Jose Mari Luengo alkateak adierazi duenez, Tolosaldean futbol zelai artifizialen inguruko egoera ikusita, Federazioarekin bilerak egiten hasi eta akordio batera iritsi ziren, "futbol zelai artifizialen falta nabarmena da eskualdean, Tolosako Usabal kiroldegiak soilik baitu halakorik. Egoera hori ikusita, Federazioarekin batera, Zizurkilgo Danena futbol zelaian gauzatzeko akordioa adostu dugu. Federazioak gastuen herena ordainduko du". Alde bakoitzak bere aldetik ahalegin handia egin duela nabarmendu eta eskerrak eman dizkie Luengok Federazio nahiz Danena futbol taldeko ordezkariei, egindako esfortzuagatik.
Juan Luis Larrea Federazioko lehendakariak, euren dirua Madrildik datorrela zehaztu du, "Gipuzkoara datorkigun laguntza kinieletatik jasotzen dugun %1etik datorkigu. Diru hori antzeko ekimenak egiteko bideratzen dugu", azaldu du.