Domingin: Gorputz txikia, bihotz handia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:39

Incansables txarangako kide Andoni Elosegi andoaindarrak eta Ibon Mendibil tolosarrak “gorputz txikikoa, baina bihotz handiko gizona” moduan definitu dute joan zen apirilaren 11n zendu zen Txomin Castro ‘Domingin’ ezaguna.

‘Domingin’, ‘Sietemesino’...
Txomin Castro Gonzalo, ‘Domingin’ gisa ezagutzen zuten Amasa-Villabona eta inguruko herritar gehienek. Ezizen gehiago ere bazuen, ordea: ‘Sietemesino’, ‘Zazpiki’ edo ‘Siete’ ezagunenak. 1945 urtean jaio zen Villabonako Kale Nagusian. Bigarren ezizen horrek garbi adierazten duenez, zazpikia zen jaiotzaz. Jaio zenean, kotoiz babestutako kaxatxo batean Tolosako ospitalera eraman zuten inkubagailura. Gaztetxotan, Villabonako Ubarretxena musikari ezagunarekin ikasi zuen solfeoa. 1962 urtean tronpeta ikasketekin hasi eta 16 urte zituela, Hernaniko bandan ekin zion musikari bideari. Incansables txarangako taldekide Andoni Elosegik azaldu du Dominginen musikari ibilbidea, “Hernaniko bandan makina bat kontzertu eta dantza saiotan hartu zuen parte. Hurrengo urratsak ‘Los Pomposos’ fanfarrean eman zituen. Tronpeta jotzeaz gain, ‘Gillito’ zuzendari handiarekin umorezko sketchetan parte hartuz. ‘Los Pomposos’ utzi eta ‘Polito y sus anastasios’ fanfarreko partaide izan zen. Bi talde horiekin Euskal Herriko bazter gehienak eta Espainiako hainbat hiritako bazterrak alaitu zituen: Tenerife, Galizia, Katalunia… ‘Los Fifos’ berbena taldean ere aritu zen. Ezkontza ugari alaitu zuen, Bidasoa inguruko herrietan ibili zen eta asteburuetan, Goizuetako Tiffanitxo dantzalekuko bazterrak ere alaitu zituen. 1971 urtean, Ergobiako festetan jotzen ari zirela, Pipas, Kanario, Paotxa, Zapa eta bostek, txaranga bat sortzea erabaki zuten Estanko tabernan. Erabaki hari esker eman zituen lehen urratsak Incansables txarangak. 2000. urtean txaranga utzi bazuen ere, beti agertu zen laguntzeko prest. Txaranga sortu zenetik 2013ko apirilaren 11n zendu arte, Incansables txarangako partaidetzat eduki zuen bere burua”.


Aspaldidanik ezagutzen zuten elkar Andoni, Ibon eta Dominginek, baina benetako harremana Incansables txarangaren baitan garatu zuten. Andoni nahiz Ibon bat etorri dira Domingin eurentzat eredu zela esaterakoan, “txaranga munduan ibili garenontzat eredu bat zen ‘Sietemesino’. Amasa-Villabonan ‘Domingin’ bezala ezagutzen zenak, Euskal Herrian barrena izengoiti asko zuen: ‘Vinagrillo’, ‘Trompetilla’, ‘Kalanbres’, ‘Magras’… Bera ere prestatu egiten zen horretara, baina bere izena izan ezik beste edozer deitzen zioten. Joaten ginen lekura joaten ginela ‘Non da…?’ galdetzen ziguten. Gu ere ez gintuen sekula  gure izenez deitzen, denori aldatzen zigun izena eta izen errazak zaildu eta zailak erraztu egiten zituen”, azaldu dute. Dominginek bere bizitzan hiru sustrai zituela aipatu du Andoni Elosegik, “familia, musika eta Behar-Zana elkartea, hiru sustrai horiekin osatzen zuen bere bizimodua. Bitxikeria modura, aita galiziarra eta ama arabarra izanik, bera Osasuna futbol taldearen zale amorratua zen. Lotura zuzenik gabe, futbol talde nafarra hainbeste nola maite zezakeen adarra jotzen genion beti. Oso goian geneukan, asko estimatzen genuen”. Ibon Mendibilen hitzetan, oso gizon berezia zen, “bizitza osoa eman du Incansables txarangan eta ehundaka istorio eta pasarte bizitu genuen berekin. Urtean zehar egun asko igarotzen genuen elkarrekin, 24 orduz gainera”. Xelebrekeria guztiak Domingini gertatzen zitzaizkiola gogoratu dute bi lagunek irribarrez, bere bizitzarekin pelikula egingo balitz, momentu batzuetan Charles Chaplin baxu utziko lukeela: “Esaterako, zaila da txarangako kide bat zezenak harrapatzea, bada, Domingin zezenak harrapatu egin zuen Milagroko festetan. Ez gainera zezenaren aurrera bere kabuz aterata, egunkariaren bila zihoala baizik. Kilo gutxi zuelako geratu zen bizirik… Baten faltan, gainera, bigarren zezena ere azaldu zitzaion”. Umorea nabarmendu dute Dominginen ezaugarri nagusi modura, “gizon umoretsua zen eta umorea gaineratzen zien gertaera guztiei. Askotan, lo gutxi eginda, gorputz txarrez esnatzen ginen txarangarekin norabaitera abiatzeko. Domingin furgonetan sartu orduko, festa eta barrea nagusitzen zen. Ingurua alaitzeko izugarrizko sena zuen”.

Festaz festa, txarangarekin
Herri askotako festak ezagutu zituen Dominginek Incansables txarangarekin. “Iruñeako Sanfermiñak oso gustuko zituen, baina are eta gehiago Lesakakoak; herri txikiagoa izanik, giro herrikoiagoa sumatzen zuen. Leitzako festak ere izugarri gustuko zituen. Txarangari Incansables izena Leitzako herritarrek jarri zioten: 1972an txaranga bezala jotzen hasi eta gero, Leitzara sarritan gerturatzen ziren. Haiek zein izen zuten galdetuta, ez zutela izenik erantzun zieten. ‘Incansables izena jarri beharko diezue txarangari, ez zarete geratzen eta!’. Esan eta izan. Geroztik Incansables izena mantendu zuen txarangak. Leitzatik dator izena, beraz”.
Elkarrizketatuen esanetan, oso tronpeta-jole ona zen eta tronpeta-jole gaztetxoek bereziki, bere ondean jarri nahi izaten zuten, “miresmen handia zitzaion txarangan sortzen zuen giro onaz gain, musikari gisa ere”.
Besteak beste, Hernanin ere istorio mordoa duela aipatu dute Incansableseko bi kideek, “garai batean trenez joaten zen Hernaniko bandarekin jotzera. Jendeak bazekien Domingin zegoen lekuan giro ona izango zela eta bera sartzen zen bagoian sartzeko zain egoten ziren asko. Trenaren barruan bere tronpetaren doinuekin dantza egindakoa da bat baino gehiago”.

Urriaren 19an omenaldia
Urriaren 19ko omenaldia eskaintzeko ideia, Domingin zendu bezain laster bururatu zitzaien Incansables txarangako kideei, “argi ikusi genuen zer edo zer egin behar genuela. Merezi zuen. Herrian bertan, Erregeen kabalgata zela edo beste ekintzaren baterako musika behar zenean, prest azaltzen zen beti. Jendeak sekulako estimua zion. Bera Behar-Zana elkarteko bazkide finkoa zenez, haiengana jo genuen gure asmoen berri ematera. Oso begi onez hartu zuten ideia. Omenaldia Incansables txaranga antolatzen ari garen arren, laguntza handia jaso dugu gerturatu garen guztien aldetik. Jende asko ezagutzen zuen eta laguntza eskatu diegun guzti-guztiek baiezkoa erantzun digute”.
Omenaldia prestatzen buru-belarri lanean dihardute Incansableseko kideek, “urteak atzera txarangatik igarotako musikariekin banda osatu dugu. Gaztetan elkarrekin jo zuten lagunak ere gerturatuko dira. Bandako musikari kopuruari 45 laguneko muga jarri diogu, bestela 100era iritsiko baikinen. Bi abesti joko ditugu, horietako bat Leitzako bere lagun bertsolari batek abestua. Gazte garaian beste talde batzuetan elkarrekin aritu ziren beste musikari batzuk edota Oinkari dantza taldeak ere hartuko du parte, besteak beste. Musika entzutearekin batera, Dominginen bizi pasarteekin osatutako proiekzioa ikusi ahal izango da. Karlis argazkilaria arduratu da lan horretaz. Omenaldi hunkigarria, baina era berean alaia izatea nahi dugu: bera zen bezalakoxea”. Iluntzeko 20:00etan ekingo zaio omenaldiari eta ordubete pasatxoko iraupena izango du. Ondoren afaria izango da Aburuza sagardotegian, “nahi duen oro etor daiteke afaltzera. 300 lagun pasatxorentzako lekua du Aburuzak eta betetzea espero dugu. Izena Behar-Zana elkartean, Irrintzin nahiz sietemesino@incansablestxaranga.com helbidean eman daiteke”.
Informazio gehiago: www.incansablestxaranga.com.

Koadernatzaile lanetan
Musikari ez ezik, koadernatzaile lanetan aritu zen urtetan Domingin. Zizurkilgo Aristegi inprentan egin zuen lan aurrena. Gerora bere koadernatzaile tailerra zabaldu zuen Zizurkilgo Bulandegi bidean. Larramendi Bazkunak Amasa-Villabonako historia jasoaz osatutako Lumane bilduma ugari koadernatu zuen, banaka-banaka, eskuz, txukun-txukun. Asko eskertu zuen lan hori berari eskaini izana, gainera.

Behar-Zana, bigarren etxea
Behar-Zana elkarteko Jose Luis Iguaran, Jesus Mari Clemente eta Migel Mari Zurutuza ‘Potxolo’k, Domingin laguna gogoratu eta berekin bizitako hainbat pasarteren berri azaldu dute.

Lehenik eta behin, futbol jokalari gisa ekarri dute gogora Domingin, “Errebote plazan zuhaitzik ez zen garaian, atezain bezala jokatzen zuen Dominginek Villabonan. Jertsea jantzita jokatzen zuen beti, bibotearekin. Arconada txikia zen”, azaldu du txikitatik laguna zuen Jose Luis Iguaranek, “jenio bizia zuen arren, oso gizon ona zen”. Jesus Mari Clementek 1983 urtean, Villabonara etorri geroztik, harreman estua egin zuen Dominginekin, Aristegi inprentan eta elkartean bereziki, “tute eta mus txapelketetan bikote izan ginen urtetan. Batzuetan atzera geratzen ginen, baina txapelketaren batzuk irabazi ere egin genituen”, aipatu du. “Beti laguntzelo prest egoten zen. Oso borondate oneko gizona zen, arazorik sortzen ez zuena”. ‘Potxolo’k ere elkartearen bidez zuen harreman estua Dominginekin, “jaten zuena baino janari gehiago ekartzen zuen beti elkartera, ondokoari emateko. Gutxi jatekoa zen bera, baina eskuzabala zen. Gizon naturala, jendearekikoa, herrikoia. Jatorra zen oso, gehiago ezin izan”.

Sukaldean artista
Elkartean milaka pasadizo bizitu zituzten elkarrekin. “Lanetik atera, erosketak egin eta 18:30ak aldera egunero zuzenean etortzen zen Behar-Zanara, elkarte berri nahiz zaharrera. Bere bigarren etxea zen. Afaldu eta gero 22:00etan etxera abiatzen zen, puntual-puntual. Elkarte zaharrean, Inaxio Sarasola ‘Ibarrazpi’rekin afaldu zuen urte luzetan, gauero-gauero”, azaldu dute. Sukaldean, esaterako, oso esku ona zuela ere gaineratu du hirukoteak, asko saiatzen zela. “Sardina-zaharrak ikaragarri gustatzen zitzaizkion eta oso ondo prestatzen zituen. Artista zen sardinei azala kentzen. Askotan, bazkideren batek etxerako hala eskatuta, bi kaxaka sardina igual garbitzen zituen gutiziaz. Patata tortilla ere oso goxoa prestatzen zuen: Ahal bazen, tipulina fresko eta baserriko arrautzekin. Ikaragarri gustatzen zitzaizkion arkume txuletillak piperrekin eta potxak, potxak bereziki. Beragatik egunero jango zukeen bazkaltzeko potajea. Inauterietara txarangarekin joan eta aste osoa potxak jaten aritu zela zioen”. Elkartera etorritakoan, bakeroen pelikulak ikustea gogoko zuen, “borrokan hasten zirenean pelikula ona zela esaten zuen, bestela ez: ez zitzaiola gustatzen”.

Aisialdian, gizon bakartia
Denbora librean, eguraldi ona zenean, bere motorra hartu eta Leitzaran aldera abiatzen zen maiz, “eguzkia hartzeko arroka artean jartzen zen, inork ikus ez zezan. Leitzaranera bezala, Andezarrateko bidetik barrena motorrean Iturriotzera joatea ere oso gogoko zuen. Irratia entzunez gustura egoten zen bertan. Goizueta edo Leitza aldera ere asko jotzen zuen, baita Zizurkil gora ere. Bakarrik ibiltzea gustatzen zitzaion”.
Itxurari dezente erreparatzen ziola aipatu dute lagunek, ileari batik bat. “Asko zaintzen zuen ilea. Urtero ileapaindegira joaten zen udazkenean. Kolorea ere ematen zuen, ez baizitzaion ile txuririk edukitzea gustatzen. Hotza zenean ere ez zuen txapelarik janzten, ez baitzuen ilerik erortzerik nahi”.
Aurreko orrian txarangako kideek aipatu legez, Osasuna futbol taldearen jarraitzaile amorratua zela aitortu dute Behar-Zanako kideek ere, “oso zalea zen, %100a. Telebistan partida ikusten aritu arren, irratia belarrian hartuta egoten zen. Osasuna galtzen ari zen kasuren batean irratia lurrera bota ere egin zuen. Oso gaizki pasatzen zuen Osasuna partidak galtzen ikustean. Tarteka, Patxi Altuna lagunarekin batera, Iruñeara joaten zen partidak zuzenean ikustera”.
Txisteak kontatzea ere gustatzen zitzaion. Lagunen esanetan, “motzak eta txarrak kontatzen zituen, baina berari kontatzen hasterako, izugarrizko grazia egiten zien”.

Kide maitatua
Herrian oso maitatua zela diote, edonorekin hitz egiten zuela. Borondate oneko gizona eta langilea zela, “Behar-Zana elkartearen festako danborradako entseguak antolatzen zituen, aurrez tortilla prestatzen zuen nahi zuenarentzat gainera. Herriko kabalgatan ere urtero hartzen zuen parte, besteak beste. Txarangako kide maitatua zen eta musikari ona gainera. Hain gorputz txikia izateko, indar handia zuen. Oso tronpeta-jole fina zen”.
Bere izaeragatik, herrian nahiz elkartean egin duen lanagatik, urriaren 19ko omenaldia oso merezia duela uste dute. Gogo onez hartu dute eurek Incansables taldearen ideia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!