Atxiloketen inguruan, ezohiko batzarraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 4a, 12:05

Gaur goizean ezohiko batzarraldia burutu da Villabonako udaletxean, joan zen astelehenean Herrira mugimenduko kideen aurka egin ziren atxiloketen harira. EH Bilduko Galder Azkue alkateak eta Nora Urbizu, Rosa Arregi, Urko Arin, Juan Luis Irazusta eta Mikel Uzkudun zinegotziek nahiz EAJ-PNVko Nagore Puyadena zinegotziak ondorengo bi mozio hauek onartu dituzte aho batez:

EH Bilduk aurkeztu duen adierazpena, Galder Azkuek irakurri duena:

 

Pasa den astelehenean, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazio poliziala burutu eta hemezortzi euskal herritar atxilotu zituen Guardia Zibilak. Iraganeko gertakariak ziruditenak errepikatu ziren tamalez gure herrietako kaleetan.

 

Egoera berri bat ireki da Euskal Herrian bereziki ETA erakundeak behin betiko su etena iragarri zuenetik. Aitzitik, PPren gobernuak hasieratik uko egin dio errealitate berri honi eta gatazka behin betikoz konpontzeko dagoen aukerari muzin egin dio.

 

Are gehiago, gatazka armatuaren baitan sortutako estatu estrategia eta baliabide guztiek bere horretan diraute. Euskal presoen eskubideak ez errespetatzeaz gain, gure herrian oinarrizko askatasun demokratikoak oraindik orain ez dira aintzat hartzen. Egoera horien baitan kokatu behar da hain zuzen Herriraren aurka Auzitegi Nazionalak burututako operazioa.

 

Euskal presoen euskal herriratzearen eta euren eskubideen aldeko gehiengo sozial, sindikal eta politikoa dago gure herrian eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako jarreratik abiatuta, Herriraren eta atxilotutako hemezortzi kide horien lana, aipatu gehiengo sozial horri begirako ekimenak eta elkarguneak eskaintzea zen. Hau da, giza eskubide guztien errespetuan oinarrituz, gehiengo baten aldarrikapenaren alde egitea.

 

Burututako operazio polizial honek hain zuzen lan hori oztopatzea du helburu, gehiengo sozial, sindikal eta politiko horren aldarrikapena kaleetatik ateratzea, ezkutatzea. Giza eskubideen aldarrikapena dena kriminalizatzea. Eta unea ere ez da kasualitatea, hain zuzen ere Estrasburgoko Epaitegia betirako kartzelaratzea ezartzen duen doktrinaren epaia publiko egitera doanean. Konponbide prozesu batek guztion ekarpenak eskatzen dituenean, PPren gobernuak, iraganeko errezetekin erasotzen du egoera berria; konponbidearen aukerari kalte izugarria eraginez.

 

Guzti horrengatik Udal honek ondoko ebazpenak onartu nahi ditu:

 

1.- ……Udalak Herriraren kontra burutu den operazio poliziala eta atxiloketak herri honen gehiengoari eta konponbide prozesuari egiten zaizkion eraso gisa ulertzen dituela azaldu nahi du.

 

2.- …Udalak Herriraren kriminalizioa helburu izan dezaketen ekimenak bertan behera utzi eta atxilotutakoen berehalako askatasuna eskatzen du.

 

3.- …Udalak euskal presoen euskal herriratzea eta bere eskubide guztien aldarrikapena bere egiten du, giza eskubide guztien errespetuaren alde dagoen bezalaxe. Norabide horretan larunbat honetarako deituta dagoen manifestazio nazionalarekin bat egiten dugu.

 

4.- Presoen eskubideen errespetuaz gain, gatazka politiko eta armatuaren parte diren gobernu, alderdi eta eragile guztiei prozesuari etengabeko ekarpena egin eta jarrera eraikitzearen bitartez laguntzea eskatu nahi diogu.

 

 

Mozio bateratua, EAJ-PNVko Nagore Puyadenak irakurri duena:

Euskal herrian aldaketa politiko sakonak bizi izan ditugu azken urteetan. Aldaketa politiko sakona izan da ETA erakundeak erabaki eta adierazi izana 2011ko urriaren 20an bere jarduera armatuaren behin betiko amanera.

Herri hau, giza eskubide guztien onarpenean eta defentsan oinarrituz, demokrazia eta bakea garatuz eta herritarren borondatea oinarritzat hartuz eraiki behar denla, herri honen gehiengoak aspaldi egindako hautua da.

Aste honetan, “Herrira” plataformako kideak atxilotu dituzte. “Dena ETA da” tesiari eutsiz egin dituzte atxiloketak, Euskal Herrian bake prozesua bultzatu eta finkatzeko bidean atzeraldia suposatzen duelarik.

Euskal Herriko erakundeek eta gizartearen gehiengo nabarmenak euskal presoak jasaten ari diren oinarrizko eskubideen urraketak behin eta berriz salatu dituzte, legeak, zuzenbide internazionalak eta giza eskubideen deklarazioak presoei aitortzen dizkien eskubideak defendatzea zilegia dela adieraziz.

Oinarrizko eskubideen etengabeko zapalketak ez dira inolaz ere lagungarri gure Herriak behar duen soluzio bilaketarako.

Erakunde politikoen ilegalizazio prozesuek eten egiten dituzte oinarrizko eskubide diren ideologia, adierazpen, elkartze eta partehartze aldarrikapen demokratikoak; euskal gizartearen aniztasun politikoari zor zaion errespetuari eragiten diote zuzen-zuzenean, eta baita gure herriko elkarbizitzari ere; eta guztiz urruntzen gaituzte euskal gizarteak behin eta berriz eskatzen duen normalizazio politiko eszenatokietatik.

Horregatik ondorengo puntuak aurkezten ditugu udal batzak onartu distan:

1.     Espainiar Gobernuaren estrategia politiko-judiziala salatzen dute salbuespenezko legediak oinarri hartuta, zenbait erakunde judizial. Auzitegi Nazionala kasu, erabiltzen dituelako “dena ETA da” tesia aktibatzeko. ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren, eta ETAren ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabilelako, aipatu erakunde horren erabakiaren irrebertsibilitatea eta egiazkotasuna egiaztatzeko ardura politikoa bere gain hartu beharrean, eta bake prozesua bultzatu beharrean.

2.     Euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen errespetua eta “Herrira”ren baitan Euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari ziren atxilotutako pertsona guztien askatasuna eskatzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!