Zapiliki, artea eta moda eskutik lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 15a, 18:18

Duela bi urtez geroztik, Zapiliki egitasmoaren baitan egiten du lan Maria Altuna zizurkildarrak, Ortzeder Ametzagarekin batera. Euren lanaren berri azaldu du Mariak.

Arte Ederrak amaitu eta gero, Mariak eta Ortzederrek artearen inguruan zuten ideia bateratua aurrera ateratzeko apustua eginez sortu zuten Zapiliki egitasmoa, “erakunde eta instituzioetatik beharrean, zuzeneko harremana eduki nahi genuen herritarrei artea gerturatzerakoan eta gure haurtzarora jauzi eginez, umetan erabiltzen genituen zapatilak egunera ekartzea erabaki genuen, artea eta moda uztartuz. Mundu koloretsu eta justuago baten alde, artearen izatea bera guztion eskura jarri nahi dugu”. Azken urte hauetan, beraz, gustu nahiz adin ezberdinetako pertsonentzako lonazko zapatila dibertigarri eta bitxiak egiten dihardute Bilbon duten lokalean. Mariak azaldu duenez, “Zapiliki zapatila guztiak, pintzelarekin banaka-banaka margotzen ditugu eskuz, pintura ekologiko eta iraunkorrak erabilita ingurugiroa errespetatuz”. Zapatilekin lanean hasteko ideia bururatu zitzaienean, Interneten barrena ikertuz, eskuz zapatilak jende askok margotzen zituela konturatu ziren, “hala ere bestelako teknikak baliatzen dituzte gehienek, errotulagailua nagusiki. Guk pintzelarekin egiten dugu lan eta, dudarik gabe, pintzelak ukitu berezia ematen duela uste dugu, goxoagoa, ezberdina”. Gainera, Zapiliki zapatilek badute beste berezitasun bat ere: “gure produktuetan erabilgarritasuna bultzatuz, eskuz margotutako merienda gordetzeko poltsak eskaintzen ditugu zapatilekin batera. Gure haurtzaroa ekartzen digu gogora poltsaren kontuak ere. Zapatilak oinetan, merienda poltsa eskuan hartuta ibiltzen baikinen batera eta bestera”. Zapiliki zapatilen beste bereizgarri bat, gomazko lokarriak izatea, “irakaskuntzan nahiz haurrekin udaleku eta tailerretan lanean aritutakoak gara eta badakigu ohiko lokarriak lotu beharra zein astuna den haur, guraso nahiz hezitzaileentzat. Lan hori erraztu eta haurrek euren kabuz zapatilak janztea errazteko, gomazko lokarriak jartzea erabaki genuen”.

Zapiliki mundua
Zapiliki egitasmoa zapatilen baitan sortu bazen ere, Maria eta Ortzederrek urrunago jotzeko ideia dute: Zapiliki mundua sortzekoa, hain zuzen ere. “Zapatilak ez ezik, egun, kamisetak, bodiak, euritakoak, biserak, txapelak edota postalak ere eskaintzen ditugu, besteak beste. Gure lan dinamika indartu egin nahi dugu eta buruari bueltaka jarraitzen dugu aurrera begira”. Orain artean izan duten harrerarekin oso gustura daudela adierazi du Mariak, “Zapiliki egitasmoa jendartean oihartzuna hartzen ari da pixkanaka eta izugarrizko poza ematen du horrek. Kalean haurrak zapatilak jantzita ikusteak asko pozten nau eta baita gure produktuen postua kalera ateratakoan, gure lanari begira ahozabalik nola geratzen diren ikusteak ere”. www.zapiliki.com gunearen bidez jakinarazi zuten euren berri, “webgunearen nahiz facebook-en bidez uste baino abiadura handiagoa hartu zuen egitasmoak. Baina, era berean, kaleko presentziak ere asko lagundu digu. Herri ezberdinetako hainbat azokatan hartu dugu parte, –berriki Zizurkilgoan–, eta gure lana ezagutarazteko oso modu polita da. Gu azokan bertan margotzen aritzen gara eta jende gehienak erreakzio bera izaten du: gustatu egiten zaie egiten duguna. Bestalde, Algortan nahiz Zarautzen, bi erakusketa antolatu ditugu. Interesgarriak izan dira erakusketak ere, gure lanak artearekin duen lotura zuzena agerian geratzen baita”.

Zapatila pertsonalizatuak
Zapatilei lotuta, 19 zenbakitik 46ra, kolore eta irudi eskaintza zabala dute. Marrazkia aukeratzeko bi bide dituzte: www.zapiliki.com gunean duten diseinuren bat aukeratzea edota norberak nahi duen diseinua igortzea, hots, zapatila pertsonalizatuak eskatzea. Orain artean zapatilei lotutako eskaera berezi ugari jaso dute euren jarraitzaileen artean: Futbol jarraitzaile handienen omenez, 600 ahaztezinaren jarraitzaileentzat, skate eta surf zaleentzat, etxeko bidaiarientzat, Frida Kalhoren jarraitzaileentzat, hainbat musikarirentzat… Gainerako diseinuen artean, aurtengo udan harrera beroa izan duten beste hiru eskaintza berri kaleratu dituzte: Abordaia, Donostia oinetan eta Gora Marijaia.
Koadrila, konpartsa edo familia ospakizunetarako…, burutik oinetara originalak izan nahi duten pertsonei zuzenduta, norberaren diseinuarekin pertsonalizatutako zapatila edota bestelako osagaiak eskuratzeko aukera eskaintzen dute Zapilikiko kideek. zapiliki@gmail.com helbidean eskaera egin ostean, egun gutxira, banatzaile bidez, eskatutakoa etxean jasotzen du eskatzaileak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!