Andoaingo Udalak Arreta Zerbitzuaren irudia aukeratzeko dei egin die herritarrei, horretarako abian jarri duen lehiaketaren baitan. Epaimahaiak honezkero lehen galbahea pasa du, eta gaialdean ikus daitezkeen bost logotipoak aukeratu ditu. Hortik aterako da irabazlea. Sari potoloa eskuratuko du, 1.500 euro denera. Boto-ematean berdinketa suertatuz gero, epaimahaiak erabakiko du horien guztien artean zein izango den irudi irabazlea. Udalak ohar bidez adierazi bezala, “orain herritarren txanda da. Atariaren irudia izango denaren erabakian esku-hartzeko aukera izango dute, bost irudi horien artean euren gustukoenak aukeratuz.
Hiru boto, bi boto eta boto bat banatu beharko dituzte gustukoen dituzten hiru irudien artean”. Bozketan parte hartzeko azken eguna abenduaren 4a izango da (asteazkena), arratsaldeko 18:00etatik 20:00tara zinema emanaldietarako sarbide bezala erabiltzen den Basteroko sarrera nagusian, hain zuzen.
Andoaingo Udalak arreta zerbitzu berriarekin herritarren eta Udal administrazioaren arteko harremana erraztu nahi du. Modu integratu batean esku-hartze teknikoa behar ez duten Udal zerbitzu gehienak “Ataria”tik bideratuko lituzkete, alegia, infomazio, tramitazio eta kudeaketari loturikoak. Udalak iragarritakoaren arabera, “gestio administratiboak azkartuko lirateke, zerbitzuaren kalitatea nabarmenki handituz”.