Teresa Toda: “Espetxeetako egoera kezkagarria da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 4a, 09:06

Ia sei urtez espetxean egon eta gero, azaroaren 20an Kordobako espetxearen atarian aske utzi zuten Teresa Toda. Aske utzi zuten egun berean Euskadi irratiko Mezularia programan elkarrizketatu zuten. Hurrengo lerroak elkarrizketa haren pasarteak dira.

Kazetariak ezustean kartzelan sartu zutela gogora ekarri zion, eta modu berean askatu zutela gogorarazi. Bat zetorren Teresa Toda, “egia da, halaxe da. Aurrekoa ezusteko txarra izan zen. Oraingoa, ez nuen espero”. Hankaz gora jarri zituzten etxekoen eta senideen planak, agindutakoa baino hogeita lau ordu lehenago askatu zutelako. Kartzelatik atera eta bakarrik topatu zuen askatasuna Teresa Todak. Kordoban izanik, ordu askotxo behar izan zituzten etxekoek Teresarengana gerturatzeko: “Azken aldiz neu izorratzeko hartu duten erabakia dela pentsatu behar dut, oso zaila zait haien buruan sartzea. Ziegatik oso goiz atera naute inor ez agurtzeko. Kalean txikikeriak diruditen arren, barruan  garrantzitsua da”.
Burua egoera berrian kokatzeko gogoa duela dio, “sei urte hauek aztertu eta ikusi nahi dut zer egin daitekeen egoera honi bultzada emateko. Espetxeetakoa benetan kezkagarria da eta herrietatik zerbait egin behar dela iruditzen zait”. 18/98 auziko beste zigortuak espetxean daude oraindik, eta haiekin dago bere bihotza. “Besarkada bat bidali nahi diet banan bana. Injustizia handia da haiek barruan egotea. Batzuk adinean gora, besteak gaixo, inoiz ez zuten barruan egon behar eta hala ere hor jarraitzen dute. Estatuak duen politika krudelaren adibide dira. Espetxe politika gogorra da une honetan”.
Etorkizunean zer egiteko asmoa duen galdetuta aukerak zabalik utzi zituen irratian egindako adierazpenetan, “egun batzuk lasai hartu nahi ditut nire burua kokatzeko. Eta gero ikusiko da. Kazetaria naiz, edo kazetaria izan naiz. Garai berriak dira eta jende berria dator gauzak ondo egiten ari dena. Asko aldatu da dena espetxean egon naizen urteetan, eskuko telefonoekin adibidez zur eta lur nago. Gaur halabeharrez trebatzen ari naiz. Whatsapp eta horrelakoak ez nituen ezagutzen”.
Kartzelak beti kentzen du, eman baino gehiago. Euskaraz bederen askoz hobeto moldatzen dela adierazi zion elkarrizketatuak. Teresa Todak egonaldia trebatzeko baliatu duela aitortu zuen, “asko irakurri dut eta kideekin euskaraz trebatu. Euskara oso garrantzitsua da espetxe barruan. Alde horretatik hori lortu dut. Beste bizipen onak izan ditut, eta txarrak ere bai”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!