Astelehenean EAJ-PNV eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu zuten, Espainiar Gobernuaren estrategia politika-judiziala salatzeko. Eusko Legebiltzarrean Euzko Abertzaleak (EAJ) eta EHBildu legebiltzar taldeek modu bateratuan aurkeztutako testu berbera berretsi zuten Urnietako Udaleko EAJ-PNVk eta Bilduk. Idatziak oinarrian bi argudio nagusi ditu:
- “Urnietako Udalak Espainiar Gobernuaren estrategia politiko-judiziala salatzen du, salbueSpenezko legediak oinarri hartuta, zenbait erakunde judizial, Auzitegi Nazionala kasu, erabiltzen dituelako dena ETA da tesia aktibatzeko, ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren, eta ETAren ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabilelako, aipatu erakunde horren erabakiaren irrebertsilitatea eta egiazkotasuna egiaztatzeko ardura politikoa bere gain hartu beharrean, eta bake prozesua bultzatu beharrean”.
- “Urnietako Udalak euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta Herrira-ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotatutako pertsona guztien askatasuna eskatzen du”.
Mozioa bozkatzeko garaian, Urnietako PSE-EE alderdiak ezezko botoa eman zuen.