Larunbat honetan antzeztuko dute Andoaingo Gudua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 17a, 10:26

Hilabeteetako prestaketa lanen ondoren, “Andoaingo Gudua” Buruntzan bizi izandako gertaera latz hura gogora ekarriko dute larunbat honetan Andoaingo kaleetan. Arratsaldeko 17:30etan hasita Zumea plazatik karlistak abiatuko dira, eta Goikoplazatik liberalak. Santa Krutz zubian “borrokan” aritu ondoren, ikuskizuna Goikoplazan bukatuko da.

Herri antzezpen ikusgarria prestatzen ari dira, seriotasun guztiarekin borrokaldiaren hainbat pasarte entseatuz. Izan ere, 1837ko irailaren 14ko gauean Andoain-Urnieta artean ehunka lagun hil zen karlisten eta liberalen arteko borrokaldian. Liberalen jokamolde zatarrari aurre eginez, inguruetako baserrietako jendeak bat egin zuen karlisten erasoaldiarekin. Andoaingo kaleetan, beraz, britainiar jatorriko gudaroste liberala, Nafarroatik barrena etorritako gudaroste karlista eta euskal baserritarak ikusi ahal izango dituzte ikusleek.

Ikuskizunaren atalak
Urriaren 19an antzeztuko dute, arratsaldeko 17:30etan hasita. Bi ordu eta erdiko iraupena izango du gutxi gora-behera. Funtsean, gertaera historikoan elkar borrokan aritu ziren bi gudarosteek hartuko dute parte: karlistena Zumea plazatik abiatuko da eta Goikoplazatik liberalena. Gurutze Santuaren zubian elkartuko dira aurrez aurre eta bertan egingo dute lehenengo borroka. Borroka horretan karlistek gaina hartuko diete liberalei eta liberalek atzera egingo dute Goikoplazaraino, betiere borroka eginez. Karlistek azken kolpea emango dute Goikoplazan, liberalak elizatik atera eta akabatuz. Oinarrian, horixe izango da antzezpena.
Ikuskizunak osagai ugari izango ditu: O’Donell jeneral liberalak eta Uranga jeneral karlistak hitzaldi bana eskainiko dute, dramatizazioren bat edo beste iragarri da eta gainera txistulariek, abesbatzak edota eskopeteroek hartuko dute parte. Guztira, ehunka herritarrek.
Ikusgarria izango da, alde guztietatik. Eta, gainera, doan. Larunbat arratsaldean, beraz, Andoaingo kaleetan zer ikusia izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!