Libre eguna Villabonan larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko aza. 21a, 11:27

Larunbatean, azaroaren 23an, Libre eguna izango da Villabonan. Goizean hasita, egitarau zabala antolatu du Libre epaiketarik ez! plataformak egun osorako: Herri kirolak, soka tira desafioa, mosaikoa, bazkaria, erraldoi eta buruhandiak, bertso triki poteoa, kontzertua...

Jarraian Villabonako Libre epaiketarik ez! ekimenaren prentsa oharra eta larunbateko egitarau zehatza:

Pasa den urrian gazte independentisten eta ezker abertzaleko hainbat kideren aurkako epaiketak abiatu ziren Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Guztira 76 euskal herritar aurkitzen dira akusatuen aulkian hainbat urteetako kartzela zigorren eskaerei aurre egin beharrean. Gainera Euskal Herrian zehar dauden 100dik gora elkarte eta taberna ere ixteko arriskuan daude.

Villabonan oso gertutik bizi dugu egoera hau, gure herriko Mikel Ayestaran gaztea auzipetuen artean baitago. Duela lau urte, Mikel eta beste 34 gazte atxilotu zituen Polizia Nazionalak. Inkomunikatuta egon zen egunetan poliziaren aldetik tratu txarrak jasan behar izan zituen eta epaiketarik gabe urte bete inguru kartzelan iragan ostean, orain berriz askatasuna galtzeko arriskuan dago. Eta hau guztia lan politikoa egiteagatik! Gazte militantea izateagatik! Ez dago eskubiderik! Hori gutxi balitz, amorruz ikusi behar izan dugu Auzitegi Nazionalean polizia torturatzaileek testigu bezala deklaratu zuten unea.

Bestalde, Villabonako Iratzar elkartea ere arrisku bizian daukagu. Ezker abertzaleko 36 kide epaitzen ari diren “Herriko tabernen auzia” deiturikoan biltzen diren elkarteen artean aurkitzen baita.

Madrilen garatzen ari diren epaiketa hauek beste zigor erantsi bat ere badute. Auzipetuek eta beren familiek egin beharreko desplazamendu eta egonaldiek sortzen dituzten gastu handiei aurre egin beharrean aurkitzen baitira. Epaiketa hauek guztira 1.000.000 € inguruko gastua izango dutela aurreikusten da.

Aipatutako guztiagatik, eta auzipetuei elkartasuna eta babesa adierazteko, duela 2 hilabete Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala Villabonan ere LIBRE ekimena martxan jartzea erabaki genuen. Gure helburua herri elkartasuna bultzatzea eta aipatutako gastuei aurre egiten laguntzeko elkartasun ekonomikoa bideratzea da.

Norabide horretan, datorren azaroaren 23an LIBRE EGUNA antolatuko dugu Villabonan. Hona hemen egun horretarako antolatu dugun egitaraua:

11:00 Herri kirolak errebote plazan (eguraldi txarrarekin Behar-zana frontoian). Amasa, Villabona, Zizurkil eta Asteasuko taldeak izango dira lehian.

ondoren: Soka tira desafioa. Villabona, Tolosa eta Andoaingo taldeen artean.

13:00 Mosaikoa Malkar plazan.

14:30 Herri bazkaria Berdura plazan (eguraldi txarrarekin Kultur etxean) 

17:00 Erraldoi eta buruhandiak errebote plazatik.

18:00 Bertso triki poteoa herriko kaleetatik.

22:00 Kontzertua Berdura plazan. Desira eta Gorkore taldeekin.

Amaitzeko DJa izango da Gaztetxean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!