Atez ateko bilketa sistemaren emaitzak Villabonan eta eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko aza. 22a, 14:50

Amasa-Villabonan atez ateko zabor bilketa sistema abian jarri zenetik lau hilabete igaro direnean, balorazio positiboa egin dute Udalak eta Tolosaldeko Mankomunitateak. "Oraindik epe luzeko daturik ez dagoen arren, atez ateko bilketak emaitza ikusgarriak eman ditu Amasa-Villabonan. Birziklapen tasak irauli egin dira, eta Europako puntan kokatzen gaitu horrek hondakinen kudeaketan", jakinarazi dute.

Zizurkilgo kasuan, kamioiak zabor bilketa herri gehiagorekin batera egiten duenez, oraindik ez dituzte Zizurkili lotutako datu zehatzak, bai ordea, eskualde mailakoak.

Jarraian, Tolosaldeko Mankomunitateko kideek igorritako datuak: 

Oraindik epe luzeko daturik ez dagoen arren, atez ateko bilketak emaitza ikusgarriak eman ditu Amasa-Villabonan. Birziklapen tasak irauli egin dira, eta Europako puntan kokatzen gaitu horrek hondakinen kudeaketan.

Dagoeneko, erraustegiaren mamua uxatu da. Hauteskundeetara aurkeztu ginenetik argi genuen gure apustua Zero Zabor bidea jorratzea zela. Oraindik badugu zer hobetua, baina oso harro gaude herritarren erantzunaz. Gure ahalegin osoa jarri dugu gai hau herritarrekin landu eta aurrerapausuak elkarrekin eman ditzagun.

Ez dugu beti asmatu, eta hori ere hobetzeko zerrendan daukagu. Hobetzeko bide horretan, positibotzat har genezake herrian gai honek sortu duen eztabaida: batetik, hondakinen arazoa azaleratu delako eta ikuspegi ezberdinak ezagutu ditugulako; bestetik, parte hartze zuzena bermatzeko tresnak falta ditugula ikusi delako.

Hutsune horiek betetzen saiatzea da orain gure erronka, eta horren erantzun zuzena da hilabeteotan herritarrekin landuko dugun parte hartze prozesu arautzailea.

Aurrera begira lana geratzen bazaigu ere, aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen ahaleginagatik. Izan ere, ohiturak aldatzea ez da erraza eta zuetako bakoitzaren esfortzuak egin du posible datu hauek lortzea. Zorionak guztiei, hau herriaren lorpena baita.

Oraindik hilabete gutxi pasa diren arren, norabideak eta kopuruek argi erakusten dute birziklapen tasa lehen unetik irauli dela. Badira lehenagotik ondo bereizten genituen frakzioak, beira, esaterako. Papera eta ontzi arinak nahiko ondo bereizi arren oraindik bazen bereizten ez genuen zati bat. Hala ere, alderik handiena organikoak egin du, sortzen dugun hondakin guztien erdia izaki, errefusari zuzenean %50 kendu diogula esan daiteke. Horrek, atez ateko bilketak ontzi arinak hobeto bereiztea eragin digula gehituta, birziklapen tasa iraultzea suposatu du. 

Oharra: erabili diren datu guztiak atez ate biltzen diren gaienak dira (ontzi arinak, materia organikoa eta errefusa). Papera ere pisatu da eta datuen kalkuloetan gehitu da.

Atez ateko bilketa sistemaren eraginez, biltzen den errefusa %20koa da, eta aurrez esan moduan, organikoa da aldaketaren eragile nagusia. Honek esan nahi du, lehen zabortegira hondakinen %74a eramaten genuela, eta gaur egun % 20koa soilik eramaten dugula hara tratatzera. Horrek tratamendu kostea jaistea dakar, eta zer esanik ez ingurumenaren kostuaz.

Lehen frakzio batzuk ondo bereizi arren, herrian gaika sailkatzeko ohitura ez zen orokorra. Orain, guztion ahaleginarekin (bai baitakigu ohiturak aldatzea ez dela erraza) frakzio guztiak bereizten hasi gara, eta horrek aldaketa handia eragin du.

Gaikako bilketa Villabonan 2012ko irailean 

12,81% (papera)

5,37% (ontzi arinak)

0,05% (organikoa) 

81,76% (errefusa)

Gaikako bilketa Villabonan 2013ko irailean 

21% (papera)

15% (ontzi arinak)

45,11% (organikoa)

19,23% (errefusa)

Gaikako bilketen berri, banaka

Ontzi arinak: Hau da orain arte bereizten zen frakzioen artean adibidea, zer hobetua badagoela ikusteko. Atez ateko bilketaren aurretik ere bereizten zen, baina guztiok ohitura horretan sartu gabe geunden edo zenbait material ez genuen ondo identifikatzen. Ikusi besterik ez da, atez ate biltzen den momentutik birziklapena nola igo den.

Papera eta kartoia: Frakzio hau herritarren eskariz edukiontzietan biltzen da egun. Dena den, txalotzekoa da jaso duen bilakaera. Izan atez ateko bilketagatik edo izan birziklapenaren inguruan egindako sentsibilizazioagatik, nabarmen igo da sailkatzen den paperaren kopurua, eta hori poztekoa da; beste behin, zabortegira doan kopurutik kentzen delako.

Errefusa: Berziklatu ezin den, eta horrenbestez zabortegira eraman behar den hondakina litzateke. Atez ate bildu aurretik ohiko edukiontzi berdeetan biltzen genuen, eta ikusi dugun moduan %74a zen. Erronka nagusia hori murriztea zen, zabortegien arazo larria arintzeko aukera bakarra. Egun koska handia kendu zaio, eta harro egoteko modukoa da.

Organikoa: Orain arte frakzio hau bereizten ez zenez, errefusarekin bateratuta zabortegira zihoan. Argi dago, bereizten dugun datu apurra positiboa izango dena. Hala ere, koska handia egin da, eta organikora botatzen dugun materia guztia zabortegiari kentzen diogu, erabilpen bat emateaz gain.

 

Zizurkilen zaborrak biltzen dituen kamioiaren ibilbidea Alegi-Anoeta-Irura-Zizurkil izaten da (Villabonak bere ibilbide propia du) eta, ondorioz, ez dute Zizurkili soilik lotutako datu zehatzik oraindik. Tolosaldeko Mankomunitateak, hala ere, aipatu lau herri horietako datuei Amasa-Villabonakoak gehituta, ondorengo ondorioak atera ditu:

 

Gaikako bilketa, 2012ko irailean

-% 0 (organikoa).

-%4,6 (ontziak).

-%10,9 (papera).

-%84,5 (errefusa).

Gaikako bilketa, 2013ko irailean (Anoeta, Alegia, Irura, Villabona eta Zizurkil)¡.

-%50,5 (organikoa).

-%15,3 (ontziak).

-%18,4 (papera).

-%15,8 (errefusa).

Atez atekoari esker, gaika sailkatzea nahitaezko bihurtu da, eta orduan eman da gaika sailka­tzearen inguruan saltoa. Hala, nabaria da iazko irailean eta aurtengo irailean atez ateko herrie­tan bildu den hondakinen sailkatzeak izan duen aldaketa. Diferentzia benetan eragiten duena, materia organikoa bereiztea da. Lehen zabortegira eramaten zen hondakin guzti hori, gaur egun ongarri bihurtzeko erabiltzen da. Gauzak ongi egitean, emaitzak ere onak izaten dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!