Inma Miguelizen baserritar jantziak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Baserritar jantziak jarri zituen ikusgai Inma Miguelizek Asteasuko azokan. Bere ama Nieves Sanchez eta bien artean egindako lanak ziren. Inmak eman ditu zaletasun horren inguruko azalpenak.

Duela hamasei urte etorri zen Inma Migueliz Asteasura, bere familiarekin. Aspaldiko zaletasunak berreskuratu eta eskulanetan hasi zen orduan; puntua egiten, josten... “Orduan konturatu nintzen garai batean ikasitakoak oso gustuko nituela eta banuela gaitasuna eskuekin lan egiteko. Amak betidanik josi izan du eta hari laguntzen hasi nintzen”.

Azokan
Badira zortzi bat urte Inma eta bere ama Nieves Asteasuko azokara joaten hasi zirela. “Amak egindako mantalak, baserritar jantziak, inauterietako jantziak..., antzeko lanak eraman genituen. Betidanik egin izan ditu etxekoentzako eta lagunentzako arropak eta haiek eraman genituen azokara. Donostian bizi da ama eta han oso ezaguna da; jende askok eskatzen dizkio lan ezberdinak”.
Lauregoita zazpi urte ditu Inmaren amak, baina gogotsu jarraitzen du jostun lanetan: “Oso iaioa da tela ezberdinak nahasten eta ikaragarri gozatzen du lanean. Edozein momentutan, tartetxoa duenean, orratza eta haria hartu eta lanean aritzen da. Ez zuen ikasketak egiteko aukerarik izan, eta bere kasara ikasi zuen oihalak moztu eta arropak josten. Abilezia handia du eta baita tela ezberdinak nahasteko gustua ere”.

Amari laguntzen
Inma eta bere ahizpa amari laguntzen aritzen dira. Hala azaldu du: “Urteko zenbait garaitan eskaera handia izaten du eta bi ahizpak aritzen gara laguntzen. Horrez gain, josteko makinarekin denbora luzez aritzea eskatzen duten lanak nik ekartzen ditut etxera. Berak jartzen du sormen lana eta guk lan hori gauzatzen laguntzen diogu. Ama gustura ikusten dugu eta horrek asko balio du. Edozein momentutan ohial berriak erostera joaten da eta beti darabil ideia berriren bat buruan. Hori, bere adinean, oso garrantzitsua da”, azaldu du Inmak.
Inma bera ere oso gustura aritzen da jostun lanetan: “Astero saiatzen naiz zerbait egiten, nahiz eta ez daukadan nahi adina denborarik. Asteburuetan autokarabanarekin ateratzeko ohitura dugu eta han ere, josten edo puntua egiten joaten naiz, senarrak gidatzen duen bitartean. Duela gutxi, eguzki indarra biltzen duen plaka berria jarri diogu autokarabanari eta josteko makina eramateko asmotan nabil. Asko gozatzen dut josten”.

Jantzi ezberdinak
Inmaren hitzetan, baserritar jantziek harrera beroa izan zuten Asteasuko azokan. “Jende asko hurbildu zen postura. Jantziak ikusi, ukitu, galdetu..., askoren atentzioa deitzen dute. Maiz entzuten da loreak, koadroak eta marrak konbinatzea oso zaila dela, baina nire ama oso abila da horretan. Baserritar jantzi ezberdinak egiten ditu eta hori jendearen gustukoa da. Emakumeoi asko gustatzen zaigu polit sentitzea eta baserritar jantziekin ere lor daiteke hori. Kolore alaiak, ondo erabilitako ohial nahasketak..., horiek guztiak ondo eginez gero, jantzi dotoreak egin daitezke, tradizioa eta ohitura errespetatuz, gainera”. Haur txikien jantzietatik hasi, eta helduen jantzietaraino, denetarik egiten dute Inmak eta bere amak: “Alkandora izan ezin, jantziak behar dituen gainerako osagai guztiak egiten ditugu. Haur txikien kasuan, puntuzko tokilla egiten dugu umea eroso eta babestuta joan dadin. Helduxeagoen jantziei, korpinoa edo gerruntzea jartzeko ohitura dugu. Hala ere, enkarguz lan egiten dugunean, norberak nahi duen bezala osa daiteke jantzia, noski”.
Mutilen jantziak ere egin izan dituzte, baina gutxiago: “Aldaera gutxiago onartzen ditu mutilen jantziak eta ez ditugu horrenbeste egin izan. Etxekoentzat egin izan ditut, baina kanporako, gutxi”.

Langile fina
Oso umetan hasi behar izan zuen lanean Inmaren amak eta bere kasara ikasi zuen josten: “Gerrak bete-betean harrapatu zuen, eta zortzi urterekin neskame lanetan hasi behar izan zuen. Bizimodua aurrera ateratzeko gogor lan egitea tokatu zaio eta orain ere, ez du balio ezer egin gabe egoteko. Gainera, asko gozatzen du bere arropa josten. Gu gazteak ginenean ere, arropa asko egiten zigun amak. Oso abila da eskulanetan eta neurri batean, nik haren antza pixka bat badudala iruditzen zait”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!