Herri lasaia, Urnieta. Ikasturtea hasi berritan, 2003ko udazkenaren hasieran herri lasaia zen Urnieta. Urriaren hasieran, ordea, albiste batek aztoratu zuen herria. Eta zein neurritaraino, gainera! Zaborren kudeaketaz arduratuta, erakunde ezberdinek erraustegia txertatzeko Urnieta herria aukeratu zutela argitaratu eta berehala herrikide asko suminduta kalera irten zen protesta egitera. Aurkako mugimendu hori bideratu zuen Arnasa plataformak, Urnietako herrikide talde batek osatua. Eztabaida, manifestazio eta udal adierazpen politikoen hilabetea izan zen.
Orduko hemeroteka errepasatuta, udazken beroa izan zen 2003koa Urnietan.
Urte hartako urriaren 16an hedabideetan argitaratutako albisteen harira, San Marko Mankomunitateak erraustegia Urnietan kokatzea erabaki zuen.
Astebetera aurkeztu zen Arnasa plataforma sortu berria Urnietan. Urriaren 23an egindako agerraldian mugimendu ireki eta apolitikotzat definitu zuten euren burua. Erraustegiek sortzen zuten kalteaz ohartarazi zuten iritzi publikoa, lehen agerraldi hartan. Indartsu sortu zen ekimena, 33 kiderekin eta 60 bolondres gehiagoren laguntzarekin. Hedabideen aurrean agertu zirenerako, dagoeneko bost azpibatzorde sortu zituzten Arnasaren baitan: juridikoa, osasun-teknikoa, antolakuntza eta jarduerak, finantzak eta haremanak eta informazioa. Peio Lozano urnietarra izan da geroan ere Arnasa mugimenduarekin identifikatzen den herritar horietako bat. Agerraldi hartan honako esaldia bota zuen: “Urnietako herriak bat egin eta ezetz esateko asmoa du. Sekula ez zen halako mugimendu handirik sortu, hainbeste sentsibilitate batzen dituena”. Urnietako etxebizitza guztietara komunikatua igorriko zutela adierazi zuten.
Ez ziren buzoiketan aritu ziren bakarrak izan. Erraustegiaren gaiak gatazka politikoa areagotu zuen Urnietako EAJ-PNV (orduan agintean ziren, Florentino Ugalde alkate zela) eta PSE-EEren artean (Herme Gonzalez zen orduan ere sozialisten bozeramailea).
IU alderdia, Juan Mari Tomasena zinegotzi zela, erraustegiaren aurka argi eta garbi azaldu zen.
Urriaren 30ean San Marko Mankomunitateko ordezkariak Urnietako Udal ordezkariekin bildu ziren hamabost egun atzera argitaratu zen albistearen inguruko argibideak ematen.
Hilabetera, bi gertaera esanguratsu gertatu ziren denbora tarte berean.
Azaroaren 23an Arnasak erraustegiaren aurkako lehen manifestazioa deitu zuen Urnietan. Erraustegia Erratzun kokatu ahal izateko Udalaren baimena behar zen eta Arnasak herritarren gehiengoa kalera atera zuen Udalak eman beharreko baimen hori ezerezean geratzeko. Eta lortu zutela esan daiteke.
Izan ere Urnietako Udalak egun gutxira batzarraldian hartutako erabakiaren arabera, baliogabetu egin zuen erraustegia Erratzu industrigunean kokatzea proposatzen zuen txostena. Erabaki hori EAJ, PSE eta IUren aldeko botoekin onartu zen. PPko ordezkariak abstentzioaren alde egin zuen.
Gertaera asko izan zen denbora tarte gutxian. Biharamunean, San Marko Mankomunitateak batzarra deitu zuen eta bertan honako erabakia hartu zuen: Erraustegiaren kokapena erabakitzeko Gipuzkoako eremu osoa kontuan hartzea.
Arnasak erraustegiaren aurka presioa eginez jarraitu zuen eta abenduaren 14an Urnietan bigarren manifestazio jendetsua antolatu zuen “Incineradora no, Erraustegirik ez” lelopean. Hemerotekari erreparatuz, 2.500-3.000 lagun bildu zen. Kopuru handia, orduko biztanlegoa 6.000ra iristen ez zenean.
Arnasak protesta egin ez ezik, alternatiba errealak aurkezteko lanak hartu zituen. 2004ko martxoan plataformak plan alternatiboa aurkeztu zuen Urnietako udaletxean, gainerako herrietan ere aplikagarria izan zitekeena. Funtsean heziketan eta herritarren parte hartzean sakontzea defendatzen zuten txosten horretan. Aipagarria Gara egunkariak Arnasakoen ahotan bildu zuena: “Bitxia da Arnasak alternatiba proposatu behar izatea, 1993an Aldundiak berak erraustea gaitzetsi zuenean. Hamarkada honetan alternatibak garatzeko ekimenak hutsaren hurrena izan dira. Bitxia da herritarrek oinarri juridikoa duen lan teknikoa aurkeztu behar izatea, bat baino gehiago lotsarazteko modukoa da”.
2004ko uda bitarte erraustegiaren kokapena bolo-bolo izan zen. Bi erraustegi jarri behar zituztela, azkenean bakarra. Amasako lurrak, Zubieta, Arroa,... Urnieta bera azken ordura arte ez zuten baztertu.
Azken erabakia aski ezaguna da. Zubietan eraikitzea erabaki zuten, Usurbilera itsatsita. Geroztik erraustegiaren egitasmoak gatazka iturri izaten jarraitzen du. Haren alternatiba gisa Usurbilen atez atekoa ezarri zuten. Eta pixkanaka baita beste herri askotan ere: Oiartzun, Hernani, Astigarraga,...
Erraustegiaren aurkako mugimenduak hamar urte bete dituen sasoi honetan, urnietarrak izan ziren aitzindariak.