Antolaketak ondotxo iragarri duenez, “azken finalaurrekoa izanik, saio erabakigarria izango da, horretan erabakiko baita zeintzuk izango diren abenduaren 15eko finalean Maialen Lujanbiorekin batera kantatuko duten beste zazpi bertsolariak”.
Aurreko bi finalaurrekoak igarota, finalean egongo dira Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi. Mauleko saioan goian ibiliz gero, finaleko zortzikotea osatuko lukete Sustrai Colinak eta Aitor Mendiluzek.
Aukerak badituzte, gutxiago hala ere, Alaia Martinek edota Unai Agirrek.
Antolatzaileek adierazi dutenez, Maule-Lextarreko finalaurrekorako sarrerak salgai izango dira han bertan 16:00etan hasita. Internetez ere www.bertsosarrerak.eu atarian eskuragarri daude.
Aitor Mendiluzek bosgarren aldiz parte hartuko du Txapelketa Nagusian. 1997an finalaurrekora iritsi zen. Geroztik, 2001, 2005 eta 2009ko edizioetan finaleraino iritsi da. Maila handikoa da, oso erregularra. Urteotan erakutsitakoaren bidetik jarraituz gero, andoaindar bat izango da abenduaren 15eko finalean. Zorte on, Aitor!