Batzen duten lekuen bila, Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 4a, 09:07

Herriko hainbat tokiren inguruan iritzia jasotzeko asmoz, Urnietako Udalak ekimen berritzaile bat martxan jarri du “Batzen duten lekuak, kentzen duten lekuak” izenburupean. Berritasuna zertan datza? Herritarra aukera zehatz baten alde bideratu nahi ez eta kanpaina informazio osagarririk gabe abiatu dutela.

Gauzak horrela, herritarrek etxeko buzoian eskuorria jaso dute. Lehenengoan nekez ulertuko dute, eta bigarren irakurraldian hirigintzari lotutako iritzi bilketa dela asmatuko dute. Eskuorri horretan galdeketa txikia dago, zeinean “Urnietako eraikin edo espazio ireki zehatz bat” hautatu behar duten. Toki horrek elkarbizitzarako dituen alderdi positiboak eta negatiboak ere aipa ditzakete, bakoitzeko hiru  adiera aipatuz gehienez ere. Ekimenak berritzaile izan nahi du, herrigunea eraldatzeko lehen pausoa herritarrari ematen diolako. Hirigintza parte hartzailea sustatzea nahi lukete, orain arteko ordena irauliz. Lortuko ote duten, geroak esango du.
Aurreko asteburuan buzoiketaren osagarri Urnietako Udalak “Batzen duten lekuak, kentzen duten lekuak” kanpaina gizarteratzeko karpatxoa ipini zuen herrian bertan. Eskuorriaren asmoa zein den ulertu ez duenarentzat baliagarria izan zen, bertan informazio osagarria eskaintzen zutelako. Karpan “Urbes for all” (hiriak denentzat) ekimeneko partaideak zeuden argibideak emateko. Haien webgunean irakur daitekeenez, “Urbes for All” aholkularitzak Urnietako Udalarentzat “Batzen duten lekuak, kentzen duten lekuak” proiektua gidatu eta garatuko du hurrengo hilabeteetan zehar.
2012an Miren Vives eta Patxi Galarraga arkitektoek abian jarritako ekimena da. Hirigintza barneratzailea dute helburu, generoaren eta eguneroko bizitzaren ikuspuntutik. Kazetarien aurrean Patxi Galarraga izan zen ekimenaren nondik norakoa azaldu zuena. Kanpaina informazio osagarririk gabe kaleko herritarrak ulertzeko zaila izango dela galdetuta, zera dio: “Nahiago dugu ezer handirik esplikatu gabe herritarrek toki edo lekuren bat aipatzea. Jendeak bere burmuinean duen hori kontuan hartu nahi dugu, zabalik utzi dugu aukera. Hogei toki zehatz aukeratu beharrean nahiago dugu norberaren mapa mentala azaltzea”. Jarraian, hirigintza barneratzailea bezalako kontzeptuen esanahia azaltzen saiatzen da: “Hirigintza edo urbanismoan planak osatzeko garaian nagusiki etxebizitzak eta errepideak kontuan hartu dira. Soziologikoki eredu bati jarraituta, gainera: gizonezkoa, 35-55 urtekoa, ibilgailua duena eta noski inolako ezintasun fisikorik gabe. Gizarte atal horretan sartzen bazara ondo, baina ez bazaude horien artean, zure herrian bertan mugitzeko eta bizitzeko oztopoak aurkituko dituzu. Zure beharrak ez direlako kontuan hartzen. Orain arte hirigintzak puntu beltzak aztertu ditu, eta guk buelta eman nahi diogu horri. Irizpide nagusia dugu: pertsonek osatzen dute herria, ez gara denok berdinak, eta Urnietan martxan jarri dugun galdeketaren bitartez ezagutu behar dugu talde bakoitzak nola erabiltzen duen herria eta zeintzuk diren bere beharrak. Hirigintzaren ikuspegi barneratzaile bat izatea, adibidez, genero ikuspegia kontuan hartzea da”.
Patxi Galarragari deigarri egin zaizkio Urnietan aurkitu dituen Osasun bideak. Poztekoa dela dio, eta horretarako konparazio bat jartzen du: “Eibarren, emakumeen artean, bataz bestekoaren erdia 47 urtetik gorakoa da. Udalak kirol eskaintza zehatza du, emakumeek aldiz oinez ibiltzea eskatzen dute, baina eskaera horri erantzuteko ez dago tokirik. Eibarren lau futbol zelairako tokia badago, eta oinez ibiltzeko ez. Alde horretatik, Urnietan herrian bertan txertatu dituzte Osasun bideak. Horri deitzen zaio hirigintza barneratzailea lantzea. Urnietan dagoeneko eginda dago, positiboa da hori”.
Urnietan kanpaina martxan izango da abenduaren 11ra bitarte. Etxeetan jasotzeko eskuorria bete eta ondoko tokietara eraman daiteke: Bertan udal zerbitzua, kiroldegia, anbulatorioa, Lekaio, Gazte informazio puntua eta zaharren egoitzako taberna.
Datuen bilketa egin ondoren, urtarrilean zehar galdeketak emandako datuen “argazkia” erakutsiko dute jendartean.
Galdeketak etorkizuneko hirigintza politikan eraginik izango ote duen galdetuta, Galarragak dio ondorioak eduki beharko lituzkeela: “lehenik jakin dezagun herritarrek zer dioten. Kanpaina bere horretan gera daiteke, edo agian bertatik gauza interesgarriak atera daitezke. Beharbada azterlan honetatik ateratzen dena osagarria izango da”.
2013ko maiatzean Udalak Hirigintzarako Plan Orokorra onartu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi du, honek azken azterketa egin eta behin betiko onespena eman diezaion. Kanpaina honek lotura zuzena ez badu ere, Mikel Pagola alkateak uste du kanpaina honen ondorioak kontuan har daitezkeela etorkizunerako: “Herritarren ikuspegitik puntu beltzak edo aldatzea merezi dutenak identifikatzen badira, Udalak noski puntu horiek saihesteko konpromisoa hartu beharko du”.

urnietakolekuak.net
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!