Etzi, ostegunean hasiko da II. Antton Pebet memoriala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko abe. 3a, 12:31

Ostegun honetan arratseko 19:00etan hasiko da Antton Pebet memorialaren bigarren ekitaldia, Behar Zana pilota elkarteak antolaturik.

Txapelketa hau 2009 zendu zen Behar Zanako pilotari zenaren omenez antolatzen da eta aurtengo ekitaldia 8 jaialdiz osatuko da; bertan egungo kadete, jubenil eta nagusi mailako eskulari onenek hartuko dute parte. Final handia 2014ko urtarrilaren 4an jokatuko da:

Ostegunean jokatuko diren bi partidak honakoak izango dira: 

Lehen norgehiagokan  LARRAÑAGA – MURGIONDO (Tolosaren ordezkoa) azpeitiarrek eta egungo Gipuzkoako Nagusien Ohorezko mailan azpitxapeldunak geratu direnek Villabonako herritarra den LIZASO eta Oiartzungo ANDER IMAZ izango dituzte aurkari. 

Lizaso, Pebet zenaren bikote izandakoak Imaz atzelari gaztea izango du lagun. Imazek bere golpea baliatu beharko du Lizasok errematerako pilota izan dezan. Larrañaga eta Murgiondo bestalde, faborito moduan irtengo dira eta beren egungo forma onarekin jarraitu nahi izango dute.

Bigarren partidan, iparraldeko pilotariez osaturiko 2 bikote lehiatuko dira. Alde batetik Mikel Pouetz eta Laurent Erreka eta bestetik, berriz, Mendy (Bixintxo Bilbaoren ordezkoa) eta Aguerre ariko dira. Lauren Erreka, Iñaki Lizasorekin batera Behar Zana Pilota Elkarteko ordezkari bakarrak izango dira.

Partida hauetako irabazleek final laurdenetako partida jokatuko dute abenduaren 22an.

Gogoan izan nahi da, txapelketak iraungo duen 8 jaialdietan, guztietan saski ederren zozketak izango direla eta lehen egunean, ostegun honetan hain zuzen, urdaizpiko eder baten eta sagardo kaxa baten zozketa egingo dela. Partida guztietarako sarrera doakoa izango da.


Sari bikainak

Antton Pebet txapelketaren ekitaldi honetan, babesle ezberdinen laguntza ikaragarria izan da. Txapelketak, 62 laguntzaileren babesa izan du Villabonako Udalarekin batera. 

Horregatik, goraipatu nahi dira pilotariek jasoko dituzten sari bikainak.

Nagusien mailako txapeldunek esaterako: 250€ko diru saria, iberiar urdaizpiko bat, Benta Aldea bodegoian bi laguntzeko afaria, Magnun krianza ardo botila eta sagardo kaxa bat etxeratuko dituzte, txapela eta garaikurraz gain.

Pilotari guztiek  sari ederrak izango dituzte eta urterik urte txapelketak bere maila hobetu eta herrian eta Gipuzkoan, pilota lagun, jaialdi ederrak antolatzen jarraituko du Behar Zana pilota elkarteak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!