Saskibaloian aritu izan zara orain gutxi arte. Non jokatu duzu?
Tolosako taldean aritzen nintzen. Oso txikitan hasi zitzaidan saskibaloia gustatzen eta hamalau bat urte nituenean, froga egitea erabaki nuen. Lagun taldean hasi ginen, baina pixkanaka, beste guztiak uzten joan ziren. Nik oso gustukoa nuen, ordea, eta jarraitu egin nuen. Astean bitan joaten nintzen entrenatzera eta asteburuetan partidak jokatzera. Larrauldik Tolosara joateko ez dago garraiobide egokirik eta neke pixka bat ekartzen zuen horrek; beti gurasoek edo beste norbaitek eraman behar baininduen. Pasa den denboraldian, beste kirol batzuk frogatzeko gogoa piztu zitzaidan, eta saskibaloia uztea erabaki nuen.
Areto futbolean ari zara orain. Zer moduz?
Oso gustura. Hasi berria naiz eta oraindik asko daukat ikasteko, baina pozik ari naiz. Futbola beti izan dut gustuko eta lagunartean askotan aritu izan gara jolasten. Orain, areto futbolean, teknika ikasten ari naiz. Villabonako taldeko kide naiz eta astean bitan izaten ditugu entrenamenduak. Gipuzkoako ligan ari gara jokatzen eta dagoeneko hiru partida jokatu ditugu. Nik lesio bat izan dut hankean eta ez dut partida guztietan aritzerik izan. Dagoeneko hanka bere onera etortzen ari zait eta ikusiko dugu etorkizunean zenbat jokatuko dudan. Nire inguruko lagun batzuk ere areto futbolean ari ziren eta entrenamendu saioetara joatera animatu nintzen. Taldeko kide naiz orain, eta pixkanaka ari naiz trebatzen, nahiz eta oraindik asko dudan ikasteko.
Zenbat kide zarete areto futbol taldean?
Jubenil mailako bi talde osatu ditugu eta talde bakoitzean, hamar kidetik gora izango gara. Partidetan, talde bakoitzeko bost kide aritzen gara kantxan. Ni oraindik berria naiz taldean eta nire jokorako posizioa ez dago guztiz zehaztuta. Normalean, pibot moduan aritzen naiz. Denboraldiak aurrera egin ahala ikusiko dugu zein postutara egokitzen naizen ondoen.
Oso kirolzalea omen zara. Zein beste kirol egin izan duzu?
Txikia nintzenean, pilotan aritzen nintzen herriko taldean. Tenisean ere jokatu nuen Lasarten. Horrez gain, futbola, saskibaloia, igeriketa..., denetarik egin izan dut, ume-umetatik hasita. Mendira joan eta korrika egitea ere gustuko dut, baina orokorrean, nahiago ditut taldeko kirolak. Lehiakorra ere banaiz eta asko gozatzen dut partidak jokatzen.
Etxekoak ere kirolzaleak al dira?
Ni baino gaztegoa den anaia bat dut, Asier, eta hura futbolean aritzen da.
Zer moduz moldatzen zara ikasketak eta kirola uztartzeko?
Oraingoz ondo. Kirolari ordu asko eskaintzen diot, baina denbora ondo antolatuz gero, ez da hain zaila ikasketak eta kirola bateratzea. Orain, informatikako goi mailako zikloa egiten ari naiz Tolosan. Oso gustuko dut ordenagailuen mundua eta gustura ekin diet ikasketa berriei. Ikasturtea hasi berria da eta oraindik ez dakit nola antolatuko naizen, baina gustura nago egindako aukeraketarekin.
Kirolari dagokionez, zein asmo duzu etorkizunera begira?
Momentuz areto futbolean trebatu eta ondo jokatzea da nire asmoa. Gerora, ordea, ez dut baztertzen beste kirolen batean aritzeko aukera ere. Izugarri gustatzen zait kirola egitea eta zaletasun horri eutsiko diot etorkizunean ere.