1953ko uholde ikaragarriak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 18a, 13:06

Urriaren 14-15ean 60 urte bete dira Gipuzkoak XX. mendean akaso jasan duen uholderik izugarriena gertatu zela. Andoainen pertsona helduenek ondo gogoan edukiko dute zenbat hazi ziren Oria eta Leitzaran ibaiak, eta zenbateko txikizioak utzi zituzten bazterretan, Zumea eta Kale Nagusian, Txistoki zubian, Sorabilllan eta SAPA lantegiko inguruetan batez ere.

1953koa 1933ko ekaineko eta 1983ko abuztuko uholdeak baino latzago izan zela diote askok. Prezipitazioak egundokoak izan ziren ordu gutxitan eta Urola, Deba, Oria eta Urumea ibaien urek gainezka egin zuten hainbat herritan.
1953ko urriaren 14tik 15era, 24 orduz, 300 litro metro karratuko jaso ziren Gipuzkoako zenbait tokitan; urriaren 14an, Igeldoko estazio meteorologikoan, esaterako, 11,2 litro jaso ziren gaueko 23:00etan, bost minutuko tartean. Uholdeak 27 hildako eragin zituzten guztira; horietatik 22 Zestoan, autobus batek istripua edukita. Makina bat etxe eta baserri urak itota geratu ziren, eta kale gorrian haien bizilagunak. Industriako azpiegitura ugari txikituta geratu zen, miloika pezetako galerak eraginez.
Plazaolako trenbidearen amaiera ere ekarri zuen eurite latzak. Izan ere, Leitzarango ibaiak hainbat zubi, azpiegiturak eusteko hormak eta bestelako eraikuntzak aurretik eraman zituen. Jada krisiak jota zegoen trenbidea zen, eta uholdeek azken kolpea eragin zioten; sasoi hartan Bidasoako trenbideari ere antzekoa gertatu zitzaion. Eragindako txikizioak konpondu ahal izan ziren puska batera, baina harrezkero bidaiatzeko zerbitzua itxi eta soilik merkantzietarako (egurra) garraio gisa erabili zen, harik eta 1958an errailak kendu egin zituzten arte.  

Truchuelo, aparteko lekuko
Emilio Truchuelok atera zituen 1953ko uholdeei tamaina hartzeko lagungarri zaizkigun argazkiak. Irudiak ez ezik, euri jasaren inguruko datuak gorde ditu argazkilariak; izan ere, Laborde lantegiko langilea izanik bertan zegoen estazio metereologikoaren arduraduna baitzen. “Ni hamalau urterekin hasi nintzen lantegian, 1942an. 1946an, Igeldoko begiralekuaren ekimenez, hainbat estazio txiki jarri ziren Gipuzkoan zehar; Laborde lantegian horietako bat. Delineante eta iragarkien marrazkilari nintzen ogibidez lantegian, baina goizero, 09:15etan, hogeita lau orduz gertatutako fenomeno klimatologiko guztiak jasotzea egokitzen zitzaidan”.
Bere ustez, 1983koaren antzekoa izan zen 1953koa. Erreferentzia ezberdinek, behintzat, hala diote: “esaterako, Santa Krutz ermitako kristoaren gerriaren parera iritsi ziren ur mailak batean zein bestean”.
 Paperetan idatzita dauzka 1953ko xehetasun guztiak: “Urriaren 11n, igandearekin, eguerdian hasi zen euria. Gehitzen joan zen poliki-poliki, eta 14an ekin zion gogor, euria goian beheran izugarri eginez. Gauez egin zuen gehiena. Hurrengo eguneko goizaldean, pixka bat behera egin zuten Leitzaran eta Oria ibaien uren mailak, eta argazki kamera txiki bat hartu, Txitibar parean zegoen gure etxeko (Larramendi 2) teilatura igo, eta argazki mordoa atera nuen alde batera eta bestera. Egundokoa zen, edonor atsekabetzeko moduko paisajea! Kaleak ubide bihurtuta! Metro batera iritsiko zen Zumea kalean! Ondoren, kalera irten nintzen arrantzarako botak jantzita”.
Kamera txikia eskuan zuela, Labordera abiatu zen, bidean Kale Nagusia, Txistokiko zubia eta SAPAko inguruetan argazkiak atereaz. “Labordeko estazioan ikusi ahal izan nuen hogeita lau ordutan gutxienez 230 litro egin zituela metro karratuko”. Arratsaldean, bi ibaiak goizean baino hustuxeago zetozen, normaltze bidean zihoan bi ibaien ur-emaria, eta ondorioz, halakoetan beti gertatu ohi den bezala, azaleratzen hasi zen giza hondamendia: “kaleak loiez, harriz eta enbor eta adarrez josita agertzen ziren. Herritar ugari, berriz, hondakinak kentzen eta etxeak, etxe beheak eta dendak garbitzen hasi zen. Azpimarragarria da jendeak erakutsi zuen elkartasuna!”.
Ez zen giza galerarik gertatu Andoainen zorionez, baina gertakari larri bat aipatu du Emilio Truchuelok: “Kale Nagusiko familia batek estualdi latza bizitu zuen aurreko gauean. Eraitsi egin zen etxearen aurrealdeko horma (Itzala taberna zenaren gaineko etxea), eta kaleak ibai baten antza hartu zuenez, ohol bat zubi gisa erabilita atera behar izan zuten”.
Andoainen benetako zirrara eragin zuen uholdeak, eta jendearen eskariari erantzunez, Emilio Truchuelok argazkiak ikusgai jarri behar izan zituen, Juanito Nabarrok Bastero ondoan zeukan dendako erakusleihoan hain zuzen. “Herritar askok kopiak eskatu zizkidan, eta horrek zer pentsatua eman zidan. Horrela, argazkilaritzan murgiltzera animatu nintzen. Anaiak ere bat egin zuen nire asmoarekin, eta lehenbizi, etxean moldatu genuen argazki estudioa; 1962an, berriz, Kale Nagusian denda ireki genuen”.

Familia baten hil ala biziko trantzea
Olazabal Lopez de Munain familia izan zen hil ala biziko egoera bizitu zuena, Truchuelok aipatu bezala. Familia horretako zenbait kide, gertakari hura kontatzeko bildu dira, bakoitzak gogoan dauzkan xehetasunak azalduz. Adierazi dutenez, Kale Nagusiko etxe horretan lau familia bizi ziren, aurreneko eta bigarrengo solairuetan banatuta. Jose Olazabal eta Paskuala Lopez de Munainek osatutako bikotea bigarrengoan bizi zen. Uholdeak gertatu baino egun batzuk lehenago, irailaren 27an, Tere eta Mertxe bikiak eduki zituzten.
Aita Leitzarango zentral hidrolektrikoko behargina zen, eta urriaren 14an euri jasa etengabea zela eta, bertan geratu behar izan zuen makinak zein kanala zaintzeko. Bien bitartean, gauez, Leitzaran eta Oriako ur-emaria Kale Nagusia erabat hartzen joan zen, noizbait etxeko lehen solairuraino iritsi zelarik. Kalera irten ezinik eta beldurrak jota, goiko solairuan bildu ziren lau familiak. Errezatzera jarri omen ziren, ibaia gehiago hazi ez zedin erreguak egiteko.
Horretan ari zirela, etxeko ezker aldeko hormaren puska bat hautsi zen. Hain justu, sukaldeak eta bikien logelak horma horrekin egiten zuten bat.
Hormarik gabe, inklinatuta geratu zen etxeko zorua; umeak, berriz, sehaskan eta txirrist eginda ibaira erortzeko arrisku bizian! Ama ausartu omen zen umeengana iritsi, horiek besoetan hartu eta aldameneko etxebizitzara eramatera.  Han ere seguru sentitzen ez, eta kaleko bizilagunekin batera, oholtza bat jartzea erabaki zuten balkoitik parean zegoen baratzeko hormaraino iristen zena. Batere argindarrik gabe eta ubidea oinpean zutela, ohol estu batean zeharkatu behar izan zuten balkoitik hormara zihoan zatia, lau familiek. Truchueloren argazkietako batean, igarri daiteke Kale Nagusian zeharka jarri zen ohola.          
Etxe hartako familien eta batez ere bi jaio berriek bizitutako komeria oso aipatua izan zen herrian hurrengo egunetan. “Uretatik libratutako Moisesak” bezala ezagutu ziren bi haurrak geroztik; gogoan hartu zuten Bibliak kontatzen duen pasartea Moises haurrak Nilo ibaian bizitu omen zuenaren inguruan.


Argazkiak: Emilio Truchuelo.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!