“Prezioari izugarri begiratzen zaio, ez hainbeste seguruaren kalitateari”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 17a, 10:32

Jon Mikel Mujika andoaindarrak Mapfre seguru-etxean egiten duen laneren nahiz indar eta gogo biziz lantzen dituen bere afizioen inguruan hartu du hitza:
txirrindularitza eta txistua.

Noiz zabaldu zenuten Mapfre seguru-etxea Andoainen? Hiru anaiok elkarrekin egiten duzue lan. Zer moduz moldatzen zarete?
Aitak eta anaia Xabinek jarri zuten martxan 1980an. Ni geroago hasi nintzen lanean, 1991an. Berez elektrizista naiz ni, baina bizitzaren halabeharrak seguru-etxean lan egitera eraman ninduen. Aitak utzi zuenean, nik hartu nuen bere lekua eta geroago, Iñosken anaia hasi zen. Orduz geroztik elkarrekin egiten dugu lan hiru anaiok. Anaion artean lan egiteak bi faktore ditu; haserretu behar denean haserretu egiten garela, baina gauzak garbi esan eta afaltzera joan gaitezke gero.
Egun bost langile ari gara lanean eta pozik gaude. Krisia hasi zenean egin genuen apustu hori. Gehiengoak kontrako bidea hartu zuen, langileak murriztea. Baina zerbitzu eraginkorra eskaini ahal izateko, langile gehiago hartzea erabaki genuen guk.

Seguru mota ezberdinak eskaintzen dituzue. Zein? Une zehatz honetan zein segururen alde egiten du bezeroak batik bat?
Seguru mota guztiak eskaintzen ditugu, asegura daitekeen edozeren ingurukoak: etxekoa, autoarena, heriotza eta bizitza seguruak, enpresenak, udaletxeak,… Seguru nagusia derrigorrezkoa izaten da: hots, autoarena. Egun konpetentzia dagoen bezala,   dudarik gabe, horixe da gehien begiratzen dena.
Autoarekin batera, etxeko seguruak nagusitu dira urteotan. Bizi dugun egungo egoeran, berriz, bizitza seguruarekin ardura gehiago hartzen ari da jendea. Azken batean, istripuengatik, esaterako, pertsona hil edo elbarri geratuz gero, oso egoera ekonomiko txarra geratzen baita etxe askotan, jende asko eta askok hipoteka ordaintzeko duenez. Lehen tabua izan zitekeen bizitza segurua egitea, gero eta ohikoagoa da egun.

Krisi garaian zein jarrera hartzen du bezeroak seguruen aurrean? Iruzur saiakerarik izaten al duzue?
Iruzur egiten duenak ez du egoera ekonomikoagatik egiten, lotsagabea delako baizik. Krisi egoerak ez du iruzur gehiagorik bultzatu. Egoera txarra bizitzen ari dena gertatu zaionaren berri ematera etortzen da, laguntza eskatzera. Baina iruzurra, normalean, daukanak egiten du eta konturatu egiten zara gainera. Batzuek badute horretarako abilitatea, baina ekonomikoki gaizki pasatzen ari denak ez du malizia hori.
Bestalde, krisialdiaren ondorioz, iruzurra egin baino, errespetua galdu du hainbatek. Batzuk, eskuartean beste eskaintzaren bat dutela etortzen dira eta gurea parekatzen ez badiegu, alde egingo dutela esanez. Prezioari izugarri begiratzen zaio, ez hainbeste seguruaren kalitateari.

Seguruez gain, aurrezkien nahiz inbertsioen aholkularitza ere bideratzen duzue Andoaingo Mapfre etxean. Zer nolako erantzun du egun eskaintza horrek?
Inoiz baino hobea. Lehen, aurrezki nahiz jubilazio planak, konpainiek, pentsiorik egongo ez zela beldurra sartuz asmatutako trikimailuak zirela esaten zen. Orain gobernuak berak esaten du ez dela pentsiorik izango eta eurek bultzatzen dute aurrezki planak egitera. Berriki irakurritako estatistikaren arabera, momentu honetan, lau pertsona ari da jubilatu bat mantentzeko lanean. 2020rako, bi pertsona arituko dira. 2050ean, berriz, langile bat-jubilatu bat proportzioa izango da. Gero eta jende gutxiago jaiotzen da eta jubilatua asko gehitzen ari da. Ez dakigu zenbat irabaziko dugun jubilazioan, badirudi laster bizitza laboral osoa kontuan edukita, haren media izango dela. Ondorioz, Europa nahiz Estatu Batuetako pausoak jarraitzen hasi gara hemen ere: norberaren plan pribatuak egiten. Hori da soldata ziurtatzen duen aukera bakarra, baldin eta konpainiak porrot egiten ez badu, noski. Jendeak gero eta garbiago dauka jubilazio nahiz aurrezki planak egin behar dituela. Lanean ari diren pertsonen kasuan, aurrezteko gaitasuna dutenengan, lehenbailehen aurrezten hastea da gure aholkua.

Andoaingo Txirrindulari Eskolako kide zara urtetan. Noiz eta nolatan piztu zitzaizun txirrindularitzarekiko zaletasuna?

Eskola sortu zenean ni ez nintzen bertan hasi, txirrindulari ibiltzen bainintzen orduan. Betidanik gustatu zait txirrindularitza eta 14 urterekin, kadete mailan abiatu nintzen. Lau denboraldi egin nituen, bi kadetetan eta bi jubeniletan. Afizionatutara pasa aurretik, ikasketengatik utzi egin nuen. Jubeniletan nenbilela, elektronika ikasten ari nintzen Irunen eta entrenatzeko denbora gehiegirik ez nuenez, goizeko 06:30etan motxilan liburuak hartu eta Irunera bizikletaz joaten nintzen ateri zegoenean behintzat. Eskolarako joan-etorri haietan entrenatzen nuen. Baina modu hartan afizionatutara ez pasatzea erabaki nuen. Txirrindularitza utzitakoan egin nintzen Andoaingo Txirrindulari Eskolako kide.

Duela urte gutxi 25 urte bete zituen eskolak. Indar betean jarraitzen duzue oraindik…

Txirrindularitza Eskolan 9 urterekin hasten dira gaztetxoak Eskola Kirolaren baitan. Eskaintzen diren kirol aukeren artean, txirrindularitza, errepidea dela ta,  arriskutsuena ikusten dute guraso askok. Ondorioz, asko kostatzen zaigu gaztetxo berriak erakartzea, baldin eta haien gurasoak ez badira txirrindulari izan. Azken bi urteotan, herriko ikastetxeetara gerturatu gara gure funtzionamendua azaltzera: 9-14 urte bitarteko gaztetxoekin kasik ez gara errepidera ateratzen eta ateratzen garenetan, zortzi gaztetxo badira, beste zortzi heldu joaten gara haiekin batera. Hala ere, kosta egiten da gaztetxoak erakartzea. Bestela, Andoainen bada txirrindularitzarekiko afizioa. Leizaur zikloturista taldea ere badago herrian eta 18 urtetik aurrekoak errazago ematen du izena, arriskua beste era batera ikusten baita.

Zenbat kidek osatzen duzue eskola?
Bi talde daude: eskolarrena (9-14 urte, benjaminak, alebinak eta infantilak) eta federatuena (14-18 urte, kadete eta jubenilak). Taldekideak 30 gaztetxo dira gutxi gora-behera. Bitxia da, 30 gaztetxo eta 15 heldu edo zuzendari baikara. Oso giro ona daukagu gure artean eta estatutuetan ez bada, ez daukagu lehendakaririk. Denok denetarik egiten dugu. Jubenil edo afizionatutan taldea uzten duten gazteak, zuzendari bezala gureganatzen saiatzen gara eta zorionez, jende asko daukagu. Lehen jubenilak arte egoten ziren gazteak taldean. Gero, afizionatutara pasatzeko talderen bat aurkitzen saiatzen ginen. Orain bi urte Ikolan izeneko ekipoa sortu zen Tolosa, Andoain, Ordizia eta Beasainen artean afizionatuentzako. Maila horretara pasatzen denak, beraz, hortxe dauka lekua.

Urtean zehar antolatzen dituzuen ekintzen artean, zein nabarmenduko zenuke?
Urteak atzera, ziklokros internazionala antolatzen genuen. Baina diru-laguntzek kale egin zigutenez, utzi egin behar izan genuen. Orain eskolako gazte nahiz gure zonaldeko txirrindulari gazteei zuzenduta, alebinetatik infantiletara, hiru proba antolatzen ditugu herrian bertan martxotik ekainera. Bestalde, Santakrutz eta Sanjuanetan bizikleta festa antolatu dugu azken urteotan. 200 gaztetxo inguru biltzen da festa horietan.

Andoaingo txistulari bandako kide
Musikari eta musikazale familiako kidea da Jon Mikel. Gaztetxotan, ikastolan bertan ikasi zuen txistua jotzen, “txistulari bandako Jexux Mari Otamendik eta bandatik jubilatu berri den Jose Luis Etxeberriak erakutsi ziguten. Gero, urte askoan ibili ginen txistua jotzen eta irrati saio batera ere aurkeztu ginen. Ikasketak zirela eta utzi egin nuen bolada batean eta  famili edo lagunen ezkontzetan noizean bein aurreskua jotzen nuen”. Orain gutxi, Andoaingo txistulari bandan ekin dio berriro bideari. Bandan egoera polita dutela azaldu du, “aspaldikoak eta berriak, adin ezberdineko txistulariak biltzen gara. Iaz, kontzertu itxiak eskaini genituen batik bat eta aurten kalera gehiago ateratzeko apustua egin nahi dugu: kalejirak egin nahi ditugu, txistu zaletasuna ikusita sortzen baita”. Aurrera begira, euren kontzertu eta kalejirak eskaintzeaz gain, Bastero musika eskolako banda eta herriko beste musikariekin batera emanaldi gehiago eskaintzea gustatuko litzaiekeela aitortu du, “iaz egin genuen saiakeraren bat eta aurrera begira elkarlan hori indartu egin beharko litzatekeela uste dut. Andoainen momentu honetan izugarrizko potentziala dago musika aldetik, baina musikariak elkarren artean koordinatuko dituen figura falta da, bultzatzaileren bat”. Andoaingo musikariekin bezala, inguruko herrietako txistulariekin ere egiten dituzte bilkurak. Berriki Urnietako txistulariekin batera aritu dira San Migel jaietan. Lasarteko abesbatzarekin nahiz txistulari nafarrekin batera ere eskaini izan dituzte emanaldiak.
Larunbatean –urriak 19– kaleratuko den Andoaingo Gudua antzezpenean hartuko du parte txistulari bandak beste musikari askorekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!