Bastero Kulturguneak hamar urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 15a, 18:17

2003ko urriaren 3an zabaldu zituen ateak Andoaingo Kulturguneak. Geroztik, milaka pertsona igaro da bertatik, bai ikusle gisa baita eszenatoki gainera igota ere.

Urteurren borobilaren harira, Garbiñe Agirre Andoaingo kultur teknikariak atzera begirada egin du: “Bastero egin aurretik, gabezia handiak genituen herrian; ez genuen kultur ekitaldiak eskaintzeko areto egokirik eta ahal genuen moduan moldatu beharra izaten genuen: musika ekitaldiak egiteko, herriko elizak edota Arrate pilotalekua erabiltzen genituen; antzezlanetarako La Salleko aretoa edota kalea, musika eskolak etxabe batean eskaintzen ziren... Kultur programazioa egiten genuenean, askotan ez genion ekitaldien kalitateari begiratzen, haiek antolatzeko genituen baliabideei baizik.  1990ean Udalak garbi ikusi zuen herriko kultur dinamikari erantzun egokia emateko, behar-beharrezkoa zela eraikin berria moldatzea. Lehen saiakera Maiza eraikina erosi eta konpontzera bideratu bazen ere, ez zuten akordiorik lortu eta eraikin berria egitea erabaki zuen garai hartako Udalak”.

Prozesu luzea
Urte asko joan zen eraikina egitea erabaki zenetik, Bastero amaituta ikusi arte: “Denbora tarte luze horretan pasa ziren Udal talde guztiek, ordea, garbi ikusi zuten egitasmoarekin aurrera egin behar zela. Premia handiak zituen Andoainek kultur arloan eta garbi zegoen oso beharrezkoa zela eraikin berria egitea”. Bastero eraikina egiteko prozesua oso luzea izan zen eta horrek nekea eragin zuen, baina bere alde onak ere izan zituen: “Gauzak ondo pentsatzeko aukera eman zigun. Badago zer hobeturik, baina eraikinaren erabilera ondo aztertu eta beharrezko moldaketak egiteko aukera izan genuen. Prozesu luze hartan, lehendabiziko hilabetetako kultur eskaintza estutasun handiegirik gabe prestatzen joateko aukera ere izan genuen”.

Helburuak, beteta
Bastero Kulturgunearen helburu nagusienetakoa  Andoaingo kultur taldeen erabilerarako gune egoki bat izatea zen. Hala azaldu du Garbiñek: “Basterok eskaintzen dien aukera hori baliatzen dute kultur taldeek. Hamabost kultur talde inguru ari da lanean Andoainen eta guztiek dute areto nagusia urtean bitan erabiltzeko aukera eta ekitaldi aretoa nahi adina erabil dezakete. Taldearen arabera, gutxiago edo gehiago baliatzen dute aukera hori, baina guztiek ere badakite aukera hori zabalik dutela. Alde horretatik, Basterok zuen helburu nagusienetako bat bete dela esan dezakegu. Bestalde, herritarrei zuzendutako eskaintza ere hazi egin da azken urteotan. Ikuskizun ezberdinak antolatzeko baliabideak eskaintzen dizkigu Basterok eta horrek, ekitaldi ezberdinak herrira ekartzeko modua eman digu urteotan. Helburu hori ere betetzen duela esango nuke. Hirugarren puntu bat ere azpimarratuko nuke; herritarren kultur premiak asetzeaz gain, inguruko herrietako biztanleak ere erakarri ditu. Hori oso garbi ikusten da, esaterako, zineak duen arrakastarekin. Zinerik ez duten herrietako jendea etortzen da asteburuero. Bastero eraiki zenean, ez zen helburu nagusien artean sartzen beste herrietako jendea erakartzea, baina zerbitzu hori ere betetzen du, eta egokia dela iruditzen zait. Hori guztia kontuan hartuta, argi esan dezakegu Basterok Andoaingo kulturgintzaren lehena eta etorkizuna markatzen dituela”.
Kultur eskaintza osatua eskaintzen du Basterok hilero. Garbiñe Agirrek laburbildu du urteko eskaintza: “Zinea, musika, dantza, antzerkia, haur ikuskizunak..., denetarik antolatzen saiatzen gara. Antzerki denboraldian, helduentzako hilean saio bat antolatzen dugu eta haurrentzako, gutxienez sei saio urtean zehar. Dantza saioren bat ere tartekatzen dugu. Arte eszenikoen eskaintza hori borobiltzeko, Ikus Zirkus ekimena egiten dugu abenduan. Oso ekimen berezia da Ikus Zirkus; arte eszenikoetako diziplina ezberdinez gozatzeko aukera paregabea ematen du. Musikari dagokionez, berriz, hilean behin saioren bat izaten saiatzen gara. Musika estilo ezberdinetako taldeak ekartzeko saiakera egiten dugu, baina oso mundu zabala da. Rock musikari dagokionez, adibidez, Basterock ekimena dugu martxan eta ekainean, Rock jaialdia egiten dugu plazan. Musikari dagokionez, gainbehera etorri zen arlo bat ere aipatu behar dugu: garai batean, musikan hasten ari ziren talde asko hurbildu zen gurera, baina egun, eskaintza hori nabarmen jaitsi da”.

Harrera txukuna
Basteroko eskaintzak duen harreraren inguruan galdetuta, gustura ageri da Garbiñe: “Orokorrean, antolatutako ekitaldiek harrera ona dutela esan genezake, nahiz eta batzuetan erantzun handixeagoa izan nahi genukeen. Garbi dago ikuskizun bakoitzak bere publikoa duela. Musika estiloaren arabera jende mota bat edo beste etortzen da, antzerkiak ere baditu bere zaleak eta berdin gertatzen da antolatzen diren gainerako ekitaldiekin ere. Orokorrean, Basteroko erabiltzaileek ondo baloratzen dute antolatutako eskaintza; etorkizunera begira, bertara hurbiltzen ez diren horiengana iristea izango da hurrengo erronka”.

Kulturgunea eta kultur etxea
Kulturgunea da Bastero eta Garbiñek oso garbi azaldu du kulturgunearen eta kultur etxearen arteko aldea: “Urigain kultur etxea herriko kultur taldeen barneko lanerako gunea da. Horixe da kultur etxe baten izaera; kultur ekintzak landu eta aurrera ateratzeko gune bat; baliabide tekniko handiegirik behar ez duena. Bastero berriz, kultur eskaintza hori plazaratzeko gunea da, baliabide tekniko egokiz hornitutakoa. Azken urteotan, Urigain etxeko zenbait gela galdu ditugu, beste erabilera batzuk eman zaizkielako. Erakusketa gela, esaterako, beste erabilera baterako bideratu da. Nire ustez, garrantzitsua da herri batean bi erakusketa areto izatea, mota ezberdinetako erakusketak antolatzeko aukera izateko”.
Basteroko baliabide teknikoak punta-puntakoak ziren eraikina zabaldu zenean eta, egun ere, teknologia berrien aldeko apustua egina dute, Garbiñek azaldu duenez: “Zinean, adibidez, digitalizazioa eta 3D teknologia ezarri dira. Digitalizazioak garrantzia handia izan du, kalitatea bermatzeaz gain eskaintza zabalagoa ekartzeko aukera ematen duelako. Filmen kopiak azkarrago lortzeko bidea eman digu”.

Ospakizunak
Urriaren 3an bete ziren hamar urte Bastero zabaldu zela eta ospatzeko, bisitaldi gidatuak antolatu zituzten. “Eraikinaren tripak ezagutzeko aukera eskaini genuen eta jende gutxi inguratu bazen ere, oso interesgarria izan zen. Urriaren 4an, berriz, gure bazkideak omendu nahi izan genituen zerbait hartzera gonbidatuz eta oso gustura egon ginen elkarrekin”.

Etorkizuna
Etorkizunari begira, Basterok daraman bideari eustea da asmo nagusia: “Argi dugu guztiok, bai politikoek baita teknikariek ere, edukiz bete beharreko eraikina dela hau. Momentu honetan eduki horiek sortzeko ahalmena badago herrian; bai musika eskolaren bidez, baita gainerako kultur taldeen bidez ere. Kanpotik ekartzen diren ekitaldiei dagokienez, arazo ekonomikoak izan daitezke oztopo nagusia. Horretan, guztiok ari gara gure aldetik jartzen. Sortzaileek lan egin nahi dute eta guk, sortu duten hori eskaini egin nahi diegu hartzaileei. Batzuetan, sortzaileek merkexeago egin beharko dute lan, eta hartzeaileek gehixeago ordaindu beharko dute. Kultura ordaindu egin behar den zerbitzu bat dela barneratzen hasi behar dugu. Garaiak aldatu egin dira eta etorkizunerako erronka nagusia hori guztia barneratzen hastea izango da”.

Bastero, barnetik
Peña Ganchegui arkitektoaren taldeak diseinatu zuen Bastero Kulturgunea. Urte luzetako lana izan zen. 2003ko udaberrian lanik handienak amaitu zituzten, eta uda pasata, urrian jarri zuten martxan kultur eskaintza berria. Basterok, kultur eskaintza ondo antolatzeko aukera ematen duten gune ezberdinak ditu bere baitan:
  • Erakusketa aretoa.
  • Musika eskolako ikasgelak.
  • Auditorioa: 500 pertsonentzako eserlekuak.
  • Ekitaldi aretoa: 200 pertsonentzako eserlekuak.
  • Bulegoak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!