Aiurri astekariak etena egingo du urriaren 21etik azaroaren 20ra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 18a, 12:44

Hilabeteko etenaldia erabatekoa izango da Aiurri astekariari, webguneari eta hamaboskariari eragingo diona.

Estuasun ekonomiko larriak eraginda, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Aiurriko ekoizpena hilabetez eten egingo du. Eten hori urriaren 21ean hasiko da, azaroaren 20ra arte luzatuko dena. Gauzak horrela, datorren asteetan Aiurri astekaria ez da Andoaingo eta Urnietako buzoietaraino iritsiko. Aiurri.com webguneak ere lau asteetako etena izango du. Neurri gogorrak aktualitateari begira bizi nahi duten Buruntzako irakurleentzat eta, nola ez, Aiurriko lan taldearentzat.
Aurreko urteetako joera negatiboa geratzeko, euskara elkartea 2013a galerarik gabe amaitzen ahalegintzen ari da. 2012a dagoeneko urte txarra izan zen eta 2013a ere txarto doa. Gastuei eustea lortu da, baina sarrerek behera egiten jarraitzen dute. Astekariari dagokionez, publizitateari dagokio galerarik handiena. Jasangaitza bilakatu da urteko dozena bat mila euro galtzea. Gauzak horrela, eta beste irtenbide hobeagorik topatu ezinik, neurri gogorrak hartu behar izan dira: hilabeteko etena ekoizpenean eta lan talde osoa etxera. Langile batzurekin lan etetea egingo da, besteekin ERE delakoa aplikatuko da.
Azaroaren amaieran itzuliko dira Aiurri astekaria eta Aiurri.com webguneko edizio jarraitua, xede bakarrarekin: etena egitasmoa indarberritzeko baliagarri izan dadila. Urtea amaitu bitarteko Aiurri astekarien ondoren, 2014ko astekariak iritsiko dira. Urte berriko horiek bereziak izango dira, astekaria martxan jarri zeneko hamargarren urteurrena betetzen delako. Hamabi hilabete barru egoera hobean egongo garen itxaropenez.

Finantziazioa
Aiurrik aurrera egin ahal izateko hiru diru-iturri nagusi ditu: erakunde publikoen diru-laguntzak (Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza), publizitatea eta urteko kuota ordaintzen duten bazkideak eta harpidedunak.
Bizi dugun krisialdiak ez dio inori laguntzen, ezta euskalgintzari edota euskal komunikabideoi ere. Dena esatera, Andoaingo Udalak eta Urnietako Udalak agintaldi ezberdinetan jokabide txalogarria izan dute Aiurrirekin. Eta jakitun gara Aldundia eta Jaurlaritza ahalegin berezia egiten ari direla euskalgintzan.
Publizitatean, ordea, eta hau orokorra da sektorean, galera handia nabaritzen ari da. Urtez urte jaso gabekoa kontuan hartuz gero, milaka euro batzuk zenba daitezke.
Urteko kuota edo harpidetza saria ordaintzen duten herritarren kopurua handitzea ezinbesteko ikusten da.
Gaur-gaurkoz, urteko aurrekontua osatzeko garaian, Aiurri astekaria aurreikuspenak bete ezinik dabil. Eta, ondorioz, diru kopuru garrantzitsua jaso ezinik, zail egiten da aurrera egitea.
Etena egin behar da, aste gutxira berriro itzultzeko.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!