Hilabeteko etenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 18a, 12:44

Jon Ander Ubeda, Aiurri astekariko zuzendaria:

Aste honetako Aiurri astekarian azalera eraman dugun albistea noizbait eman beharko genuela ez nuen imajinatu ere egiten, 2004ko udazkenean Beterri-Buruntzako astekariari hasiera eman genionetik. Ez zait erraza egiten ari azalpenak ematea, baina uste dut urte hauetan guztietan metatu ditugun irakurleek azalpenak merezi dituztela. Saiatuko naiz, Aiurriko astekariko zuzendari naizen aldetik, beharrezko azalpenak ematen. Letragizona naiz, kontu ekonomikoez ezer gutxi dakit, dirukutxa zenbaki gorrietan sartzea arriskutsu dela ulertzeko adina bai.
Kontuak ez dira ateratzen. Diru sarreren eta gastuen arteko desoreka urtez urte handitzen ari da, eta ez gastuak igo direlako, diru sarrerak nabarmen jaisten ari direlako baizik.
Gauzak horrela, datorren astelehenean hasita hilabetez erabateko geldialdia egingo dugu. Horrek esan nahi du Aiurri astekaria, aiurri.com webgunea eta Aiurri hamaboskaria etenaldian sartuko direla. Erabatekoa izango da, ekoizpenak eten eta langile guztiak etxera goazelako. Neurria drastikoa da, gogorra. Bazkuneko arduradunek eta kontu hartzaileek beste irtenbide hobeagorik ez dute topatu. Errotik eten beharko da zenbaki gorrietan sartzea saihesteko. Gauzak horrela alarma gorria piztu da, panorama ekonomikoa bideratzen ez den arte itzaliko ez dena.
Erronka handi samarra jarri genion gure buruari 2004an, Andoain-Aiztondoko aldizkariari eutsi eta Andoain-Urnieta herrietarako astekaria martxan jartzea erabaki genuenean. Oso garbi daukat asmatu genuela, albistearen harian bizitzea gogoko dugunontzat ezinbesteko bilakatu delako Aiurri. Andoainen eta Urnietan banatzen den Aiurri gaur-gaurkoa da. Egun hauetan gertatu denari eta asteburuari begira gertatuko denari tarte zabala eskaintzen dio. Herri biziak dira Andoain eta Urnieta, astekariak errealitate hori islatzen du astez aste, gizarte eragileek edota Udal lansail ezberdinek urte osoan zehar hamaika jarduera burutzen baitituzte. Haien guztien jarraipena egiten ahalegintzan da Aiurri astekaria. Etorkizunean horien guztien bozgorailu izaten jarraitzeko, ordea, etena egin beharrean gaude.
Astekaria martxan jartzearekin asmatu genuela adierazi dut, bai, eta uste hori areagotu egiten zait astekarian aktualitatea lantzen hasi ginenetik webguneak abiada bizia hartu zuelako. Aiurri.com orainkari bilakatu da, unean uneko gertaera askoren berri ematen duelako. Eta ez hitzez bakarrik, dozenaka milaka argazki eskegi ditugu eta bideoak mila izateko bidean dira. Informazio eta Komunikazio Teknologien garaian, Aiurriko lan taldeak bere txikitasunean ahalik eta hobekien iritsi nahi du hartzaile guztiengana. Meritu hori lan talde osoari egotzi behar zaio:
  • Aiurri hamaboskaria Andoainen, Amasa-Villabonan, Asteasun, Adunan, Larraulen eta Zizurkilen. Magazin modukoa da, askok eta askok etxean gordetzen duten aldizkaria.
  • Aiurri astekaria Andoainen eta Urnietan. Aktualitatearen jarraipena egiten duen egunkaritxoa.
  • Aiurri.com internet sarean. Orainkaria. Edizio jarraitua urte osoan zabalik dago, astelehenetik igandera eta urtarriletik abendura.

Hamar urtean emandako pausoak egokiak izan direla iruditu arren, ezin uka Aiurrikooi 2004tik hona txanponaren bi aldeak pairatzea egokitu zaigula: batetik, astekariarekin aktualitateari begira asmatzen ari ginen sentsazio atsegina. Eta, bestetik, erronka horri eusteko zailtasun ekonomikoak. Zailtasun horiek 2013an ezintasun bilakatu dira. Urtea amaitzen ari da eta xoxak arazo bilakatu dira. Eta xoxik gabe, zereginik ez dago.
Egoera honetan lan egitea ez da erraza. Egun hauetan diru kontu hartzailearen ia zeregin bakarra lan etena antolatzea da, langile bakoitzaren egoera xehe xehe aztertuz. Publizitate arduraduna dagoeneko ohitzen ari da hainbeste ezezko jasotzera, diseinatzaileari kontzentratzea kosta egiten ari zaio eta kazetariak barrura begira jarri gara informazioa kanpoan dagoenean. Ez ditut ahaztu nahi Bazkuneko eragileak, horiek ere kezkaz bizi dute egoera, eta ezta hamaboskariko kideak ere. Hamaboskariko kazetariak atariraino ez, etxe barruraino sartzen dira. Atarian agurtu eta etxeko ateak zabaltzen dizkiete Aiztondoko herrietan. Eskualdeari nortasuna ematen dioten herritarren etxeetan atsegin handiz hartzen dituzte. Bejondeiela.
Bitartean, Andoaingo Arantzibia plazako bulegoetan lan egiten dugunok blokeo egoera honekin bizi beharko dugu, azaroaren amaieran berriro ekiteko. Guk geuk Aiurrin eta Bazkunean ez genuen dena ondo egingo, ezingo nuke zehaztu zenbaterainokoa den gure erantzukizuna egoera honetara iritsi garenerako. Ikasteko balio beharko digu, 2014an urte osoan irakurleengana iritsi nahi dugulako. Asmo horri sendo eusteko gogotik egingo dugu lan, besteak beste, Aiurri astekariak hamar urte beteko dituelako.
Aiurriko aldizkaria jasotzeagatik urteko diru kopuru bat ordaintzen duten urnietarrei eta andoaindarrei eskerrak eman gabe ez nuke agurtu nahi. Ezinbestekoak zarete, eta etorkizun hurbilean behintzat ezinbesteko izaten jarraituko duzue. Badira Andoainen eta Urnietan euskaltzale asko, bateko edo besteko, harpidedun ez direnak eta Aiurri astekaria gogoz irakurtzen dutenak. Horiei guztiei Aiurriko harpidedun egitea erregutu nahi diet. Urtean behin ordaintzearen truke astekaria eta hamaboskaria jasoko dute etxeko buzoian. Bulegora agertuz, telefonoz deituz edota emailez idatziz azkar batean betetzen da harpidetza orria.
Publizitate tartea txertatzen dutenak ere gogoan izan nahi ditut. Eta egiten ez dutenak proba egitera animatuko nituzke: Aiurri etxe askotara iristen da. Negozioaren berri emateko erakusleiho aparta da.
Jakin badakit Andoaingo eta Urnietako Udalak eta gainerako erakundeak ahalegin handia egiten ari direla gurea bezalako hedabideentzat zuzendutako diru partidei eusten. Beste behar larriagoak ere badira gure gizartean, eta horiek ziurtatzea lehentasuna da.
Bukatzera noa. Lan etenak hilabetez urrunduko gaitu Aiurri eta irakurleak. Laster itzuliko gara bueltan, urte amaierako albisteak emanez. Berriro horrelakorik gerta ez dakigun, antzekoak berriro idatzi behar ez ditzagun. Barka eragozpenak. Jaun andreok, laster arte!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!