Ehiza-postuen afera, bizi-bizi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:36

Udazkeneko hego haizearekin batera, laster iritsiko dira usoak gure mendietara. Larraulen kezkaz bizi dute ehizaren inguruko Foru Araudiak euren zaletasunean izan dezakeen eragina.

Ehun eta hogei ehiza postu pasatxo dago Larraul inguruan, gehienak jabetza pribatuko sailetan. Orain arte, ehiztariek lurjabeekin hitzartutako akordio bidez egin izan dira postuak. Postu ezberdinen arteko liskarrik eta arazorik egon ez zedin, euren artean ere adostu izan dute postuen kokapena eta elkarren arteko distantzia.

Araudi berria
Uztailean indarrean sartutako ehizaren inguruko Foru Araudi berriak hori guztia arautu nahi du, ordea. Iñigo Mendiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuburua da: “Gipuzkoako ehiza pasabideetako lerro eta postu baimenduen erregistroa sortu da araudi horren barnean. Larraulgo lerro horretan laurogeita sei postu erregistratu dira guztira. Postu horietatik kanpo ezingo da ehizarik egin. Horietan ehizatu ahal izateko, gainera, zozketa sistema bat osatu beharra dago eta horretarako, beharrezkoa da ehiza elkarte bat sortzea”.

Bi urteko bidea
Duela bi urte eskas, Foru Aldundiko kideek bilera deitu zuten Larraulgo ehiztariekin, egoera berriaren berri emateko: “Bertako postuetan ehiza egin ahal izateko, elkartea sortu beharra zegoela jakinarazi genuen. Elkarte horrek izango du zozketak bideratzeko ardura. Momentuz Larraulen ez dute elkarterik sortu eta honenbestez, ezingo dira postu horiek erabili. Erotu gabe, baina araudia betearazten saiatuko gara”, azaldu du Iñigok.
Larraulgo ehiztariak haserre daude. Antselmo Larrartek hartu du hitza: “Araudi berria sortu dela esan digute, eta legeak agintzen duena egin behar dugula. Nik, ordea, ez dut ulertzen zergatik sartzen diren Larraulgo postuekin eta ez beste zenbait herrietakoekin. Inguruko zenbait herritan ez da batere zozketarik egiten eta haietan ez da arazorik sortu. Ernio-Gazume parke naturalak eragiten digulako omen da, baina ni ez nago ados arau berdinak modu ezberdinean ezartzearekin. Nire iritziz ez dira gauzak ondo egin. Foru Aldundiko kideek esan zigutenez, herrian elkarterik sortzen ez den kasuetan, Aldundiak berak hartuko du postuen zozketa antolatzeko ardura. Haiek hau guztia antolatzen ez badute, garbi geratuko da euren hitza betetzen ez dutela”.

Elkartea
Antselmok argi du Larraulen ez dela elkarterik sortuko: “Elkartea eginez gero, postu bat elkartearentzat geratzen omen da. Nork hartu behar ditu lan horiek postu bakarraren truke? Ez dut batere garbi ikusten”. Larraul inguruko ehiza lerroan, gainera, beste hiru herritako sailak ere sartzen dira; Alkiza, Asteasu eta Errezilgoak. “Lau herritako sailekin osatu dute ehiza lerroa eta guri eskatzen digute elkartea sortu eta zozketak antolatzea. Hori txapuza dela iruditzen zait niri”.

Gizatasuna
Legearen gainetik, gizatasuna jarri behar dela dio Antselmok: “Araudia eta legeak aipatzen dituzte, baina horren gainetik gizatasuna dago eta gauzak egin direna baino askoz ere hobeto egin daitezke. Azken urteotan ehiztariak lapurrak baino okerrago ikusiak gaude eta oso gertutik zaintzen dute egiten dugun guztia. Urte asko joan dira Larraulen ehiza bake-bakean egiten. Ehiztarien artean hitz egin eta gauzak txukun egin dira, batere liskarrik gabe. Orain berriz aldaketa datorkigu eta ikusiko dugu zer gertatzen den”.
Etorkizunari begira, bere iritzia azaldu du Antselmok: “Badakit oso zaila dela ehiza garaia iritsi eta ehiztari bat etxean geratzea, baina nire iritziz horixe da egin dezakegun gauzarik egokiena. Bilera eta abokatuen artean hasi ordez, denak etxean geratzen bagara nondik ateratzen diren ikusiko nuke gustura”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!