1963ko azaroan ekin zioten Andoainen euskaraz irakasteari, hura izan zen herriko euskaltzaleen mugarrietakoa. Baina gertaerek beti ezkutatzen dute azpi gertaera batzuk eta Garazi Kamio aurkezleak maisuki azaldu zuenez, Andoaingo ikastolaren sorrera ulertzeko hamabost urte atzera egin behar da. 1948. urtera hain zuzen, Juanita Alkainek Tolosako notaritzan bere azken borondatea zein zen idatzita utzi zuenekoa. Hiltzen zenerako bere etxea euskara irakasteko eskola bilakatzeko asmoa agertu zuen idatziz. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen orduan, zenbat zor dion euskarak Juanita Alkaini! Andoainen ondo gogoan dute, 2013an ere.
1963ko azaroaren 12an, astearte batez –aurten ere halaxe tokatu da–, euskaraz eskola ematen hasi ziren Andoainen. Geroztik ibilbide luze eta oparoa egin du ikastolak teilatupe ezberdinetan. 2012ko Kilometroak jaian lortutako diruari esker azken teilatupea ikasturte honetan zabaldu dute. Basteron musika eta antzerkia lagunduta, teilatupe ezberdinetan ikastolaren eragile izan diren guraso, irakasle eta ikasleak omendu zituzten. Ikastolaren urteurrenean omenaldia haiek guztiek merezi zutelako.
Omendu guztien eta ikusleen artean, Urkiko dantzarien mugimenduei begira, denek ere Pantxoa ta Peioren Plazara kantua abestu zuten. Kantuak ez du indarra galdu, behar beharrezkoa da oraindik ere: “Plazara, Euskara plazara! Euskaldun irakasle eta ikasleok, dantzara! Plazara, dantzara! Geure herriaren geroa bait gara!”.
Aita Larramendi ikastolak oraina badu, iraganari esker izan da. Eta etorkizuna eguneroko lanean oinarrituko da, beste berrogeita hamar urte bete arte.