Segi eta herriko tabernen aurkako auziak hastear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:55

Segi eta herriko tabernen auziak urriaren 14an abiatuko dira Madrilgo Audientzia Nazionalean. Mikel Ayestaran billabonatarra, epaituko dituzten 76 lagunetako bat da.

Urriaren 14an, Segiren aurkako sumarioa zabalduko da Madrilen; 19an, berriz, herriko tabernena. Segi auziaren baitan 40 gazte epaituko dituzte: Beterri-Aiztondo eskualdean, Mikel Ayestaran billabonatarra, Euken Villasante andoaindarra eta Olatz Izagirre urnietarra. Herriko tabernen auziaren baitan, berriz, beste 36 lagun: eskualde mailan, Villabonako Iratzar taberna eta Juani Lizaso andoaindarra Andoaingo Irunberri elkarteko ordezkari gisa.
Segiren aurkako auzia 2009ko azaroaren 24an abiatutako sarekadaren harira datorrela azaldu du Mikel Ayestaranek, “34 gazte atxilotu gintuzten gau hartan. Beste batzuek ihes egin zuten eta gerora Iparraldean nahiz Italian atxilotu zituzten. Euskal Herrian atxilotu eta inkomunikatutako 34 gazte horietatik 32k torturak jasan genituen eta tortura horien pean ateratako autoinkulpazio eta beste pertsonen aurkako inkulpazioetan oinarritzen da akusazioa”. Mikelek, auziari begira urduritzen hasita dagoela azaldu du, esperoan dagoela, “Segiko kide izatea leporatzen didate niri eta, ondorioz, ETAko kide izatea. Lan politikoa egiteagatik gaude auziperatuta, jarduera politiko hutsagatik. Sei urteko gartzela zigorra eskatzen dute niretzat. Audientzia Nazionala salbuespeneko epaitegia da eta hortik ez dut justiziarik espero”. Herriko tabernen auziaren inguruan, “herriko tabernei talde terrorista finantzatzea leporatzen zaie. Sumario horretan 36 auziperatu daude denera. Urritik aurrera, beraz, 76 herritar epaituko gaituzte Audientzia Nazionalean”, azaldu du.

Libre dinamika, herriz herri
Epaiketa hauen aurrean Libre dinamika sortu da herri ezberdinetan, “epaiketa politiko honi aurre egiteko herri babesa eta babes ekonomikoa lortze aldera sortu da dinamika hori. Azken batean, 76 pertsonen Madrilerako bidaiek nahiz bertako egonaldiek izugarrizko gastua eragiten dute: Miloi bat euroko gastua aurreikusten da guztira”. Urriaren 13an, Madrilera abiatu aurretik, Amasa-Villabonako Libre plataformak herrian ekitaldia egingo duela jakinarazi du Mikelek. “Azaroaren bukaera aldera Libre eguna antolatuko dugu Amasa-Villabonan, herritarren babesa kaleratu eta dirua biltzeko. Andoaingo Libre plataforma ere ekitaldi ezberdinak antolatzen ari da eta herrietako eragile eta norbanako guztiei parte hartzeko deialdia luzatzen diegu. Izan ere, epaiketa politiko hauek garai bateko estrategiari erantzuten baitiote eta egun Euskal Herria konponbidearen bidean jarrita baitago. 76 euskal herritar kartzelaratzeko arriskuan egoteak ez dauka inolako zentzurik egun. Libre plataformaren leloa ‘Elkartasunetik konpromisora, gatazkatik konponbidera’ da. Elkartasunetik, bakoitzak ahal duen moduan konpromisoa erakuts dezala epaiketa hauen aurrean. Eta esan bezala, garai bateko estrategiak zaharkituta daudenez, egungo egoeran konponbideari begira jarri behar da”. Epaiketa luzea izango dela iragarri du Mikelek: “Urriaren 14tik 16ra, azaroaren 4tik 6ra nahiz 25etik 27ra eta abenduaren 9tik 11ra jasoko dituzte deklarazioak Madrilen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!