Aiurri: Zer dela eta Irati Irratian?
Arkaitz Almortza: Horixe bera galdetzen diot oraindik nire buruari, ea nola demontre bukatu dezakeen urnietar gazte bat Pirinioetako irrati batean... Makina bat tokitan ibili naiz kazetari eta irakasle gisa, eta esatari izateko aukera topatu nuenean, erronka polita bezala hartu nuen. Argi daukadana da inor ez zaizula etorriko lana eskainiz; jai duzu zeure kabuz ez bazara mugitzen, are gehiago kazetaritzaren mundua dagoen bezala!
Irratia duzu gogoko, beraz...
A.A.: Egape ikastolan zegoen Adarra irratian jardun nuen ikasle nintzenean, eta izugarri erakarri ninduen irratiak.
Deskribatuko zeniguke zer den Irati irratia?
A.A.: Izaera publikoa izanik, bi goi helburu ipini zituen orain hogei urte: Pirinioetako herri txikien sare bat osatzeko eta harremanak sendotzea batetik, eta bestetik euskarari bultzada ematea. Udal eta kontseju guztien babesa dauka, Irati kultur elkarteak kudeatzen du eta 170 bazkide ditu egun. 2011n Nafarroako gobernuak ematen zituen diru laguntza guztiak moztu zituen, eta irratia krisi sakon batean jausi zen etorkizunari begira. Nolanahi ere, herrietako udalek eta batez ere bazkideek apustu sendoa egin zuten irratiaren alde, eta iruditzen zait itxaropenez begira dezakegula etorkizuna. Hain zuzen, bazkideak omenduko ditugu abenduaren 7ko ekitaldian.
Zein da zure eginkizuna irratian?
A.A.: Egia esan, neu bakarrik nago irrati estudioan. Neronek egiten ditut elkarrizketak, audioaren kontrol lanak... Hala ere, Irati elkartekoen laguntza daukat, eta hainbat kolaboratzaile dauzkat inguruan gai ezberdinak jorratzen dutenak astero (sexologia, historia, nekazaritza...). Bi ordu eta erdiko programa emititzen du irratiak, eta gainerako orduak Nafarroako beste irratiekin (Leitza, Xorroxin, Lizarra eta Aralar) egindako konexioekin, errepikapenekin, musikarekin eta Arrosa irrati sareko programekin betetzen dira.
Nondik nora bideratzen dituzu bi ordu eta erdi horiek?
A.A.: Bailarako gertakizunez gain, gaur gaurko gaiak jarraitzea dut gogoko, eta alde horretatik, goizero, lau egunkari hartzen ditut; hortik abiatzen naiz eguneko programazioa jorratzeko. Lagunek-eta maiz esaten didate zein ondo pasa behar dudan Nafarroako errealitearekin, eta egiari zor, kazetari bati izugarrizko jokoa ematen dion lurraldea da!
Azken egunetan, zein gairi heldu diezu irratsaioan?
A.A.: Elkarrizketa polit eta hunkigarriak irten zaizkit azken aldian; esaterako, memoria historikoaren inguruan Nafarroako parlamentari batekin, edo eta Orbaizetako Lurdes Zabaltza, Intxaurrondon hil zuten Mikel Zabaltzaren arrebarekin; malkoak eta guzti irten zitzaizkidan Zabaltzarekin.
Zein eremu geografiko hartzen du irratiak?
A.A.: Estudioa Aribe herrian dago eta hortik Nafarroa Garaiko ekialdeko honako eskualdetara zabaltzen da: Aezkoa (Abaurregaina, Abaurrepea, Aria, Aribe, Garaioa, Garralde, Orbaizta, Orbara eta Hiriberri), Erroibar (Aintzioa, Ardaitz, Aurizberri, Bizkarreta, Erro, Esnotz, Lintzoain, Loizu, Mezkiritz, Orondritz eta Zilbeti) Luzaide, Orreaga, Auritz eta Agoitz. Guztira, milaka gutxi batzuk dira.
Zenbat emititzen du euskaraz?
A.A.: Euskara du ardatz nagusi, baina bertako errealitate soziolinguistikoari ezin zaio uko egin, eta malgutasunez jokatzen da; gazteleraz ere egiten dira elkarrizketak.
Zein da hizkuntzaren errealitatea zonalde hartan?
A.A.: Gazteek denek dakite, D eredua baita nagusi bertan.
Zenbatek ez ote zizuten esango zein gogorra behar duen izan Pirinioetako bizimodua, neguan batez ere...
A.A.: Bai, noski. Eta arrazoia ematen diet. 700 metrora dago Aribe herria bera. Esaterako, argindarra edozein unetan eteten da; jada ohitzen ari naiz elkarrizketa bat zuzenean egiten ari naizela eten behar izatera!
Urtean zehar Aurizberrin egiten dut bizimodua; han bada mugimendua, gazteen aldetik batik bat. Gaztetxea eta guzti dauka herriak!
Hogeigarren urteurrenean
Irati Irratiaren eguna
”Urnieta eta Andoaingoak esku zabalik hartuko ditugu. Piriniotan asteburu polita antolatu daiteke. Bada nekazalturismoko etxe franko, gainera”.
Abenduak 7, larunbata
Garralda herria
10:00 Suziriak herriz herri.
10:30 Azokaren irekiera.
11:00 Tailerrak, haur jolasak.
13:30 Omenaldi ekitaldia.
14:30 Herri bazkaria.
19:30 Pilota txapelketa, trikipoteoa.
23:00 Pirineo Rock: Victimize, Akort, Fierno, Eztanda batukada, Akaskarla eta DJ Tulubio.