Euskara ahora, andoaindarrei deia Euskararen Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 4a, 09:05

Hiztun kopuruan eta euskararen erabileran iragan hurbileko egoera nabarmen hobetu bada ere, erabileran sakondu beharra dagoela ohartarazi dute.

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna da. Aurtengoan, Andoaingo Udalak ekitaldia antolatu zuen Goikoplazan eta Kale Nagusian. Ekitaldi ofiziala Merkatu plazan burutu zuten, etagidak eta hiztegiak banatu zituzten bertaratu zirenen artean zinegotziek. Ana Carrere alkateak aurtengo Udal adierazpena irakurri zuen, zeinean andoaindarrei euskara ahora ekartzeko dei zuzena egin zien: “Euskarak erronka asko biltzen ditu bere baitan, eta ezinbestean, lanean jarraitzeko premia bizia dugu: dakigun euskara hori erabiltzea. Aurten Andoaingo kaleetan euskara zenbat erabiltzen den ezagutzeko, kale neurketa bat burutu da, eta neurketa horren emaitza hauxe: kalean entzuten diren sei elkarrizketatik bakarra da euskaraz (%18,8). Ahal baino gutxiago, eta guk nahi genukeena baino gutxiago”.
Euskara bizitzako arlo eta eremu guztietan erabiltzeko deia luzatu zuen: “hitz egin dezagun euskaraz, eros dezagun eta erlaziona gaitezen euskaraz. Euskara indartsu ikusi nahi dugu, orain baino indartsuago, Andoaingo gizarte-bizitzaren esparru guztietan. Eta horretarako zure, andoaindar guztion hauspoa behar-beharrezkoa da”.
Ikuspegi zabalago batetik, aurtengo Udal adierazpenak euskararen garapena ere balioan jarri nahi du, herri osoaren %70ak euskara ulertzeko gaitasuna duelako. “Oso pozteko datua da hori; izan ere, hogeita bost bat urte baino samurragoa da orain euskararen egoera gure herrian, urte horietan guztietan euskara ulertzen dutenen kopurua hirukoiztu egin baita. Faktore askok eragin du horretan, besteak beste: Guraso askok seme-alabentzat euskarazko irakaskuntza hautatu izana. Edota bere garaian eskolan ikasi ez eta gerora, euskaltegien eta Mintzalaguna bezalako egitasmoen bitartez, euskara ikasi, freskatu edo hobetu dutenak. Horiek guztiek merezi dute Udalaren aitortza eta eskertza, euren hautua bestelakoa izan balitz, etorkizun kaskarra izango lukeelako euskarak gure herrian”.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!