“Hirurogeita hiru urtetik
bi mila eta hamahirura
berrogeita hamar aldiz izan du
ikastolak urtemuga
On Eugenio Arregik martxan
jarri zuen asmo hura
denborarekin sendotu eta
urrezkoa bihurtu da”.
Aitor Mendiluze, 2013ko iraila
Andoaingo Aita Larramendi ikastolak bere historian mugarri berria jarriko du udazken honetan, sortu zeneko berrogeita hamargarren urteurrena ospatuko duelako. Zailtasun eta langa ugari gaindituz ibilbide oparoa egin du. Estuasunak eta garai zailak alde batera utzi eta ospatzeko garaia iritsi da. Ospatu, ospatu beharra dagoelako.
Ikastetxeak garrantzia handiko eragileak dira gizarte bizitzan eta Gipuzkoan ikastolak bereziki euskararen berrindartzean ezinbesteko izan dira. Ezin uka hori. Andoainen Aita Larramendi ikastola sortu zutenek eta iraunarazi dutenek meritu hori dute. Datozen asteetan, beraz, ikastolaren inguruko albisteak eta ekitaldiak biderkatu egingo dira.
Irailean dagoeneko, Sorabillako jaietan, auzoko jai batzordeak omenaldia eskaini zion ikastolari. Ekitaldi hartakoa da Aitor Mendiluzeren bertsoa. Ibilbide oso bat bertso bakarrean ederto laburtu zuen.
Bertso hura idatzi baten pasartea zen. Idatzi ederra landu zuten ikastolari gorazarre egiteko, atzera begiratzeak tarteka eskaintzen dituen onurez jabetzeko: ”atzera egiten dugun neurrian konturatzen gara zenbat egin dugun aurrera. Zenbat lan, ilusio, testigantza eta historia txiki diren gaur bat eginda ospatzen ditugunak. Eta horrek biharkoan pentsatzera garamatza, beste ikasturte berri baten hasieran, eta zenbat lan, ilusio eta historia txiki lotzen jarraitu behar dugun...”.
Ospakizun ugari iragarri dituzte datozen asteetarako. Zorionak!
Urteurrena ospatzeko egitaraua:
Azaroaren 12an hasiko dira jarduerak eta abenduaren 3an euskararen eta ikastolen Xabier egunarekin amaituko dira ospakizunak.
Azaroak 12, asteartea
25.urteurreneko eskulturaren lekualdatzea.
Azaroak 15, ostirala
Bertso afaria Zumeatarra elkartean.
Azaroak 17, igandea
Mendi martxa Belkoain magaletik Aduna aldera.
Abenduak 1, igandea
Atonduren eskutik: “Euskal jantzi tradizionala XXI mendean”.
Bastero, ekitaldi aretoa.
Abenduak 2, astelehena
Atonduren eskutik, jantzi tradizionalen inguruko tailerra.
Aita Larramendi ikastola.
Azaroak 23, larunbata
Omenaldi-ekitaldia: “50 urte: Ikastolaren izana eta ikastolakide izandakoak oroituz”.
Bastero, auditorioa.
Azaroak 29, ostirala
Xabier egun bezperetako batzordekide ohien afaria San Esteban erretegian.
Azaroak 30, larunbata
Euskararen egunaren ospakizunak, goizean kalean eta Zumea plazan; arratsaldean ikastolan.
Abenduak 3, asteartea
Xabier egunaren ospakizuna ikastolan.