Asteasuko nagusiak, aztergai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 17a, 10:30

Herriko pertsona nagusien bizimodua aztertzeko inkesta egin zuen iaz Asteasuko Udalak, Patxi Olasagasti zinegotziak bideratuta. Inkesta hark utzitako emaitzak aztertu ditu Patxik.

Hirurogeita bost urtetik gorako pertsonen egoera eta beharrak aztertzeko egindako inkestak, datu interesgarriak utzi ditu. Hirurogei pertsonek erantzun zituzten galderak. “Inkesta honen helburua Asteasuko adineko jendearen egoera gertuagotik ezagutzea zen. Zenbateraino bizi diren gustura herrian, etxebizitzan sumatzen dituzten beharrak, bakardadea sufritzen ote duten edo ez…, horrez guztiaz gain, euren gustuak, eguneroko ekintzak eta bizimoduko beste hainbat alderdi ezagutzeko aukera ere eman digu”, azaldu du Patxik.

Txertatze ona
Hirurogeita bost urtetik gorako asteasuarrak gustura bizi dira herrian: “Oso datu onak jaso ditugu. Inkesta erantzun dutenen %75ak, herrian oso gustura bizi direla esan dute eta gainerakoek, %25ak, nahiko gustura daudela esan dute. Inork ez du esan Asteasun gaizki bizi direnik. Horrek harreman zuzena du herrian duten txertatze mailarekin. Adin horretako herritarrek bereziki gustuko dute herriko lasaitasuna eta txoko kuttunen artean, askotan aipatzen dituzte Elizmendi, Erreka bailara, Ernio, Andazarrate, Santamaña, plaza edota norberaren etxearen ingurua”, azaldu du Patxik.
Etxebizitzaren inguruko azterketa ere egin dute. “Asteasuarren %62a gustura dago bere etxean,%33a nahiko gustura eta %5a bakarrik da gustura bizi ez dena. Xehetasunen bila hasita, askok azpimarratzen dute igogailuaren beharra, ia %17ak. Oso garrantzitsua da Udala datu horren jakitun izatea; momentu honetan ezingo du diruz lagundu etxean igogailua jarri duena, baina beste erakunderen batek bideratutako dirulaguntzen berri ematen lagun dezake, adibidez”.

Autobusa Elizmendira
Mugikortasun eta garraiobideen inguruko galdera eginda, Asteasuko adinduen %58ak autoa duela nabarmendu behar da: “Datu hau oso ezberdina izaten da hiriburuetan. Hemen, garraio publikoa eskasa izan da urte askotan eta autoa behar-beharrezkoa izan da etxe askotan, horregatik atera da datu potolo hori”. Garraio publikoa indartzearen aldeko apustua egin nahi dute Asteasun: “Autobus zerbitzua Elizmendira irits dadin, eskaera egina daukagu Foru Aldundian eta dagoeneko baiezkoa eman digute. Oso arriskutsua da oinez Elizmendiko bidean barrena ibiltzea eta horregatik egin genuen eskaera hori. Etorkizun laburrean, zerbitzu hori izango dugu. Urtea amaitu aurretik jakingo dugu zenbateko maiztasuna izango duen autobusak”.

Erretirorik ez
Adineko jendearen eguneroko jardunak aztertuta, garbi geratu da hainbat asteasuarrek ez duela inoiz erretirorik hartzen: “Baserrian lana ez da inoiz amaitzen eta jendeak ez dio lanean aritzeari uzten. Emakumeek ere, eguneroko jardunetan jarraitzen dute adinean aurrera doazenean ere. Datu horiek oso ezberdinak izaten dira hiriburuetan. Aisialdian egiten dutenaren inguruan galdetuta, berriz, “pasiatzea izaten da ohikoena. Oso gutxik erabiltzen dute kiroldegia eta hori, aztertu beharreko gaia izango da guretzat”.
Adinduen kultur zaletasuna ere aztertu du Olasagastik: “Oso azpimarragarria da Aiurri aldizkariak duen onarpena. Asteasuko adinduen %41ak irakurtzen du Aiurri eta hori oso datu ikusgarria da. Garbi dago Aiurri erreferentziazko argitalpena dela asko eta askorentzat. Gainerantzean, gehien irakurtzen dituzten aldizkarien artean aipatu behar dira, El Semanal %15 eta Pronto %18. Beste aldizkari batzuk ere aipatzen dituzte inkestan, baina protzentaia txikiagoan.”.

Tradizioa zainduz
Kultura tradizionala bereziki maitea dute asteasuko adinduek: “Pilota eta herri kirolak dira gehien gustatzen zaizkien kirolak. Belaunaldi berriei galdera bera eginez gero, futbolaren aldeko hautua egiten dute gehienek. Hor garbi ikusten da gizartean ematen ari den aldaketa prozesua. Adinekoek tradizioaren alde egiten duten bezala, gazteek beste erreferentzia batzuk hartzen dituzte”, azpimarratu du Patxik. “Berdin gertatzen da gustuko musika edo janariaren inguruan galdetutakoan. Helduek trikitixa eta bertsoak nabarmentzen dituzte gustukoenen artean; gazteek, berriz, nahiago dute rocka. Jakien artean, barazkiak aukeratzen dituzte helduek, pasta eta antzeko jakiak, berriz, gaztetxoek. Aldaketa gertatzen ari dela ikus daiteke eta hori ez da Asteasura mugatzen den zerbait”.
Ingurugiroaren inguruan duten ikuspegiaz ere galde egin diete hirurogeita bos urtetik gorako asteasuarrei. “Hondakinen sailkapena egiten dute askok, baina oraindik ere, asko dira zabor guztiak batera botatzen dituztenak. Baserri guneetan bizi direnei erraztasunak emango zaizkie etorkizunean, sailkatutako edukiontziak jarriz. Andazarrate inguruan eta Bulanoko bidegurutzean jarriko ditugu lehendabizikoak, pixkanaka, beste zortzi puntutan ere jartzea da gure asmoa. Guztien artean, pixkanaka, hondakinen arazoari irtenbide egokia eman behar diogu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!