Urriaren 17an egin zuten erakusketaren irekiera ekitaldia eta urtarrileko lehen asteburua arte izango da bisitatzeko aukera. Era eta tamaina guztietako mailuak daude ikusgai. Koldo Jauregi larrauldarrak azken berrogei urtean zehar egindako bilduma da museoan jarri dutena: “Mota guztietako mailuak bildu ditut; harriarekin erabiltzekoak, arotzarenak, mekanikariarenak, erlojugilearenak, zapatariarenak, altzariei tapizeria jartzeko erabiltzen direnak, kanpaikadak ematekoak, sega pikatzeko erabiltzen direnak..., baita eskopetaren mailuak ere”.
Zaletasunaren fruitua
Urte askotako lana dago erakusketaren atzean: “Duela berrogei urte ekin nion tresna eta erreminta zaharrak biltzeko zaletasunari. Gipuzkoan zortzi mila baserri inguru dago eta ni, gutxienez, haietako sei milatan egona naiz. Bateko eta besteko, baserritarrekin hitz egiten lortu izan ditut mailu eta bestelako erreminta asko. Garai bateko baserrietan tresna asko egoten zen, bertan egiten zirelako lan eta konponketa asko. Galdetuz eta batetik bestera ibiliz lortu ditut orain ikusgai dauden mailuak. Horrez gain, azokatan edota txatartegietan ere erosi izan dut zenbait pieza. Bilduma baten grazia horixe da; piezak banaka-banaka lortzen joatea eta urteen poderioz bilduma osatuz joatea”.
Duela zenbait urte, erretratu zaharren erakusketa antolatuz ekin zioten udazkeneko erakusketa sailari. “Geroztik beste hainbat antolatu izan dugu; dokumentu zaharren erakusketa, garai bateko bizikletez osatutakoa, pisuena edota iazko aho-soinuena, esaterako. Datozen urteetan ere erakusketa gehiago antolatzen jarraitzeko asmoa dugu, baina oraindik ez dugu gai zehatzik aukeratu”.
Ehun pieza
Ehun mailu biltzen ditu Larraulgo erakusketa bereziak: “Guztiak ezberdinak dira. Bada harrizko kaltzadak egiteko erabiltzen zen borra txiki bat; edota harriari marrazkiak ateratzeko egindako mailu berezi bat ere. Guztiek dute berezitasunen bat. Material ezberdinez egindakoak ere badira; izan ere, mailuari eman behar zitzaion erabileraren arabera, material bat edo beste erabiltzen baitzuten. Zaharrenak forjan egindakoak izaten dira normalean. Egurrezkoren bat ere bada tartean eta baita kobrearekin estalitako bat ere; metalari markarik ez egiteko jartzen zioten kobre hori”.
Liburuetan irakurriz eta toki ezberdinetan galdetuz ikasi du Koldok bildumako mailuen berri: “Batzuetan, mailua eskuetan hartu eta ez da erraza asmatzen zein erabilera ematen ote zioten. Gainera, pieza batzuek erabilera bat baino gehiago izaten dute. Bilduma honetan bada, esaterako, mailu eta egur aitzur gisa erabil daitekeen piezaren bat. Batzuetan, buruari eragin behar zaio antzinako tresnen erabilera zein zen asmatzeko”, azaldu du larrauldarrak.
Txingudeak ere bai
Kolpe-kolpe-kolpeka, horixe da Larraulgo erakusketari jarri dioten izenburua: “Izenburu horrekin bat, txingude batzuk ere jarri ditugu museoan; zapatariarena, kobrezko ontziei forma emateko erabiltzen zena..., kolpeka erabiltzen diren tresnak hartu ditugu aurtengo erakusketaren oinarri, eta azkenean, ehundik gora pieza batu dugu”.
Erakusketa zabalik izango da urtarrileko lehen astera bitarte. “Hilabeteko lehen igandean zabaltzen dugu museoa eta norbaitek interes berezia balu, telefonoz deituta ere lotu daiteke bisitaldia egiteko hitzordua, betiere taldetxoa sortuz gero. 688 803 608 da gure telefono zenbakia. Mailuen erakusketa ikusteaz gain, museoaz gozatzeko aukera ere izango du gerturatzen den orok”, azpimarratu du Koldok.