Garbigune berria Andoaingo eta Urnietako biztanleen esku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 10a, 10:32

Andoaingo Udalaren ordezkaritza zabalak Gipuzkoako Foru Aldundiko eta eskualdeko Mankomunitateko ordezkariekin batera, Leizotzen kokatu duten Garbigune berria ofizialki zabaldu zuten. Andoain herria zaborren kudeaketari dagokionez Tolosaldea eremuan kokatu badute ere, Garbigunearen ateak Andoaingo nahiz Urnietako herritarrei zabalik izango dira.

Aste honetan hasita Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten hogeita zortzi herriek ez ezik, urnietarrek ere erabili ahalko dute. Izan ere, San Markoko Mankomunitatearekin duen lankidetzari esker, Urnietarekiko gertutasun geografikoa izanik, bertako herritarrei ere doako zerbitzua eskaintzeko aukeran izango da Leizotzeko Garbigunean.
Irekiera ekitaldian Andoaingo Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak izan ziren, Ana Carrere alkatea buru zela. Eta harekin batera, besteak beste, PSE-EEko Toñy Landa, Fernando Narciso eta Jose Luis Vela, EAJ-PNVko Andoni Baltasar eta Eneko Urdangarin eta PPko Asun Guerra.
Andoaingo alkatearekin batera hitza hartu zuten Ainhoa Ugalde Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak eta Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek ere.
Ainhoa Ugalde Mankomunitateko lehendakaria: “Hilabeteak pasa ditugu lanean, eta azkenean, gaurkoan poz handiz, gune hau martxan jartzeko eguna iritsi zaigu. Eskualdean bigarren Garbigunea dugu, eta Tolosakoak bezala, honakoak ere herritarren erabilera handia izatea espero dugu. Garbigune batek, hondakinak zabor bihurtu baino, hauei balioa ematean du funtsa. Hondakinak sailkatzean, beharrezko tratamentua egiteko aukera zabaltzen baita.
Hala, guztira 12 hondakin multzo sailkatzeko aukera ematen da bai edukiontzi handi hauen bidez, eta baita teilatupe horretako gunearen bidez ere. Bertan gainera, 14 hondakin arriskutsu sailkatu ahalko dira”.
Tolosaldeko Mankomunitatearen helburua, erabiltzen ez diren objektuei ahalik eta aukera zabalena ematea da, horrela, gehiago sailkatzea eta beraz, zabortegietara gutxiago eramatea lortuko baita.

DOAKO ZERBITZUA
Eskualdeko herritar guztientzat eskaini nahi den zerbitzua da, eta Mankomunitateak Tolosan zabalik duen eraikinean bezalaxe, doakoa.
Irekitze ekitaldi honetan, lankidetza bat ere azpimarratu nahi izan zuten. Izan ere, San Markoko mankomunitatearekin duten lankidetzari esker, Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten 28 herriez gain, Urnietako herritarrek ere erabili ahalko dute Andoaingo Garbigunea.

BERRERABILTZEKO AUKERA
Garbigune honetan, Tolosakoan bezala, berrerabilgunearen zerbitzua ere emango da. Horrela, norberak erabiltzen ez dituen baina oraindik ongi dauden tresna, altzari, aparatu elektriko etabar, ekarri daitezke gune honetara, eta bertan egongo diren antzeko gauzak ere hartzeko aukera izango da. Erabiltzen dugun edozerk izan dezake bizi berri bat, beste norbaiten eskuetan, eta asmo horrekin sortua dago berrerabilgunea.
Ainhoa Ugalde Mankomunitateko lehendakariak berrerabilpenaz gain, zaborren sailkapena eta ingurunea ere gogoan izan zituen: “Eskualdean helburu garbiak ditugu markatuta, eta gaurko honetan ere noranzko horretan kokatzen gaituen pauso bat ematen ari gara. Andoaingo garbiguneak, orduan eta gehiago sailkatzea bideratzen lagunduko digu eta beraz, zabortegietara ahalik eta gutxien eramatea lortuko dugu.
Lehengaien ustiaketa mugagabe baten aurrean, hondakinak errekurtso bezala kudeatzea da helburua. Ingurumenaren eta bideragarritasunaren alde batez ere, baina baita eskualde garbi, txukun eta osasuntsuago bat eraiki nahi dugulako ere”.
Ana Carrere alkateak, bestalde, Garbigunea martxan jarri dutenei esker ona adieraiz zuen: “Hondakinak gehiago bereizteko aukera Andoainen bertan izatea poztekoa, eskertzekoa dela”. Berrerabilpenaren garrantzia azpimarratu zuen bide batez, “baten batek erabiltzen ez duen objektu hori, besteren batek erabilera eman diezaioke”.

GARBIGUNERA ZER ERAMAN?
Leizotzera eraman daitezkeenak:
•    Obra hondakinak.
•    Plastikoak: bidoiak, bilgarriak...
•    Altzariak, koltxoiak...
•    Papera eta kartoia.
•    Metalak eta txatarra.
•    Lorezaintzako hondakinak.
•    Egurra: paletak, kaxak, oholak...
•    Autoen neumatikoak.
•    Arropa.
•    Beirazko ontziak.
•    Plastikozko, metalezko eta brik-motako ontziak.
•    Etxetresna elektriko eta elektronikoak: hozkailuak, garbigailuak, ordenagailuak, telebistak...
•    Etxeko hondakin arriskutsuak: fluoreszenteak, pilak, sukaldeko eta autoetako olioa, bateriak, pinturak, aerosolak, disolbatzaileak, fitosanitarioak, tonerrak,...

Besteek berrerabil dezaketena:
•    “Aukera eman nahi diegu bertan jasotzen ditugun objektu guztiei berrerabiliak izan daitezen. Egoera onean dauden objektuak bakarrik utziko dira, hurrena etorriko den beste norbaitek jaso eta berak erabiltzeko”.

Konposta egiten dutenentzat jakingarria:
•    “Konpostajea egiten duten herritarrentzat materia lehorra ere eskuragarri dago”.

Kokapena
Leizotz industriagunea
943 30 38 09
andoaingarbigunea@tolosaldea.org

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!