Zizurkilen, 2013ko azaroaren 20an
Herritar hori,
Bando honen bitartez, Zizurkilgo Udal gobernuak gogor salatu nahi du Belvédère multinazionaleko zuzendaritzak Zizurkilgo Marie Brizard lantegia ixteko hartutako erabakia. 48 langile kalean uzteko erabakia hartu du, horretarako Espainiako Gobernuaren erreforma laborala baliatuz, hau da, langileei lan egindako urteko 20 eguneko ordainsaria soilik eman nahi die.
Nabarmentzekoa da aurrez Perot-en kasuan bezala, Zizurkilgo enpresa erabat bideragarria dela eta irabaziak izan dituela azken urteetan, multinazionaleko beste enpresak finantziatzeko erabili den dirua. Honek guztiak, argi uzten du erreforma laboralak langilea erabat babesgabe uzten duela patronalaren aurrean. Ekonomia eredu jakin baten bidegabekeria ere erakusten du, kapitalismo basatiarena.
Udal gobernu honek, babes osoa adierazi nahi die 48 langile horiei, eta Udalaren bitarteko eta laguntza eskaini behar dutenerako. Era berean, zizurkildarrei dei egiten diegu antola litezkeen mobilizazioetan parte hartzera. Enplegu duinaren defentsa guztion zeregina baita.
Alkateak,