“Benetan kinka larrian”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 18a, 12:40

“Benetan kinka larrian”, Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariaren eskutik:

Aurtengo abenduaren 23an hogei urte beteko dira Beterri-Aiztondoko Udalek (Andoain, Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraulek) hitzarmena sinatu zutenetik AIURRI aldizkaria argitara emateko. Zalantza izpirik gabe zer ospaturik badugu, luzea eta aberatsa delako hogei urte hauetan Aiurrik egin duen ibilbidea, baina, zoritxarrez, gaurkoan ez gatoz ezer ospatzeko gorputzaldiz, oso bestela baizik, gaurkoan aditzera eman behar baitizuegu Aiurri aldizkariak –Beterri-Aiztondokoa eta Beterri-Buruntzakoa, biak– desagertzeko kinkan daudela guztion artean indarberritzeko ahalegina egiten ez badugu.

Arrazoi nagusia zein den asmatzen ez da zaila: modu batera edo bestera bizitzen ari garen krisialdi ekonomiko gaizto honek min ikaragarria egin digu azken urteetan eta, oso bereziki, aurten, 2013an. Batetik, eskualdeko Udal batzuen diru-laguntza jaisten ikusi dugu, nabarmen Amasa-Villabonako Udalarena, eta horren atzean ez dago hutsik krisialdi ekonomikoa, baita Tolosaldean komunikabideen artean azken urteetan bizi dugun lehia gaiztoa: Aiztondoko Udalek Aiurri diruz laguntzeaz gain euskarazko beste hedabide batzuk ere diruz lagundu dituzte, paperean, esate baterako, Tolosaldeko Hitza delakoa ere, eta Aiztondon ez dago lekurik bi argitalpeni eusteko.

Orain hamahiru urte, Hitza sortu zenean, Aiurri ez zuten aintzakotzat izan “denak bat elkar hartu behar zituen” egitasmoa martxan jartzeko, bazterrean utzi zuten, baina Aiztondoko Udalak haiek ere laguntzen hasi ziren. Orain, hamalau urte ondoren, Tolosaldean hedabide guztiak bat egiteko egitasmo berria sortu da, Atarian ikusi duguna jada, eta hor ere –inork ez daki azaltzen garbi zergatik– Aiurri bazterrean gelditu da, oraingoz inon eta inorekin parte hartu ezinik… Betidanik eskertu izan diegu eskualdeko Udalei Aiurrirekin aurrera egiteko emandako laguntza; ahalegin handia egin dute, bistan da, baina ez gatoz bat, inolaz ere, euskarazko hedabideen artean batzuen batzuek sortu duten saltsa honetan Udalek hartu duten jarrerarekin…, argi eta garbi gure kalterako izan baita!

Baina gatozen berriz ere gure arazo ekonomikoen une honetako errealitatera: alde batera utzita eskualdeko Udalen diru-laguntzak eta erakunde nagusiagoenak –horiekin ordaintzen baita zuek jasotzen duzuen Aiurriren %70a–, aurtengo, 2013ko benetako arazoa SALDU EZ DUGUN PUBLIZITATEA izan da, iraila bitartean izugarri jaitsi baita publizitate salmenta. Horrek eta diru-laguntzen jaitsierak zentimorik gabe utzi gaituzte aurten, eta, horrenbestez, zuloak guztiz jango ez bagaitu hilabetez planto egin behar dugu, etxean gelditu, zuengana Aiurririk bidali gabe. Publizitateaz eta zuek, harpidedunok, ordaintzen duzuen urteko-sariaz estaltzen dugu guk Aiurriren kostu osoaren %30, eta aurten gure hiru hankako mahaiaren bi –publizitatea eta diru-laguntzak– oso motz gelditu dira, zulo nabarmena sortzeraino.

Aiurri biak hilabetez argitaratu gabe egoera hori leuntzen saiatuko gara, baina nik uste garbi ikus litekeela Aiurriren etorkizuna ez dela batere erraza. Datozen hilabete hauek erabakigarriak izango dira 2014ari begira, baina guztiz erabakigarria izango da ere zuk, harpidedun, irakurle, Aiurrirekiko hartzen duzun jarrera. Orain arte zure leialtasuna erabatekoa izan da, horrek eman digu beste ezerk baino indar handiagoa aurrera jarraitzeko. Agian, 2014ari begira ahalegin berri bat eskatuko dizugu, etorkizunean Aiurrik gure eskualdeko hedabide euskalduna izaten jarrai dezan, froga dezagun nortasuna eta aiurria badugula 20 urtez egin dugun ibilbideari aurrera begira ere eusteko!!

Hilabeteko hutsunea izango dugu, itzalaldia, baina izan dadila Aiurri asmoz eta indarrez berritu eta suspertzeko. Laster gara berriz ere elkarrekin!!



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!