikagai Bankura, guztira hogeita bederatzi pertsona. “Familia bakoitzak bere hitzordua du eta ez du beste inorekin topo egiten. Hau bezalako herri txiki batean oso garrantzitsua da intimitate hori babestea. Buru-belarri saiatzen gara horretan”. Abenduko elikagai banaketa antolatzeko lanak egingo dituzte laster bolondresek. Abenduaren 11n, orgatxoa bete eta elikagaiak etxeratzeko aukera izango dute premian dauden Asteasuko familiek.