Txikienengan irakurketa ohiturak sustatuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 15a, 18:50

Area10 gunean eraikitzen ari diren etxebizitzen igogailuaren zuloa egiten ari direnez, urriaren 7tik azaroaren 3ra arte Atxulondo Kultur Etxea itxita egongo da.

Bien bitartean, kultura sailak abian jarritako kultur ikastaroak Pedro Mari Otaño ikastetxean bideratuko dira. Kultur Etxea bezala, Zizurkilgo liburutegia ere itxita egongo da data horietan zehar, eta, ondorioz, urrian hastekoa zen Haur Irakurketa Kluba azarora atzeratuko da.

Irakurketa kluba, zer da?
Galtzagorri elkarteak irakurketa sustatzeko sortutako ekimena da. Gurasoek, haien seme-alabekin batera, irakurketa uneak partekatzen dituzte bertan. Ekimen berritzaile honen helburua, irakurketaz eta literaturaz gozatzea da eta Galtzagorriko kideek adierazi dutenez, bide horretan, gurasoen ezinbesteko parte hartzea bilatzen da, “izan ere, gurasoak dira testuen eta haurren arteko bitartekari nagusiak, eta saioetan haiei eskainiko zaizkie beren haurrekin haur literatura gozatzeko eta partekatzeko baliabideak: bibliografia egokia ezagutzea, irakurtzeko espazioa eta denbora nola sortu jakitea; helduek, kalitatezko haur literaturaz gozatu eta transmititzeko hainbat teknika”.
Gehienez hogei haurrek har dezake parte saioetan, ezinbestean haien guraso edota hezitzaileekin batera. Zizurkilgo kasuan, 3-5 urte arteko haur eta haien gurasoei zuzendutako saioak izango dira eta azarotik abendura, hileko saio bana bideratuko da. Izen-ematea: Udal bulegoetan, urriaren 31ra arte. Prezioa: 25 euro.

Parte hartze aktiboa
Guraso nahiz haurrei parte hartze aktiboa eskatuko zaie saioetan. Esaterako, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak edota irakurritako liburuen inguruko iritzi eta gomendioak egitea… Helburuen artean, berriz, hauexek aipagarrienak, “irakurketa ohiturak sustatzea, kalitatezko euskal bibliografia ezagutzea, guraso/hezitzaileek irakurketan parte aktiboa hartzea, guraso/hezitzaileak haurrekin irakurketa modu autonomoan partekatzeko gai izan daitezen prestatzea, haurrek liburu eta irakurketaz giro lasaian gozatzea eta, era berean, liburutegiaren erabilpena sustatzea”.
Saioen ildoari begira, saio bakoitzean bibliografia egokia aurkeztuko dutela jakinarazi dute ekimenaren eragileek. “Liburu gehienak album ilustratuak izango dira, baina baita testu desberdinak biltzen dituzten liburuak ere. Saioak dinamizatzaile batek gidatuko ditu eta batzuetan, haurrek haien gurasoekin batera begiratuko dituzte liburuak, gehien gustatu zaiena aukeratu eta gainerakoei azaltzeko. Besteak beste, jolasak eta kantuak, antzezpen txikiak, errezitatzeko poemak, ahokorapiloak edota igarkizunak tartekatuko ditugu saioetan”.

Liburu klasiko eta berritzaileak
Bibliografia ugaria erabiliko dute Irakurketa klubean; aspaldiko liburuak eta argitaratu berriak, klasikoak eta berritzaileak… “Esaterako, tradiziozko egitura klasikoak ezinbestean erabiliko dira saio guztietan, gure hizkuntzan propio sortu diren ipuinak nahiz ipuin unibertsalak kontatuz edota irakurriz. Aldi berean, tradiziozko haur poesia eta kantuak ere erabiliko dira jolasean, kantuan eta antzezpenetan. Egungo haur literaturari ere saio guztietan helduko zaio: egungo poesia, hitz joko eta ipuingintza kontenporaneoari. Esan beharrik ez, saioetan irudiek leku berezia hartuko dutela eta, begirada bidez, haiek irakurtzeko ahalegina ere egingo dugu”, azaldu dute Galtzagorriko kideek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!