Krisialdiari aurre hartuta, bide berriak irekiz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2013ko urr. 3a, 10:34

Ana Jandula andoaindarrak, garai ilunetan aurrera begirako apustua egin eta Kale Nagusia 45ean Keinu bordatuen denda ireki berri du. Ilusio eta gogo biziz ageri da.

Andoaingo Kale Nagusian denda asko itxi da azken urteotan. Zu irekitzera animatu zara... Zer moduzko hasiera izan duzu?
Duela hilabete zabaldu nuen denda. Aurrez inaugurazioa egin genuen eta jende asko gerturatu zen. Pozik nago, kontentu.
Denda zabaltzeko nire momentua zela konturatu nintzen. Duela bi urte langabezian geratu nintzen eta laster langabeziako diru-laguntza amaitzen zitzaidanez, bide berriari eutsi behar niola erabaki nuen. Badakit ez direla garai onenak, baina argi nuen hauxe zela nire momentua. Ez nuen buruan nerabilen ideia gauzatu gabe utzi nahi. Aurrera egitea erabaki nuen eta gustura ari naiz.

Besteak beste, bordatuak egiten dituzu dendan. Aurrez ere hariarekin lana egindakoa al zara?
Ez. Aurreko nire lanak ez zuen bordatugintzarekin zerikusirik: harakina nintzen. Baina duela hamar urtez geroztik, bi bordatzeko makina nituen etxean. Erabiltzen ez nituenez, saltzekotan egon nintzen, baina ezin izan nituen saldu. Harategian lanean ari nintzenean eroso nengoen eta ez nion gaiari buelta gehiagorik eman, baina duela hiru urte, lanik gabe geratu aurretik, Ontzerri futbol taldearentzat nahiz taberna batzurentzat kamisetak bordatzen hasi nintzen, etxean eta tarteka. Lanik gabe geratu nintzenean, bordatzeko makinei etekina ateratzea erabaki nuen eta etxe ondoko denda batean nire lana eskaintzen hasi nintzen: umeentzako mantak, motxilak eta mantalak bordatzen. Erantzun ona zutela ikusitakoan, eskaintza zabaldu egin nuen Amasa-Villabona, Tolosa, Hernani nahiz Donostiara. Denden alorra landutakoan, elkarte nahiz tabernetan ere logotipoak bordatzeko aukera eskaini nuen. Pixkanaka lana pilatzen joan zitzaidan eta etxean aritu beharrean denda zabaldu behar nuela iruditu zitzaidan. Lokala bilatzen hasi nintzen orduan.

Pentsatu eta egin, beraz…
Hasieran beldur pixka bat ematen zidan Andoainek, baina oso pozik nago bertan denda irekitzeko apustua egin izanaz. Herritarrek nahiz inguruko dendariek asko lagundu didate. Denda irekitzea ez da batere erraza, kosta egiten da erabakia hartzea: paper asko bete behar da, dirua aurreratu… Andoain mailan, Kale Nagusia pixkanaka bizitu egingo dela uste dut. Zaila izango da lehengora iristea, baina denda berriren batzuk zabalduz, giroa indartuz joango da.  

Zer nolako harrera du bordatuak egun?
Jende gehienak ez du egun bordatu hitza ulertzen. Aspaldiko lana iruditzen zaie gehienei, bastidorearekin egiten den zerbait. Baina gaur egun oso bestelako lana da. Bordatzeko bi makina ditut, industrialak, hamabi koloretako hariak hartzen dituztenak. Bordatu beharreko irudi edo logotipoa ordenagailuan diseinatu eta disketea makinan sartutakoan, berak egiten du lan guztia. Hari koloreak ere berak aldatzen ditu. Edozein diseinu egin daiteke, norberak nahi duena.
Lan ezberdinak egiten ditugu: taberna, elkarte nahiz futbol taldeetako logoak, txapelketetarako txapelak, festetako zapiak, banderak, ikastolarako mantalak, motxilak, txikientzako mantak, esku-oihalak, toailak, ezkontzetako aliantzak, zapiak, biserak edota arropa ezberdinak bordatzen ditugu, besteak beste. Aukera zabala eskaintzen du bordatuak, gauza orijinalak egiteko modua.

Bordatzeaz gain, eskaintza zabalagoa ere baduzu…
Nik bordatuak egiten ditut, baina dendan halako erakusleihoa izanda, eskaintza zabaltzea pentsatu nuen. Beraz, baserritar jantziak eta nire gustuko arropa ere saltzen ditut, haur nahiz helduentzat. Jende ugarik galdetu dit konponketak egiten ote ditudan. Nik ez dut halakorik egiten, baina lan horiei erantzuteko pare bat jostunekin harremanetan nago. Guk partxe pertsonalizatuak egiten ditugu: Batman, Ramones, AC/DC…, bakoitzak nahi duen gisakoa.

Bertako bezeroak izango dituzu gehienak, edo?
Andoain eta inguruko herritarrak ere gerturatu zaizkit. Baita Irundik ere. Izan ere, Irun, Errenteria, Lasarte nahiz Donostian dendak dituzten etxe batentzat lan egiten dudanez, haiek bidalita ere gerturatzen zaizkit bezeroak. Ostiraletan banaketa egiten dut kanpoko herrietara eta kanpotik etortzen zaidan lan horri erantzuteko, arratsaldetan tarte batean nire kabuz aritzen naiz lanean denda itxita daukadala. Bezeroentzako ordutegia: 09:15-13:30 / 18:00-20:00.

Oliva Caballero jostunak Oliva Titare eta Kafea denda zabaldu zuen martxoan Kale Nagusia 1ean. Egindako aukerarekin gustura, bere bidearen berri azaldu du andoaindarrak.

Joan zen martxoan eman zion hasiera Olivak aspaldian buruan zerabilen ideiari, “bizitza guztia joskintzaren inguruan lanean  ibilia naiz, alor guztiak landu ditudala esango nuke. Gaztetan administraritza ikasi ondoren, tailer batean hasi nintzen lanean. Abrigoak konpontzen jarri ninduten lehenik eta pixkanaka, tailer hartako lan ezberdinak ikasi nituen, arduradun izatera ailegatu arte”. Geldirik egotekoa ez dela eta ordenagailuz patronaia industriala ikasteari ekin zion gero, “The North Company etxean praktikak egin eta lanerako hartu ninduten. Hango diseinu taldeari euren proposamenetako zein josi zitekeen eta zein ez esatea zen nire eginbeharra. Lan horrek, ordea, China edota Hong Kong-era bidaitzera behartzen ninduen eta ez zen bi ume txiki izanda egiteko moduko lana. Gisa horretarako lanetarako ez da familia ardurarik eduki behar. Ondorioz, lana utzi eta langabezian geratu nintzen”. Geroztik, Andoaingo La Salle ikastetxeko jangelan egiten du lan haurrei otorduak banatzen. Bere buruari, ordea, ‘zer gehiago egin nezake?’ galdera egiten zion. Orduantxe sortu zitzaion denda zabaltzeko ideia. Joskintzarekin lotutako denda, noski: “nire burua horretantxe ikusten baitut seguruen”, azaldu du.

Birziklaiaren kultura
Denda zabaltzea batere erraza ez dela azaldu du Olivak, “airean geratzen den diru mordoa aurreratu behar da paper ezberdinak egiten. Eskerrak josteko makinak jada banituen eta inbertsiorik handiena egina nuen. Bestela, benetan zaila da egun norberaren negozioa martxan jartzea”. Kale Berrian nahiz Kale Nagusian begira aritu ondoren, Kale Nagusiko lokalaren aldeko apustua egin zuen, familiarekiko gertutasunagatik, kokalekuagatik nahiz lokalaren nagusiarekin oso ondo moldatu zelako. Behin pausoa ematera ausartu ondorenean, oso pozik dago egun hartutako erabakiarekin, “arropa konponketei lotuta bereziki, lan asko daukat oraintxe. Egun, jendeak armairu bazterrean gordetako arropa zaharkituak konpondu egiten ditu, ukitu moderno eta femeninoa eman eta aurrera. Niri oso ona iruditzen zait birziklaiaren kultura”. Neurrira josten ere hasi zen Oliva, baina baztertu egin zuen aukera hori, “neurrira arropak josteak lan handia eskatzen du, ordu asko aritu behar duzu lanean eta bezeroak ez du hori ikusten. Haientzat garestia da emaitza eta guretzat merkea, egin dugun lanaren truke. Konponketak, berriz, askoz ere garbiagoak dira. Lan bakoitzaren prezio taula egina daukat eta horren arabera jakiten du bakoitzak eskatzen duen lanaren kostua”. Denetariko konponketak egiten ditu Titare eta Kafea dendan, “josten ez dakien jende sortzaile ugari etortzen zait, ideia buruan oso garbi daukana. Haiek esandakoa egiten ahalegintzen naiz ni”. Emakumezkoak gerturatzen zaizkio batik bat Olivari, baina gizonezkoak ere bai tarteka, “agian lotsatiago etortzen dira gizonak, baina oso ondo moldatzen naiz haiekin ere. Oso bezero jatorrak ditut”. Jostunarena langintza polita da elkarrizketatuaren ustez, baina ordu asko eskatzen duen lana izateaz gain, bakartia dela azaldu du,  eta ondorioz, oso gustura hartzen dituela bisitak. Jostunaren langintzarekin lotuta aukeratu zuen dendaren izena ere: Titare eta Kafea, “jostunaren inguruan beti izango da irratia eta zer esanik ez kafea; kafearen ordua sakratua da. 50 urtez gure etxean egon den Marconi irrati zaharra hortxe daukat erakusleihoan, barruan irrati berriagoa. Bestalde, leku atsegin eta goxoa sortu nahi nuen eta dendan itxarotea egokitzen zaion bezeroari eskaintzeko kafe makina ere badut”.

Mila esker familiari
Konponketak egitearekin batera, ume arropa neurrira josten du, festetako blusak, inauterietako mozorroak…,  baita baserritar jantziak ere. Aurrera begira ikastaroak eskaintzeko asmoa ere badu, “jende askok galdetu dit ikastarorik eskaintzeko asmorik ba ote dudan eta halako interesa  ikusita, lan errazak egiten erakusteko tailerra martxan jarriko dut seguruenik”. Arratsaldez hiru orduz zabaltzen du denda bezeroei begira, “gainerako orduetan barruko tailerrean aritzen naiz lanean”. Bere familiari eskerrak eman nahi dizkio Olivak, “askoz ere denbora gutxiago dut orain haiekin egoteko eta eskerrak eman nahi dizkiet nire egitasmoa gauzatzen asko lagundu didatelako. Eskerrak herritarrei ere, erakutsi didaten jarrera onagatik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!