Txapelketa ona burutu badu ere, Amaia Agirre billabonatarra, finalaurrekoetatik puntu erdira geratu zen Tolosako kanporaketaren ostean.
Tolosan, saio berean, finalaurrekoetara begira aurrera egin bazuen ere, puntu gutxitxo eskuratu zuen saio hartan Jexux Mari Irazu larrauldarrak eta Mauleko finalaurrekoan saio dotorea eginagatik, ez du BECerako txartela eskuratzerik lortu.
Aitor Mendiluze andoaindarra, berriz, Murgiako kanporaketan bikain aritu zen, ez hainbeste Mauleko atzoko azken kanporaketan. Zuberoan, ez zuen bere onena eman. Saioari neurria hartu ezinik ibili zela azaldu zuen agurreko bertsoan, ametsa balitz bezala igaro zitzaiola, nahi zuen maila eman ezinik; non eta lehen aldiz Maulen abestu zuenean. Hala ere, bi saioetako puntuak batuta, abenduaren 15eko final handian abestu eta bere onena erakusteko aukera izango du bertan andoaindarrak.