Amasa-Villabonako Sorturen herri batzarra urriaren 28an izango da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 15a, 12:41

Aurreko batzarra bertan behera utzi zuen Amasa-Villabonako Sortuk Herriraren aurkako operazioa zela eta. Hurrena, urriaren 28an (astelehena) egingo dutela iragarri dute 19:30etan balio anitzeko gelan. Landuko diren gaiak:

1.-Zaintza partekatua: Eusko Legebiltzarrean Kidetzak proposatu duen Lege proposamenaren inguruko informazioa eta bozketa egingo dugu.

2.-Europako Hauteskundeak: hauteskunde hauetara nola aurkeztuko garen. Bozketa egingo dugu proposamen nazionalarena.

3.-Sorturen plangintza nazionala zein herrialdekoaren elementu nagusiak: ikasturteari ezarri dizkiogun lan ildo nagusiak aipatuko ditugu.

4.-Herriraren aurkako operazioaz gogoeta.

5.-Amasa-Villabonako SORTUK prestatu duen plangintza ikasturte politiko berrirako.

6.-Herri Kontseiluan egin ditugun aldaketak: bozkatu behar dira.

 

Bestalde, Amasa-Villabonako Sorturen Herri Kontseiluaren buletinaren (2013/10/11) berri ere igorri dute:

Urrian Amasa-Villabonan eragin zuzena izango duten bi epaiketa abiatuko dira Entzutegi Nazionalean. Batetik, Gazte Independentisten aurkako epaiketa hasi zen atzo (hilak 14) eta Mikel Ayestaran epaitu zuten bertan. Bestetik, Herriko taberna eta bestelako lokalen auzia ere abiatzear da, eta Iratzar taberna (une honetan enbargatua) behin betiko itxi eta likidatu nahi dute. Bi epaiketa hauen helburua guztiz politikoa dela salatu nahi du Sortuk, konponbideari egindako bi eraso. Bi kasuetan terrorismoa leporatzen zaien arren, badakigu lan politikoa dela zigortu nahi dutena. Bi epaiketa hauei iraupen luzea aurreikusten zaienez, LIBRE herri ekimena jarri da abian babes ekonomikoa zein laguntza eskaintzeko. Adi deialdiei, norberak ahal duen neurrian laguntzea estimatuko da. Konponbidera gerturatzen goaz, eta erasoak eraso ez dugu atzera pausorik egingo. Gatazka baztertzeko garaia da, eta Estatuak pauso hori eman beharko du. Lerro hauetatik Mikel Ayestaran eta epaituak izango diren gazte denei gure besarkada eta maitasun dena agertu nahi diegu. Bai eta haien senide eta gertuko lagun denei ere. Amasa-Villabonako Sortuk bere ekarpena egingo du LIBRE ekimenaren baitan. Urriaren 14ean, astelehenarekin gure bihotz eta gogoak Mikelekin egon ziren.


Urriaren 10ean Espainiako Kongresuak Wert ministroaren hezkuntza erreforma (LOMCE) onartu zuen. Oraindik indarrean jartzeko Senatuen onespena falta zaio, baina han ere PPk gehiengo absolutua du. Honenbestez, aurrera doa hezkuntza Madrilen menpe jarriko duen erreforma. LOMCE hezkuntza erreforma soil bat baino zerbait gehiago da. LOMCE estatua izateko bokazioa dugun nazioei helburu horiek lortzeko bidea mozteko neurri inperialista eta kolonial hutsa da. Denok dakigu, bere buruaren jabe izan nahi duen herri zein nazio orok bere Hezkuntza Sistema propioa behar duela. Hezkuntza baita tresna oso eraginkorra herri zein nazio gisa identitate propioak indartzeko. Zentzu horretan, lege honen saiakera PPren ildo estrategikoaren baitan doa, herri bezala txikitu eta gure izaera eta nortasunaren elementu bereizgarriak ezabatu. Erasoa beraz, oso zabala da. SORTUk, herri bezala erantzuna eman beharra azpimarratuko du eta zentzu horretan begi onez ikusten dugu, Jaurlaritza eta zenbait eragile eseri izana Hezkuntza aukerak proposatzen, berandu dela irizten dugu baina. Gure ustetan, harresi handi bat eraiki behar da Euskal Herrian eraso honi aurre egiteko eta harresi hori alternatiba errealak mahai gainean jartzen eraiki behar da: Hezkuntza sistema propioa eta curriculum propioa dira beharrezko tresnak. Zer eta nola ikasi eta irakatsi behar da Euskal Herriko eskoletan? Nolako Eskola eta eskola sistema behar du gure herriak, herri bezala bere egitura propioak behar dituen neurrian? horretan gogoeta egin behar dugu eta horretan Jaurlaritzak Madrileri gutxiago begiratu eta gure herriari begiratu behar dio. eraikitzeko garaia besteek jan nahi gaituztenean. Eraso guztiei, herri bezala erantzuten eta herri bezala gure alternatiba errealak eraikitzen ditugun neurrian lortuko dugu, espainiar inposizio guztiei aurre egitea. Hor dago gakoa: autonomismo erreformista edota eraikuntza nazional eta soziala. Hortxe dago arazoa Euskal Herrian, EAJk nahiago izan baitu orain artean, Madrilen autonomia sendotzeko akordioak sinatu, gero bat bera ere betetzen ez bada ere. Joan zen astean EAJren erantzukizuna nabarmen agertu zen.

Horrenbestez, Sortuk bat egin zuen hezkuntza eta gizarte arloko eragileek deituta erreformaren aurka joan zen larunbatean (hilak 12) Bilbon burutu zen manifestazio nazaionalarekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!