“Gure etxeetako sukalde guztietan euskaraz irakurri den aldizkari bakarra Aiurri izan da”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 18a, 12:42

Aiurri hamaboskari nahiz astekaria ateak ixtera doaz hilabetez eta, bertako langileak, EDE/EREra. Ondo irakurri duzu, bai: azaroan ez da aldizkaririk kaleratuko. Eskuartean duzun urriaren 18ko zenbaki honen ondoren, abenduaren 5ean banatuko da hurrengo aldizkaria. Geroak esango du...

Erabaki horren arrazoia, aurrez ere baziren korapilo eta oztopoak are eta gehiago korapilatu eta oztopatu direlako etorri da, harik eta Beterri-Aiztondon ia 20 urtez oihartzuna izan duen agerkariaren biziraupena kinka larrian uzteraino. Urtea amaitu aurretik, arre edo so egin beharrean aurkitu du bere burua Larramendi Bazkunak. Hilabeteko etenaren arrazoiak sosekin lotuta daude hein handi batean; bizi dugun krisialdiak ez dio inori laguntzen, jakina denez, ezta euskalgintzari edota euskal komunikabideoi ere. Gatozen pausoz pauso:

Aiurri aldizkariak hiru zutoin nagusi ditu aurrera egin ahal izateko: erakundeen diru-laguntzak, publizitatea eta harpidedunak. Bada, hiru zutoinetatik lehen biek behera egin dute.

Erakunde gehienen diru-laguntzak gainbehera doaz, noiz eta publizitatearen bidez etxeratzen zen diruak ere nabarmen behera egin duenean. Aldizkaria mantentzeko behar-beharrezkoak diren bi zutoin horien beherakadaren ondorioz, hankamotz eta arnasa hartu ezinik geratu da egitasmoa. Datu bat baino gehiago aipa daiteke, baina horien artean aipagarrienetakoa, Villabonako Udalaren diru-laguntza jaitsiera da.

Zorionez, zutik eta tinko iraun du harpidedunen zutoinak. Urtez urte aldizkaria etxean jaso duten irakurle fidel ugari du aldizkariak, 1466 guztira. Horiei guztiei nahiz egitasmoari bizia eman dien gainerako iragarle eta laguntzaileei eskerrak ematea dagokigu urte hauetan erakutsitako konfiantzagatik. Eskerrak eman bai, eta barkamena eskatu ere bai, hilabetean ez baitute hamaboskaririk jasoko euren etxe, elkarte, lantoki edo saltokietan.

Krisialdia gainditu eta datorren urtean aldizkaria indarberrituta jasotzeko aukera bakarra, berriz ere zuen laguntza eta babesa gureganatzea izango da. Aldizkariak etorkizunik izango badu, nahitaezkoa izango da erakundeen diru-laguntzak indartzea, lehengo iragarleak mantendu nahiz berriak erakartzea eta harpidedunen borondatea biderkatzea. Gainerakoan, gureak egin du.

Tolosaldeko egitasmo bateratua, gure kaltetan

Azken urteotako egoera ekonomiko ilunaren baitan eta zer esanik ez idatzizko komunikabideak hartzen ari diren norabidearen aurrean, –esan beharrik ez baita teknologia berriek papera ia ordezkatu egiten dutela–, dudarik gabe, indarrak batu eta eskualdekako komunikabideak elkarlanean jardutea nahitaezkoa da. Jakina da, gainera, erakundeetatik ere apustu hori egiten hasiak direla, ez baitute egitasmo guztiak diruz laguntzeko adinako aukera ekonomikorik.

Bada, Tolosaldeak eman du pauso hori dagoeneko eta proiektu hori gauzatu ahal izateko Aiztondoko Udalen babesa ere izan dute. Eskualdeko hainbat Udalek (Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul, Aduna eta Zizurkil tartean) Tolosaldeko Komunikazio Taldearen (TKT) eskaintzarekin bat egin dute, kasu gehienetan, gure kalterako. Haiei eskainitako diru-laguntzak, gurea gutxitzea ekarri baitu kasuren batzuetan.

Esan beharrik ez, beraz, irakurle, aurrez aipatutako arrazoiak nahikoak ez eta, Tolosaldean sortu berri den komunikazio taldearen, –zeinetan Hitza egunerokoak, Galtzaundi herri aldizkariak eta Txolarre irratiak parte hartzen duten–, egitasmo bateratuak ez diola Aiurri aldizkariari batere lagundu aurrera egin dezan.

Bestalde, argi esan behar da Aiurri egitasmoa proiektu horretatik kanpo geratu dela: Tolosaldeko hedabideen artean gauzatu baitute euren apustua, Aiztondokoa kanpoan utzita. Aiurriko kideon galdera: Zer gertatuko da gurekin?

Azken hilabete hauek Larramendi Bazkuneko zuzendaritzako kide nahiz Aiurriko langileontzat gogorrak izan direla ezin uka eta une bat baino gehiagotan aipatu Udalen aldetik babes falta sumatu dugula. Ia 20 urtean Aiztondon bere lekua egitea lortu duen Aiurri aldizkariaren aurrean, oraindik zehaztu gabe zegoen egitasmo komunikatiboaren aldeko hautua egin duten ustea izan dugu. Mingarria izan da hori guretzat.

Aurrera begira

Guk aurrera egin nahi dugu eta joan den udan, Aiurri hamaboskari nahiz astekariak bat eginez, bi argitalpen bateratu kaleratu genituen Urnietatik Larraulera bitarte, Beterriko zazpi herrietan. Argitalpen horiek harrera beroa izan bazuten ere, ez dirudi Aiztondoko Udal ordezkariek Urnieta tartean izatea nahi dutenik. Batetik eta bestetik, irtenbideak baino trabak topatzea errazagoa da oraintxe.

Nahaste-borraste honen guztiaren aurrean, azken hilabetean Aiztondoko Udal ordezkarien aldetik hitz baikorrak jaso ditugu. Badirudi Aiurri aldizkaria proiektu komunikatibo bezala gustuko dutela eta aurrera begira ere mantendu egin nahi dutela. Ea guztion artean oztopoak gainditu eta aurrera egitea lortzen dugun, Aiurri indarberrituaren alde.

“Gure etxeetako sukalde guztietan euskaraz irakurri den aldizkari bakarra Aiurri izan da”

Larramendi Bazkuneko zuzendaritza batzordeko Joxin Azkue (Zizurkil), Arantxa Urkizu (Amasa-Villabona), Aitor Amutxastegi (Andoain) eta Mila Iztuetak (Asteasu), Aiurri aldizkariak egin duen bidearen eta Tolosaldean sortu berri den proiektu komunikatibo bateratuaren eraginez bizi duen egoera larriaren berri azaldu dute.


Nola oroitzen duzue Aiurri aldizkariaren sortze prozesua? 1994az geroztik egindako bidearen zein balorazio egiten duzue?

Joxin: Zizurkilgo kasuan, Jon Unanuerekin hainbat bilera egin genuen Pantxikanen. Garbi geneukan euskarazko komunikabide bat behar genuela. Eskualdeko albisteak euskaraz zabaldu eta sukalde guztietara iritsiko zen aldizkari apala sortu nahi genuen. 90eko hamarkada hasieran herri komunikabideen eztanda gertatu zenean, Jon Unanuek ekarri zuen eskualdera aldizkaria sortzeko asmoa. Nire kasuan, Unanue izan zen dinamizatzailea.

Mila: Asteasun ere, aldizkaria martxan jartzeko hamaika bilera egin genuen hainbat euskalzalek Jon Unanuerekin batera udaletxean.

Joxin: Aldizkariak hartuko zuen eremua oso eztabaidatua izan zen. Zizurkil eta Amasa-Villabona bereziki, Tolosa eta Andoainen artean baikeunden. Hasiera batean bazirudien hemen ingurutik Tolosara jotzen zela batik bat, arrotza egiten zen Andoainekiko harremana. Baina laster batean naturaltasunez hartu zen harreman hori. Geroztik andoaindarrez inguratuta gaude sarritan eta seguruenik Aiurrik badu horretan eraginik.

Arantxa: Aiurriren sorreran ni ez nintzen oraindik Larramendi Bazkuneko zuzendaritzako kide, baina gertuko izan dut beti euskalgintza. Euskaltegian euskararen normalizazioan lan egiten genuen garaian, oso garrantzitsua jotzen genuen euskarazko herri aldizkariak sortzea helduen alfabetatzeari begira. Egia da, ‘Andoainekin batera?’, galdetzen genuen hasiera hartan, baina oso modu naturalean eta berehala txertatu zen Andoain gure artean.

J.: Udalak ere boom horren lekuko ziren eta hutsune hori ikusten zuten eskualdean. Larramendi Bazkunak estali zuen orduan Udalek ikusten zuten zulo hura.

Aitor: Ni ere ez nintzen Bazkuneko kide aldizkariaren sorreran, baina herritar gisa oso garrantzitsua zen herriko albisteak euskaraz jasotzea. Andoaindik jende askok jo izan du betidanik Tolosara eta Villabona edota Zizurkilekin lotura estua izan da beti. Niri ez zitzaidan arrotza egin Aiztondoko berriak jasotzea. Gerora, aldizkariaren eraginez batzuk, andoaindar asko joan da, esaterako, Adunara bizitzera.

Ar.: Aldizkaria hilabetekari gisa sortu zen, astekari izateko bokazioarekin. Alde horretatik, erdi bidean geratu gara.

J.: Nik beti defendatu dudana, Arantzazuko egutegia kenduta, gure etxeetako sukalde guztietan euskaraz irakurri den aldizkari bakarra Aiurri izan dela. Horrek izugarrizko meritua du.

Ar.: Hasieratik saiakera berezia egin zen euskara txukun eta gertukoa eskaintzen, euskara batuak sortzen zuen errespetu edo urruntasuna gaindituz. Aldizkariak horretan asmatu egin duela uste dut.

J.: Gertuko gaiak izateak ere asko erraztu du euskaraz irakurtzea. Argia aldizkaria, esaterako, ederra da irakurtzeko. Baina euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duenak nekez emango du pauso hori.

Ar.: Aldizkariarekin batera, teknologia berriek gurean izan duten bilakaera ere aipagarria iruditzen zait, halakorik gabe abiatu baikinen. Erredakzio taldeak izugarrizko saiakera egin du. Hasierako urteetan alfabetatze maila eskasa edo gabea zuen irakurleengana iritsi nahi zuen aldizkariak eta ondo iritsi zen. Egun, Internet sarearen bidez, gazteak erakartzea ere lortu da. Oso baliabide gutxi izan arren, arlo berri hori ere landu dugu.

Ai.: Baliabide teknikoak badaude, baina pertsonalak falta dira. Egun, Andoaingo batzar garrantzitsuak, esaterako, twiterren zintzilikatzen dira momentuan. Baliabide pertsonal gehiago balego, hobeto beteko litzateke alor hori eta oso garrantzitsua litzateke, gazteei begira bereziki.

M.: Hauteskundeetako emaitzak zabaltzen ere ahalegin berezia egin da azken urte hauetan. Lehen hurrengo egunera arte itxaron behar izaten zen emaitzak jasotzeko, orain mahaiak itxi orduko ezagutzen dira.

J.: Herriei eskaintzen zaien espazioaren banaketa ere beti izan da eztabaidagai, Andoainek leku gehiago behar ote duen…

M.: Herrien arteko oreka bilatzen saiatu gara.

J.: Uste dut ez garela andoainzentrismoan erori. Aduna edo Larraul bezalako herri txikiek hamabostero izan dute beren lekua Aiurrin eta oso lorpen polita iruditzen zait hori.

Ar.: Gure alde dugun arrazoi nagusienetako bat horixe da. Aiztondoko herri txikietako ordezkariek beraiek, euren berri emateko hamabostero tartea izatea zein garrantzitsua den aitortu zuten Bazkunarekin egindako azken bileran.


Beterri-Aiztondo eskualdeko lehen aldizkaria izan zen Aiurri. Zein eragin izan du Aiurrirengan eskualde mailako egitasmo komunikatibo berriak sortzeak?

Ar.: Urteak geroago, Tolosaldeko Hitza sortu zen eskualdean. Gure gora-beherak izan genituen sortze-prozesu hartan, baina oso garai ezberdinak ziren ekonomikoki begiratuta. Orduan posible zen bi egitasmoek aurrera egitea, bi egitasmoak diruz laguntzea eta, Udalek, eskuzabaltasunez jokatuz konpondu zuten arazoa. Nire ustez bidea ez zen ondo jorratu orduan. Gurean, bat egiteko baino, proiektu berriak gainetik jartzeko asmoarekin etorri direla esango nuke.

J.: Komunikazioa euskaraz egiteko helburu honen biderik egokiena beharbada indarrak aglutinatzea izango da. Beharbada diot, ez baitugu eztabaidatu. Prozesu hartan amorrazio eta penarik handiena ekimena egina etortzeak eman zidan. Berriro diot, beharbada bateratzea da egokiena, baina goazen mahai batean eseri eta zein helburu ditugun, nola bete daitezkeen, bien arteko orekak, pertsonalarekin zer gertatzen den edota, besteak beste, zer norabide izango duen aztertzera.

Ar.: Goazen zer nahi dugun aztertzera. Egunerokoa beharrean, agian maiztasunez nahikoa litzateke eskualdeko proiektu gisa astekaria kaleratzea. Ez dugu eztabaidatzeko aukerarik izan, debate falta nagusitu da.

J.: Kasu honetan, bigarren aldiz erori gara harri berean. Lehen erorketatik bigarrenera bada diferentzi handi bat: lehenengo erorketan oraindik dirua bazegoen bi proiektuak sustatzeko, baina momentu honetan, ez dago horretarako dirurik. Orain ere eginda dagoen zerbait aurkeztu zaigu. Agian aurrera begira bateratzeko pausoa eman beharko da, baina, inolaz ere, ez horrela: Ikaragarria da gure langileen egoerarekin ez gogoratzea, ikaragarria. Sutan jartzen nau horrek.

Ai.: Eskualdean izugarrizko arrakasta izan duen proiektua da Aiurri, baina arrakasta hori ez du inork kontuan hartu. Beste komunikabide batzuk kaleratu arren, oraindik ere Aiurri bakarrik egongo da etxe askotako sukaldeetan.

J.: Bai, bai. Baserri giroan behintzat erabat. Tolosaldeko Hitza, esaterako, ez da Zizurkil gora iristen, ez baita banatzen.

Ar.: Aiurri Larramendi Bazkunaren proiekturik garrantzitsuena da. Bazkunaren helburua, euskalgintza eta kulturgintza uztartuz, euskalgintzaren normalizazioan jardutea da. Egia da guk ere gure urterik onenak eta energikoenak emanak ditugula dagoeneko eta agian gure garaia bukatu da. Agian beste batzuren esku utzi behar da jarraipena; hori bai, errespetuz jokatuta. Aurki dezagun bilakaera horretan irtenbideren bat, Larramendi Bazkunetik hitz egiteko prest gaude.

Ai.: Udalekin egin genuen azken bileran Aiurrirekin jarraitu nahi zutela esan zuten ordezkariek, ez zuten besterik aipatu. Aiurri, beraiek parte hartzen duten proiektua da.

J.: Dudarik gabe, konponbidea eman behar zaio gai honi. Egindako bidea itsusia izan da eta itsusi geratuko da, baina irtenbideren bat eman beharko zaie Aiurriko langileei; aukeraren bat bideratu beharko da.

Ar.: Azarorako hitzartu genuen Udalekin hurrengo bilera. Ez dakigu zein proposamen ekarriko duten. Azken batean, eskualdeko Udalek erabakia hartua dute. Sumatu dudanez, Udalek eskaera bateratu bat nahiko lukete, produktu bateratu bakarra egotea. Arrazonamendu bezala erabat logikoa iruditzen zait, baina proiektu bateratu horretara denok batera iritsi beharko genuke. Hortxe dago hutsunea. Oraintxe Aiztondoko Udalak penatuta dauden ustea daukat. Azken batean, oso garbi esan baitute eurek nahi duten proiektu komunikatiboa Aiurri dela. Eta ez nau horrek batere harritzen, eskualdeko herri guztiek euren lekua baitute aldizkarian.

J.: Euren espazioa bermatuko zaiela jakitea oinarrizkoa da. Proeiktu berrian, berriz, ez dakigu hainbeste herrirentzako espazioa nola gordeko den.

Ar.: Udalek badakite gure produktuek nola funtzionatzen duten, 20 urteko bermea daukate. Aurri proiektu bateratu horretan egotea nahi dute Udalek, baina proiektu bateratuak kanpo utzi gaitu eta horren aurrean noraezean geratu gara. Aurrekontuak mugatuak diren honetan, bi eskaera egin ziren: guk gurea eta haiek haiena. Harrigarria egin zitzaigun, etorkizunean gure bidea, proiektu berriarekin bateratuta egin beharko genuela bat-batean esatea.

J.: Produktu bateratua Udaletan nola saldu zuten jakitea gustatuko litzaidake niri, zer esan ote zuten. Desosegu eta etsipenarekin bizitu dugu hau guztia.

M.: Egoeraren aurrean erabakiren bat hartu behar bazen, guztion artean hartu beharko genukeen. Guk euskararen normalkuntzan aurrera egin nahi izan dugu.


Aurrera begira zer?

Ai.: Egoera honetan, orain arte bezala segitzea litzateke logikoena. Baina proposamen seriorik egingo baligute eta lan taldea ondo bideratzea bermatuko balitz, Larramendi Bazkuna prest legoke pausoak emateko.

M.: Ez daukagu beste aukerarik.

J.: Iniziatiba ez dago gure gain. Zein bide eskaintzen diguten itxaron beharko dugu. Bide horrek gutxienez langileen egoera konpontzen badu eta proiektu hori gauzatuko den berme minimoa ematen badigu, beharbada onartu egin beharko dugu. Hori edo ezer ere ez izango bailitzateke bestela. Izan ere, egungo egoera ikusita, oraingo bidean urtebetez agian iraungo genukeela uste dut, baina beldur naiz bi urte ezetz. Gure eskualdea Tolosaldearekin lotuko da, baina Tolosa oso urruti dagoen eredu bat da guretzat.

Ar.: Beti hala bizitu dugu. Tolosaldearekin batera parte hartu izan dugun proiektuetan Tolosak hartzen du erabateko indarra.

J.: Eztabaidarako esertzeko prest gaude, baina ez dugu edozer gauza onartuko. Langileen egoera konpontzea nahitaezko baldintza da guretzat. Gure lana eskualdeko Udal nahiz proiektu bateratuaren sortzaileei erantzukizunak eskatzea da. Apustu berri hau ondo ateratzen ez bada, zein ondorio ekarri dituen mahaiaren gainean jarri beharko da.

Ar.: Nik ezin dut etorkizuna aurreikusi, baina zaila ikusten dut; besteen esku gaudelako. Egitasmo bateratuko kideek esan beharko digute zerbait lehenengo. Gure proiektua Udal guztien babesarekin abiatu zen eta aurrera egingo badu, haien babesa beharko dugu aurrerantzean ere.

J.: Aiurriko irakurleek jakin dezatela zein den gure bidea, besteena ere entzun eta egin dezatela euren irakurketa. Guk gure egia kontatu dugu. Aiurri hitzak nortasuna esan nahi du, izaera, Manuel Larramendiren hitzetan. Orain guri dagokigu gure aiurria erakustea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!