Burdina taldea, hamar urte ondarea berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 10a, 10:32

Burdina taldeak bere hamargarren urteurrena ospatu nahi du, eta horretarako, festa antolatu du urriaren 12an, larunbatarekin. Urte horietan guztietan kide izan diren pertsona guztiak batu nahi dituzte egun beteko ospakizunean. Aldi berean, taldearen lehen hamar urteetako historia irudi bidez kontatzen duen liburua aurkeztuko dute Kotoi elkartean antolatu duten ekitaldian.

Herriko ondare historikoa berreskuratu eta argitan jartzeko asmoz, pertsona bakar batzuk sortu zuten Burdina taldea 2003an. Etxetik hartutako atxur bat eskuetan zutela hasi ziren bazterretan utzita zeuden karobi, burdinola, garbitoki eta abar elementu txukuntzen. Hamar urteren buruan, izugarri hazi dira gauzatu diren berreskuratze lanen zein taldekide eta kolaboratzaileen zerrendak. Ez dute inor nabarmendu nahi, baina 2011an zendu zen Joxe Pablo Usandizaga taldeko hasierako bultzatzaile nekaezina edukiko dute gogoan modu berezian.
Sastraka eta lurrez estalita zegoen ondare historikoa argitan jartzeaz gain, beste balio aberatsa nabarmentzen dute Burdinako kideek: Andoaingo jende anitza bildu eta mugitu izana auzolanaren filosofiaren inguruan.
Joxe Ramon Berrondoren hitzetan, “ezingo genuke osatu urte hauetan nola edo hala parte hartu duten lagun guztiekin zerrenda, baina gutxigora beherako kalkuluak eginda, 120etik gora izango gara. Jakina, denboraren poderioz, batzuk utzi egin behar izan dute, beste batzuk geroxeago integratu dira... Izan ere, nork bere gora beherak dauzka bizitzan (lana, familia...) eta horren arabera mugitzen gara. Taldeak ez du funtzionatzen modu hertsi batean arauei dagokionez, eta jendeak badaki gogoak ematen dioenean eta duenean etorri daitekeela taldera, martxan diren ekimenetan kolaboratzeko asmoz”.
Harrotasunez adierazten dute taldeak adin, jatorri eta ogibide ezberdineko jendea mugitzen jakin duela. “Gaztetxoetatik hasi eta jubilatuak bitarte luzatzen da taldekideen adin tartea. Ogibideak ere denetarikoak ditugu: irakasleak, mekanikoak, historialariak... Hori bai, bi gauza dauzkagu guztiok ere amankomunean: herriaren ondarearen alde lan egiteko gogoa, eta lagungiroan jardun nahia”.  

Liburuaren argitalpena
Liburu baten argitalpena ere iragarri dute modu berezian ospatzeko hamargarren urteurrena. Irakurlea atzera begira jarri nahi dute, hamar urteko langintzaren balantzea modu errazean egiteko asmoz. Testuari baino irudiari eman diote garrantzia, eta era horretan, argazkiak dira berreskurapen horiek deskribatzen dituztenak. Hain zuzen, 103 argazki jasotzen ditu liburuak, berrogeita hamarretik gora ekintza edo berreskurapenen berri ematen dutenak. Eba Tomasena taldeko kideak koordinatu du edizioa. Aleren bat eskuratu nahi duenak, taldekideengana jo besterik ez dauka.
 
Aurrera begira, zer?
Urteurren seinalatuaren harira, taldea nondik datorren eta zer egin duen aztertzeko ez ezik, nora doan jakiteko baliatu nahi dute. Era horretan, Xabier Arruti Txanka-k adierazi duenez, “etorkizunari begirako hausnarketa egin nahi dugu, eta mahai baten inguruan eseritzeko asmoa daukagu hurrengo asteetarako. Egia esan, Andoainen, Leitzaran bailaran eta inguruko herrietan makina bat eraikuntza geratzen dira oraindik berreskuratzeko eta txukuntzeko, eta alde horretatik, erruz dago lana, beste hamar, hogei edo gehiago urtetarako! Hausnarketak, ordea, beste bide batetik joan beharko du, beste zenbait galderei erantzuten saiatu beharko gara, giltzarri izango direnak Burdina taldearen etorkizunean: zein funtzio bete behar dituen, nola eta zein erritmoetan, auzolanaren filosofia nola garatu..”.

Ospakizuna
Urriak 12, larunbata

Burdinak hamar urte:

  • 12:00    Kotoi elkartean bilkura. Aurkezpena (liburua aurkeztuko da, besteak beste) eta hamaiketakoa.
  •     Ondoren, Kalejira herriko kaletan zehar.
  • 14:00    Bazkaria.
  • 19:00    Dantzaldia Bekoplazan Ingoaldeu?

Liburua
Atarikoak biltzen duena
JOXE RAMON BERRONDO:

“Hamar urte ditugu, denbora gutxi?
Galdetu egun bateko bizia duen tximeletari edota denboraldi bateko loreari…
Taldea sortzea zaila bada
are eta zailagoa da biziaraztea.
Eta zein nolako bizia du Burdinak?
Gazte baten harnas hauspoaren soinua ateratzen du: osasuntsua, indartsua.
Hamar urte etengabe, ekintza xumeak eginez, hamar urte itukinaren moduan:
ttanka, ttanka, ttanka, ttanka…
Ume zirenak heldu, helduak helduago,
larunbat goiza alaitzen digun taldeak
badu beste hainbat urteetako bidea.
Herria lantzen, bultzatzen, maitatzen duen taldea, badu zer esana eta nork esana.
Agur eta ohore taldekide maiteak.
Zorionak eta besarkada handi bat”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!