Aita Larramendi ikastola, atzoko eta gaurko gurasoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko aza. 28a, 14:05

Lehen urte haietako eta gaur egungo gurasoen adierazpenak bildu ditu Aiurrik.

Miren Ezeiza eta Juantxo Olazabal gurasoak

Miren Ezeizak eta Juantxo Olazabalek ondo baino hobeto dakite zer den Andoaingo Aita Larramendi ikastolako guraso izatea, sei seme-alaba bertara eramandakoak baitira: Iñaki, Joan Jose, Imanol, Xabier, Iosu eta Miren Eskarne. Zaharrena, gainera, ikastolako lehen promoziokoa suertatu zen.
Ikastolaren sortzea nahiko isilpean eraman zela herrian, eta haren irekitzea bat-bateko gauza izan zela ia-ia, hori gogoan du Mirenek: “1963ko iraila heldu zen, eta artean ikastolarik ez zegoenez, lau urteko Iñaki gure lehen semea, Milagrosako mojen ospitalera bidali genuen, Kaletxikira. Hirugarrengo egunean, ordea, moja batek esan zigun ikastola ireki zutela Doña Juanitak utzitako etxe batean, Kale Nagusian eta ea umea hara bidali nahi ote genuen. Ez genuen eskola horren berri, baina euskaldunak sentitzen ginen eta geure umeei euskaldun hezteko guk eduki ez genuen aukera eman nahi genienez, ez genuen zalantzarik eduki. Lehenbiziko haurrak, mutilak gehienak, Mirari Ugalde andereñoarekin hasi ziren; geroxeago, Mari Paz Artolazabal heldu zen”.
Ikastolaren bultzatzaileak nortzuk ziren ikusita, ikastetxe berri horren hezkuntza proiektuan itsu-itsuan sinetsi zutela aitortzen du Juantxok: “Eugenio Arregi eta Manuel Lekuona apaizak nabarmentzen ziren batez ere; gizon prestuak ziren eta euskaltzale bezala ondo ezagutzen genituen. Noski, ikastola ez zen legala, eta gogoratzen naiz gurasoekin antolatzen zituzten bileretan, nola animatzen gintuzten: “ezkutuan bezala gabiltza, bai, baina gu euskaldunak gara eta haurrek aurrera segi behar dute!”.

Gurasoen parte hartzea
Ikastolak desafio egiten zion frankismoak ezarrita zeukan gizarte ereduari, eta hortaz, nahitaezkoa izan zen gurasoen inplikazioa: “Makina bat antzerki, dantza eta abar antolatu ziren! Santa Ageda egunean ere, gurasoak kantari ateratzen ginen baserriz baserri, ikastolarentzat diru eske”. Nolanahi ere, Mirenek, aldamenetik, orduko gizarte tradizionala islatzen duen ñabardura aipatu nahi izan du: “horrelako egun eta ospakizunetan, gizonak libertate gehiago zeukaten kalera ateratzeko; emakumeak haur txikiak zaintzen geratu behar izaten genuen etxean! Umeen zainketan ez ezik, baita umeen baserritar jantziak josten ere!”.
Sei seme-alaben ikasle ibilbideei esker, Txistoki eta Bazkardoko bi eraikuntza nagusiak zutitu aurretik, ikastolak Andoaingo bazterretan eduki zituen gela guzti-guztiak ezagututakoak dira Miren eta Juantxo, guraso gisa. Alabarik gazteenak -Miren Eskarnek-, ikastolako ikasketa zikloa amaitu zuenean, eten egin zitzaizkien ikastolarekin zeuzkaten loturak, normala denez. Nolanahi ere, makina bat urteren ostean, ikastola beren bizitzako parte izatera egokitu zaie berriro, hirugarren belaunaldiaren eskutik. “Beñat eta Leire Zizurkilen bizi dira, eta Jokin Iparraldean, baina laugarren biloba, Izaro, Andoaingo ikastolan matrikulatu dute. Aita Larramendi ikastolak gure haurrak euskalduntzen segitzen du, sokak segitzen du”.

 

Larraitz Otaño eta Xabier Aizpurua gurasoak

Larraitz Otaño eta Xabier Aizpurua guraso gazteak heldu berriak dira Aita Larramendi ikastolak osatzen duen komunitatera. Aiara, alabak, bi hilabete daramatza Bazkardoko ikas-geletan, eta Aimar, hurrengo ikasturterako matrikulatu dute. Sartu besterik ez dira egin ikastolaren eguneroko dinamikan guraso gisa, baina jada eduki dute denbora iritzia osatzeko, Xabierrek adierazi duenez: “gure alaba oso gustura dabil Olaia irakaslearekin; ikusi dugu arreta nahiko pertsonala eskaintzen zaiela haurrei, eta, oro har, ikastolak hezkuntza proiektu sendoa duela iruditzen zaigu. Bazkardoko haurren ikastetxe hori, gainera, oso polita eta umeentzat erakargarria egiten da”. Urtetik urtera matrikulazio kopurua gehitzen joatea izan daiteke hezkuntza proiektuaren kalitatearen erakusgarri, bien iritzirako.  
Larraitz eta Xabierrek ez dute ahazten ikastolan ikasi eta hezitakoak direla. “Bertan igaro genuen bizitzako aro luze bat, eta oroitzapen onak gordetzen ditugu. Gainera, bertan egin genituen lagunak, eta horiekin batera koadrila osatzen jarraitzen dugu gaur egun. Gure gurasoek euskara eta euskal kulturan txertatuta hezteko aukera eman ziguten, eta geuk ere horixe eskaini nahi diegu Aiara eta Aimarri”, azaldu dute.
Bikain ezagutzen dute Andoaingo  ikastolaren jatorria, zergatia eta zeregina, eta alde horretatik, Andoainen euskara zabaltzen berrogeita hamar urtean egin duen lana goraipatu nahi dute biek ere; “euskara herrian entzuten bada, ikastolen mugimenduari esker da neurri handi batean” gaineratu du Larraitzek. 

Gurasoen ekarpena
ikastolan
Oraindik ez dira hasi ikasgeletatik kanpo ikastolaren hezkuntza proiektuaren inguruan sortzen diren ekimen ezberdinetan parte hartzen; Larraitzek adierazi du horren zergatia: “Haur txikiak dauzkagu, eta oraingoz, nahiko lan daukagu biak ere mendean hartzeko eta aurrera ateratzeko. Urtetan aurrerago, koskortzen hasten direnean, orduan edukiko dugu denbora batean edo bestean sartzeko. Pena pixka bat hartu dugu, baina Kilometroak edo eta egunotako urteurreneko ekitaldiek, esaterako, urrun samar harrapatu gaituzte”.
Ikastolaren bizitza aberasteko gurasoen ekarpena garrantzitsutzat jotzen badute ere, ez dute ahaztu nahi Andoaingo ikastolan historikoki gertatu dena: guraso askoren hizkuntza praktika okerra. Halaxe azaldu du arazoa Xabierrek: “Buruan badaukagu kendu ezin dugun txipa, eta adierazten diguna euskara haurren kontua dela eta behin heldutasunera iritsita gaztelaniaz hitz egin behar dela. Guraso askorengan dago sustraituta gaitz hori. Haurrek, noski, eredu hori jaso eta ikasi egiten dute! Joera hori euskaldun peto-petoei ere sumatzen zaie eta arazo kezkagarria da benetan. Gu ikasleak ginen garaian gertatzen zen, eta ohartuta gaude oraingo kontua ere badela”. 
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!